Pette Txipi. Ekintzailea: «Palestinarrek baino arrisku gutxiago genuen bala bat biltzeko»

Urriaren 6an sartu zen Txipi Zisjordanian, ‘Zeitoun 25’ oliben uzta kanpainan palestinarrak laguntzeko. Hilabete eta erdirako joan zen, baina hamar egunen buruan atxilotu eta kanporatu zuten.

Pette Txipi, bizkarrez. JOANES ETXEBARRIA
Pette Txipi, bizkarrez. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
2025eko azaroaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilabete eta erdiz Palestinan egotea pentsatua zuen Pette Txipik (Atharratze, 1988), Zisjordaniako laborariak laguntzeko oliben uztarekin. Uste baino egonaldi laburragoa egin zuen azkenean: urriaren 6an heldu eta hamar egun berantago atxilotu baitzuten, nazioarteko beste 31 ekintzailerekin batean; egun bat pasatu zuten Israelgo Poliziaren esku, eta beste lau preso, Jordaniara kanporatuak izan ziren arte. Ez du baztertzen hara itzultzea, eta horregatik ez du agertu nahi izan bisaia.

Zisjordanian, armada israeldarra oliben uzta trabatzen ari. PETTE TXIPI
Israelgo armada Zisjordanian, oliben uzta trabatzen ari. PETTE TXIPI
Nola deliberatu zenuen Palestinara joatea oliba uztarentzat?

Ez nuen gehiago jasaten ahal han agitzen ari zena, ezta Europako gobernuen pasibotasun eta konplizitatea ere. Badut uste populuetako laborarien eta langileen internazional bat existitu daitekeela, eta zerbait egiten ahal dugula. Hori da gertatu, preseski, nazioarteko laguntza eskaera bat atzeman bainuen, Palestinako zenbait laborantza egiturak kudeatzen duten Zeitoun 25 kanpainarekin lotua. Pentsatu nuen hori egiten ahal nuela: oliben uztan parte hartu, nazioarteko presentziak kolonoen bortizkeria anpletzen ahal baitu, eta lekukotasunak bildu. Laborariak kudeatzen ditu egoerak, berak bai baitaki zer egin:  erraten ziguna egin behar genuen guk, eta egoerak filmatu. Ontsa iruditu zait, eta joan naiz.

Egoera, alta, gogorra da. Hara heltzean, tentsioa agerikoa zen?

Bai, segidan. Harrigarria da mugan baden muturreko kontrol sionista, eta nolako ahalak dituzten. Sentitzen duzu mugak okupazio indarrek kontrolatzen dituztela, Israelek duela deliberatzen nor sartzen den Palestinara eta nor ez. Palestina hitza bera desagerrarazi dute, eta ez duzu aipatzen ere, turistarena egiten duzu. Denetan bada eraso eta krimen kolonialistak zilegitzen dituen erlijio estremismoaren propaganda.

«Sentitzen duzu mugak okupazio indarrek kontrolatzen dituztela, Israelek duela deliberatzen nor sartzen den eta nor ez»

Palestinaz zenekienaren eta han ikusi duzunaren arteko diferentziarik badea?

Badira telebistako hainbat erreportaje, palestinarrek egin dokumental batzuk ere bai, kolonoen bortizkeria erakusten dutenak. Ez dut gehiago telebista ikusten, baina pasarazten dizkidate nazioarteko elkartasunaz trufatzen diren politikari batzuen zentzugabeko deklarazioak, flotillarekin bezala. Hara heltzean, apartheida pairatzen duen lurralde okupatu batean sartzen zara: begi bistakoa da arrazismoa, eta giza eskubideen urraketa, etengabea. Masa hedabideek ez dute aipatzen errealitate hori, baina beste bide batzuetatik jakin nuen han atzemanen nuenaren berri. Aitzinetik irakurri eta ikusi nuena atzeman dut han, baina, gainera, bortizkeria azkartu zen garai batean iritsi nintzen Zisjordaniara.

Pasaporte frantsesarekin segur sentitzen zinen, ala batere ez?

Estatu batzuek Palestina ezagutu berritan iritsi ginen [Frantzia tartean zen]. Sinbolikoa zen, eta ez du erabaki konkreturik ekarri boikotatzeko, zigortzeko eta Israel gelditzeko genozidio eta kolonizazio horretan. Baina testuinguru horretan joan ginen, eta agerikoa zen haien instintu sadikoa kilikatzen zuela. Palestinarrek baino arrisku gutxiago genuen buruan bala bat biltzeko, baina, iragan urtean, gertatu zen; guk eraso handi bat pairatu dugun leku berean, 26 urteko nazioarteko ekintzaile bat hil zuten, bala batez. Ene egonaldi denboran ez dute nazioartetik joana zen nehor zauritu edo hil, baina palestinar bat bai: balaz zauritu zuten. Mehatxatuak eta arriskuan sentitu gara usu, nahiz eta beti bigarren lerroan izan, lekuko gisa. 

Dokumental egilea zara. Horretan ere aritu zara egonaldi horretan?

Proposatu nuen. Ez nuen ene materiala oro eraman; batetik, muga pasatzeko problematikoa izan zitekeelako, eta, bestetik, hango biolentzia guztiarekin ez nukeelako ahalik dena berriz erosteko. Gainera, lehen aldia zen jende horiekin elkartzen nintzela, eta, dokumental egile gisa, ene politika izaten da kamerarik gabe joatea lehen aldian. Baina azken orduan kamera txipi bat erosi dut, dokumentatzea galdetu baitziguten, eta, teknika menperatzen dudanez, domaia zitekeen ez deus filmatzea.

«Zisjordania da teorian libre behar lukeen Palestina gutxia, baina koloniak badira denetan, kontrolez inguratuak»

Zertan dira gauzak olibondoetan?

Kolonizazio estrategia da lehenik pertsona bortitzak presioa ezartzen hastea. Armada aitzin postu horietara heldu da gero, zona militarrak marrazten dituzte, eta palestinarrei lur horietan egotea debekatzen. Zona militarra kontrolpean dutelarik hasten dira eraikitzen eta hedatzen, batzuetan hiri txipiak bilakatu arte. Zisjordania da teorian libre behar lukeen Palestina gutxia, baina koloniak badira denetan, kontrolez inguratuak. Armadaren kontrolguneak, bide blokeatuak, auto lerroak bost orenez, jendea anbulantzietan hiltzen... Bizia halakoa da. Hiri palestinarretan ere polizia hor da, eta kolonoek desfile faxistak egiten dituzte. Guk Beita hirian eraso bat pairatu eta biharamunean, inguruko herri batera joan ziren kolono batzuk, eta tiroak bota zituzten airean meskita baten parean. Etengabe hola da. 

Nola gertatu zen zuen atxiloketa?

Baziren hamar egun han nintzela, beste batzuk bi egun lehenago heldu ziren. Lehenik, kolonoak eta armada agertu ziren. Egun batzuk lehenago Beita herrian 30 bat zauritu izan ziren, tartean bi balaz zaurituak, eta hamar bat ibilgailu erre. Atxiloketa gunean baziren bi urte palestinarrek ezin zituztela olibak bildu; iragan urtean kanpotar bat hil zuten, eta, urriaren 7ko erasoak aitzin, hamalau hilketa eta bostehun zauritu baino gehiago izan ziren. Kolonoak harriak botatzen hasi ziren, gasa bota ziguten, eta bukaeran egiazko tiroak izan ziren. Xehatu gintuzten. Baziren boluntario hebrearrak gurekin, eta negoziatzen saiatzen ziren, kolonoen erokeria lasaitu nahian. Azpimarratu behar da badirela batzuk: gobernua eskuin muturrekoa eta faxista da, eta barnetik ere kolapsatu daiteke. Esperantza pixka bat uzten du horrek. 

32 ekintzaile atxilotuak izan zineten.

Eta bi laborari palestinar; eskerrak askatu zituztela, haientzat beste lege bat baita. Horrek berriz agerian uzten du sionistek palestinarren aldeko edozein elkartasun keinu moztu eta hautsi nahi dutela. Eta hori egiteko ahalak badituzte. Oliben uztan laborariak laguntzeko ginen han, eta hori ere desegiten dute. 79 urteko militante bakezale bati bihotzarentzat zituen medikamentuak kendu zizkioten atxiloaldian; jendearen aurkako egiazko herra badute. Gauzak diren bezala erran behar dira, gauza txarrenak palestinarrek dituzte egunerokoan bizitzen; guk ikusi duguna elkartasunaren desegitea da. Ez dugu kolpe edo umiliaziorik jasan, baina bortitza izan da.

Zure inguruko jendeei aholkatzen diezu egin duzuna egitea?

Dinamika kolektiboan sinesten badute, bai. Elkartasun eta erresistentzia mugimendu pazifista hori kolektiboa baita, ez da Mendebaldeko heroiaren kontzeptuan sartzen. Faxismoaren gorakadarekin eta gizarte geroz eta indibidualistagoetan bizi garen honetan, horixe da gelditzen zaigun azken esperantza. Horretan sinesten duten pertsonak badira, eta nazioarteko elkartasunaren alde borrokatu nahi badute, gobernuek enpatia eta humanitaterik ez duten garaiotan, nik animatzen ditut egin dezaten. Populuetako langile eta laborarien internazional horretan sinesten dugu gobernu elitistak botatzeko. Bada borroka anitz eramateko, baina hor borroka antiinperialisten, antifaxisten eta ekologisten lehen lerroan gaude, sionismoa masakre ekologiko bat ere bai baita. Inguruan aipatzeko intentzioa dut, arriskuak leundu gabe, baina jendea aholkatzeko gogoa dut. Ekintza efikaza da bortizkeria horiek frenatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.