Panpa-lezka gehiegi heda ez dadin, auzolanean

Landare inbaditzailearen presentzia murrizteko lore bilketa eginen dute Aiherran igande honetan. Errotik kentzeko neurri gehiago behar direla uste dute.

Edonon ikus daiteke panpa-lezka. PATXI BELTZAIZ
Edonon ikus daiteke panpa-lezka. PATXI BELTZAIZ
Ekhi Erremundegi Beloki.
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Edonon ikus daiteke. Agertzen da larreetan, erreka bazterretan edo itsasertzean; landa eremuetan eta hiriguneetan. Herritar anitzi ezaguna eginen zaie panpa-lezka bistara, haren zurtoin berde luzeaz eta kolore zurixka duen luma itxurako panikula batez osatua. Jatorria Hego Ameriketan badu ere, azken urteetan anitz hedatu da Euskal Herrian, eta espezie inbaditzaile gisara hartua da gaur egun. Haren presentzia murrizteko edo errotik suntsitzeko iniziatibak abiatu dituzte tokian-tokian.

Asmo hori agertu dute Aiherran, erraterako. Aiherra Bizirik kolektiboak eta herriko etxeak herritarrei dei egin diete igande honetarako, herrian zehar garbiketa kolektiboa antolatzeko: panpa-lezkaren loreak bilduko dituzte, haziak heda ez daitezen. «Manera bat da aihertarrak inplikatzeko eta sentsibilizatzeko, denen arazoa baita. Esku ukaldi bat ematera etortzen ahal dira auzolanean», esplikatu du Maina Ithurralde laborari eta Aiherra Bizirik taldeko kideak.

«Heldu da panpa zango bat, handitzen da, garatzen da, eta bat-batean beste bat agertuko da ondoan, eta beste bat, eta beste bat... Emeki-emeki hartzen dute alimaleko lekua, eta besteena jaten dute»

MAINA ITHURRALDE Laborari eta Aiherra Bizirik taldeko kidea

Duela urte bat hasi ziren elkartzen panpa-lezkaren hedatzeaz arranguraturik. «Gure bazterretan anitz laketzen da, baina problema da agertzen den lekuetan nagusitzen dela, eta ez dela besterik ikusten, gainerako landareak itotzen baititu», esplikatu du Ithurraldek. «Hemen baziren larre batzuk non bazen denetarik, iratze, hurritz, elorri; hemengo landareak. Heldu da panpa zango bat, handitzen da, garatzen da, eta bat-batean beste bat agertuko da ondoan, eta beste bat, eta beste bat... Emeki-emeki hartzen dute alimaleko lekua, eta besteena jaten dute. Azkenerako, beste landareak desagertzen dira, eta hori baizik ez da gelditzen». 

Hortaz, landare aniztasuna galtzea da arrisku nagusia, Ithurralderen hitzetan. «Eta leku horiek ari dira zerratzen. Eman dezagun, guk badugu leku bat non ahuntzak uzten ditugun, non atzematen ahal duten denetarik; baina panpa ez dute ukitzen ahal, ez dira sartzen ahal ere hain landare azkarra eta gogorra den». Txikiak direnean kabalentzako bazka izan daiteke, baina heltzen denean ez da gehiago jangarria. 

Instituzioen esku

Harrigarri gerta badaiteke ere, panpa-lezka beti ez da gaizki ikusia izan, eta apaingarri gisara saldu izan dute luzaz. Gaur egun debekatua bada ere, etxe batzuetan aurki daiteke oraindik. Baina arazo nagusia eremu publikoan da. Aiherran, herriaren itzulia egin zuten landare inbaditzailea nagusitzen ari zen eremuak identifikatzeko, eta karta batean seinalatu zituzten guziak. «Kontrolik gabe ari da hedatzen, bereziki lurra hedatua izan den eremuetan: harrobietan eta hondakindegietan», seinalatu du Ithurraldek. 

Ekainean, herriko etxeak gutuna bidali zien herritarrei. «Guhaurek ere ez genuen sobera entzuna orain arte, ez genuen sobera kasu egiten, baina ikusten dugu leku anitzetan badela», esplikatu du Herve Parachou axuantak. Gutun bidalketarekin, herritarren artean kontzientzia piztea ukan zuten xede. Erran du egoki izan litekeela hemendik aitzina inguruko herriekin eta Euskal Hirigune Elkargoarekin gaia aztertzea, herri anitzetan baitute arazo bera. Igande honetan, loreak moztuko dituzte Aiherran, baina panpa-lezkaren hedatzea oztopatzeko landarea errotik atera behar da, eta horretarako tresneria berezia behar da. «Hori ezin dugu herritarrek gure gain hartu», abisatu du Ithurraldek.

Euskal Hirigune Elkargoak espezie exotiko inbaditzaileen zerrendan sartua du panpa-lezka, eta Open Lande elkartearen hainbat egitasmo sustatu ditu, komunikazio zerbitzukoek jakinarazi dutenez. Heldu den urrian iraganen den Klima Asteko programan ere hainbat ekinbide aurreikusiak dituzte gai honen inguruan. Akitania Berriak, berriz, Life nature coop cortaderia 2023-2028 programa plantan emana du. Mugaz gaindiko aliantzak garatzea eta sortzea dute helburu.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA