Palestinari elkartasuna, Zuberoatik Lapurdira

Palestinarekiko elkartasuna sustatzen duten Zuberoako eta Lapurdiko bi kolektibok elkarrekin egin zuten Iparraldeko Carrefourren boikot deialdia; oraingoan, hitzaldi ziklo bat antolatu dute.

Palestinaren aldeko manifestazioa
Palestinari elkartasuna adierazteko manifestazioa, Baionan, iazko azaroaren 4an. GUILLAUME FAUVEAU
Joanes Etxebarria.
2024ko martxoaren 29a
05:05
Entzun

Iragan urriaren 7az geroztik, Israelen eta Palestinaren arteko gatazkak beste neurri bat hartu du. Ipar Euskal Herrian Palestinarekiko elkartasun mugimendua berria ez bada ere, data horretatik goiti talde berriak agertu eta doi bat desaktibatuak zirenak berpiztu dira, Zuberoan bezala. Atzo, Lapurdiko Palestinarekin Elkartasun Taldeak (PEK) Pierre Stambul Bakearen Aldeko Frantziako Batasun Juduko kidearen hitzaldia antolatu zuen Baionako Epaiskan; bihar, 10:30ean, Mauleko Tokia antzerki taldearen egoitzan izanen da Stambul. Zuberoako eta Lapurdiko bi kolektibok elkarrekin antolatu dute, baita Carrefourren aurkako ekinbide bat ere.

Ziburun, berriz, apirilaren 5ean Zetaren Bideetako Musika Hariak zinema ikuskizuna antolatu dute, Itxaro Bordaren parte hartzearekin, Palestinako osasun laguntza sostengatzeko.

«Genozidioaren» kontra

Historikoak desberdinak dira. Zuberoan, baziren urteak BDZ kanpainari (boikota, desinbertsioa eta zigorrak Israeli) oihartzun egiten ziola talde batek. Azken denboretan erritmoz apaldua zen, baina joan den urtearen bukaeran Palestina Askatü kolektiboak erreleboa hartu zuen, taldeko kide Johanne Foirienen erranetan: «Ageri da badirela jendeak nahi dutenak elkartasuna adierazi Palestinari, eta, bereziki, orain gertatzen ari dena salatu». Iragan urriaren 13an elkarretaratze bat antolatu, eta, geroztik, larunbat goiz oroz biltzen dira Mauleko merkatuan Palestinari elkartasuna adierazi eta Israelen «sarraskia» salatzeko. 

«

Antolaketa lan handia behar da aste oroz elkarretaratzeak egiteko, eta jende gehiago behar genuke».

 

JOHANNE FOIRIENPalestina Askatü kolektiboko kidea

Lapurdin azken gertakariek ekarri zuten, Amaiur Etxeberrek dioenez, PEK taldearen sortzea: «Lagunartean elkartzen ginen aipatuz urriaren 7aren ondokoa genozidio bat dela eta behar zela zerbait egin, ezin ginela deus egin gabe egon». Manifestazio batzuk antolatu, eta Angeluko BAB2 merkataritza guneko Carrefour saltegiaren aitzinean boikot deialdia ere egin zuten. Mauleko Carrefourren aitzinean ere elkartu ziren, salatzeko saltegi horrek «konplizitatea duela Zisjordaniako okupazioan, eta paketeak eskaintzen dizkietela genozidioa egiten ari diren soldaduei».

Saretu nahian

Elkartasun dinamika horien eramaileek onartzen dute mobilizazio heina ez dela nahi luketen bezain handia; BAB2ko Carrefourrean egin protestan, adibidez, berrogei bat pertsona izan ziren, Etxeberren erranetan: «Eguberriz nahi genuen boikotari bultzada bat eman, nehor ez joateko Carrefourrera, baina ez da sobera martxan». Mauleko elkarretaratzeetan ere larunbatez larunbat parte hartzaileen kopurua ttipituz joan dela baieztatu du Foirienek: «Hastapenetik bagenekien denborarekin hatsankatuko zirela. Antolaketa lan handia behar da, eta jende gehiago behar genuke antolatzaileetan», ondorioztatu du. Donibane Garazin ostiral iluntzeetan biltzen hasi dira azken asteetan, elkartasuna adierazteko.

«Mobilizazioak oro debekatu dira, eta identifikazioak izan dira. Hori kolektiboki asumituko dugu».

AMAIUR ETXEBERPalestinarekin Elkartasuna Kolektiboko kidea

Foirienek ez du ahantzi hastapeneko mobilizazioak debekatuak zirela, eta Poliziaren presentzia handia zela: «Inportantea zen horri erresistentzia egitea ere. Azkenean, utzi gintuzten». PEK taldeak antolatu mobilizazio guztiak debekatuak izan dira, Etxeberrek oroitarazi duenez. «Identifikazioak izan dira, baina hori kolektiboki asumituko dugu», gehitu du. «Gauzak egitera» abiatu dira, eta, bi taldeen arteko harremanek Pierre Stambulen hitzaldiak antolatzea ekarri duten bezala, elkarlan handiagoa espero dute bi aldeetatik. 

Zuberoako dinamikan, aipagarria da Mauleko Herriko Etxea Xiberoa-Palestine kolektiboaren bultzatzailea zela iragan urriaren 7ko gertakariak arte. Prefetak, erraterako, agindu zuen kentzeko Mauleko herriko etxean zintzilikatua izan zen Palestinako bandera. Geroztik, hautetsiek Palestinarekiko elkartasun keinu gutxiago egin dituzte. Hamasen urriaren 7ko erasoaren interpretazio desberdinak egin ziren kolektiboetan. «Guretzat begi bistakoa zen urriaren 7ko gertakariak azken 75 urteetako indarkeria kolonialaren ondorio izan zirela», zehaztu du Foirienek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.