Palestinako poesia musikatua, Ortzaizeko Mentan

'Un café en Palestine' ikusgarria emanen dute Ortzaizeko Mentan, heldu den asteazkenean, hilaren 22an, 18:30ean. Etekinak Palestinako artistendako izanen dira.

Menta liburu dendaren lehen urteurreneko besta, 2022an, Ortzaizen. EMMA GIRBON
Menta liburu dendaren lehen urteurreneko besta, 2022an, Ortzaizen. EMMA GIRBON
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko apirilaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Palestinan gertatzen ari dena ez ahazteko eta sostengua oraino beharrezkoa dela oroitarazteko, gaualdi bat antolatu du Ortzaizeko Menta liburu dendak: Un café en Palestine (Kafe bat Palestinan) ikusgarria emanen du La Fabrique Affamee konpainiak bertan, apirilaren 22an, 18:30ean. Mentako eramaile Charlotte Rousseauk argi utzi du: «Gerla ez da bukatua, eta beraz, gure sostengua ere ez. Manera bat da errateko ez dugula ahazten». 

Poesia eta musika nahasten dituen ikusgarria da; izan ere, Madda Luzzi musikariak kantatuko eta musikatuko ditu artista palestinarren poemak eta ipuinak. Parte hartzeko izena eman behar da, eta prezio librean izanen da ikusgarria. Rousseauk erran du etekin guziak Gazako artistei igorriak izanen zaizkiela. Hazparneko konpainia da La Fabrique Affamee; erbestea, herria uztea, esperantza eta antzeko gaiak tratatzen dituzten poemak eta kondairak bildu dituzte sortu duten lanean: «Poesia ahanzturaren kontra», laburbildu dutenez. 

Rousseaurentzat garrantzitsua da halako ekimenak antolatzea. Liburu dendan Palestinari buruzko liburu hautaketa bat egina du aspaldian, eta ikusgarria ber ildoan kokatzen dela erran du. «Palestinarekiko sostengua Mentan beti hor den gaia da». 

Denda baino gehiago

Bost urte pasatu dira Rousseauk Ortzaizeko liburu denda plantan ezarri zuenetik. Harendako «ez da bakarrik denda bat». Hori baino gehiago da: «Usu, jendearen ideia da liburuak intelektualendako direla, eta hori pixka bat hausteko manera bat da gertakariak antolatzea, jendea errazago hurbilarazteko», erran du. Lan hori eramateko, hain zuzen, Xarbota elkartea sortu zen duela urtebete, Mentaren inguruko gertakarien antolaketaz arduratzeko. «Lagunak bildu dira hor, eta izugarri interesgarria da ikuspegi desberdinak dituztelako, eta gauza berriak ekartzen dituztelako». Aitortu du «frustragarria» izan daitekeela, lan handia baita gertaeren antolatzea, eta jende guti biltzen baita batzuetan. Baina, dena den: «Mentaren izpiritua ez da jende saldoak biltzea. Berdin du, guti izanik ere, egiten duguna egiten segitzen dugu». 

Halere, Rousseauk ingurukoen eta bezeroen sostengua beharrezkoa dela oroitarazi du. Berriki, sare sozialetan mezu bat zabaldu du oroitarazteko Menta sostengatzeko bide anitz direla eta denen beharra badela. «Badakit garai zailak direla ekonomikoki jendearendako, eta ez ditut batere kulpabilizatu nahi. Normala da garaiotan ez izatea lehentasunezkoa liburuak erostea. Baina jendeari ulertarazi nahi nion badirela sostengatzeko manera desberdinak, anitz pagatu gabe», erran du. Momentuz, egoera ekonomiko aski osasuntsua du Mentak, baina zailtasunak handitu gabe nahi izan die dei egin ingurukoei. «Liburu denda batzuk egunetik biharamunera hestera behartuak dira, eta aski bortitza da jendearendako; horregatik, horretara arribatu gabe nahi izan dut komunikatu», azaldu du. 

Bestalde, azken urtean, Menta liburu denda ibiltaria sortu du kamioi batean: hainbat herritan ibiltzen da, eta halako arrakastarik ez zuen espero: «Kuriositate handia pizten du, eta jende berria hunkitu dugu». Gerora begira, Rousseau ez da «batere pesimista», Mentaren inguruan dinamika kolektiboa sortu dela argi du, eta irauteko, justuki, hori hauspotzea beharrezkoa zaio. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA