Laborantza biologikoa erresistentzian

Pestizidek eta ongarri kimikoek aztarnak uzten dituzte elikaduran, eta horrek ondorioak ditu osasunean eta ingurumenean. Ikerketa gero eta gehiagok diote pestizidek minbizia eragiten dutela. Laborantza biologikoa da aterabideetarik bat.

Traktore bat pentze batean glifosatoa barreiatzen, 2016ko artxiboko irudi batean. BERRIA
Traktore bat pentze batean glifosatoa barreiatzen, 2016ko artxiboko irudi batean. BERRIA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datu harrigarria da: 1990etik minbizi kopurua bi halakotu da. Faktore anitzek eragiten dute minbizia: tabakoak, alkoholak... eta ingurumen faktoreek ere bai. Apiril honetan, preseski, pestiziden erabileraren eta minbizi kasuen arteko lotura egiten duen ikerketa bat argitaratu du Nature Health osasun aldizkariak: baliteke pestiziden nahasketak —usu bat baino gehiago erabiltzen dira aldi berean— eragin nabarmena izatea minbizien kasuen gorakadan. 

Denbora berean, Frantziako Gobernuak Duplomb legea promulgatu zuen iragan udan; azkenean, herritarren mobilizazioa tarteko, legean ez zuten sartu azetamiprida baimendu beharra zuen neurria —bi milioi izenpe baino gehiago bildu zituzten neurri horren kontra—. Asaldaturik, Cancer Colere kolektiboa sortu zuten minbizia duten, izan duten edo hurbileko bat hark jota galdu duten herritar batzuek, Duplomb legeari kontra egiteko. Argi dute laborantza biologikoa dela aterabide bakarra eta minbizia politikoa dela. Adar bat sortu dute Ipar Euskal Herrian. Herritarren kexuari kasurik egin gabe, urte hasieran Laurent Duplomb senatariak beste lege proposamen bat aurkeztu du pestizida hori berriz baimentzeko.

Biharko Lurraren Elkartean (BLE) egiten du lan Sebastien Oillarburu animatzaileak. Laborariak laborantza biologikora pasatzen laguntzen ditu elkarte horrek, baita jadanik sail biologikoan ari diren laborariak ere. Esplikatu du hiru pestizida mota baliatzen direla laborantzan: herbizidak, fungizidak eta intsektizidak. «Ekoizten dutenaren arabera, bata edo bestea baliatuko dute. Herbizidak dira gehien baliatuak: ez da kario, eta emaitzak fite ekartzen ditu», esplikatu du. Molde batez edo bestez baliatzen ahal dira: zuzenean lurrera isuriz, edo lainoztatuz. Ondorioa da lurra, ura eta airea kutsatzen dituztela. XX. mendean garatu ziren pestizida gehienak, eta, batzuk debekatu badira ere, oraino baliatzen dira kaltegarri direnak. «Azkarrenak debekatuak izan dira. Orain baliatzen direnak ez dira hain eraginkorrak, baina halere egoten dira lurrean, eta, gainera, gehiago baliatzen dira, landareek, belarrek, onddoek eta intsektuek erresistentzia garatzen baitute», Oillarbururen arabera. Gainera, sorgin gurpil bat da: lurraren aberastasuna apaltzen da pestiziden eraginez, bioaniztasuna ere bai, eta bakterio oportunistendako sartzea errazagoa da. Gehiago dena: klima aldaketarekin, fenomeno hori areagotzen da. 

Argi utzi du Oillarburuk: label biologikoa da produktuak pestizidarik eta ongarri kimikorik gabe ekoitzi direla segurtatzen duen bakarra. Esplikatu du teknika batzuk badirela pestizidak erabili gabe behar bezalako uztak ukaiteko, hala nola lantzen diren barietateen aniztasuna bermatzea, lurrak oreka bat atzeman ahal izateko. «Zalantzan ezartzen du zerendako landu nahi dugun artoa hemen, adibidez, jakinik ez dela behar bezala pusatzen gure lurretan. Hor ohartzen gara gure inguruan aise errazago dela arto gorria baliatzea, tokiko barietatea baita. Azkenean, beste pentsatzeko molde bat ekartzen du», erran du. 

Elikagaietan diren ondorioei eta araberan diren arauei buruz, esplikatu du egun,elikagaien %4 baizik ez direla bahetuak ikusteko pestizida aztarnarik baduten, eta hor ere ez direla pestizida guziak aztertzen. Bestalde, erran du kontraerran bat gertatzen dela: Europako Batasunak pestizida batzuk debekatu arren, gero debekatuak ez diren herrialdeetatik inportatzen dira elikagaiak, hala nola Kanadatik eta Mercosur eremutik. «Boterean direnek ekoizpena baizik ez dute ikusten. Haien helburua gehiago ekoiztea da, ekonomikoki interesgarriagoa baitzaie. Horren froga da laborantza biologikoan aritzeko laguntzak apaltzen ari direla. Berdin zaie», salatu du. 

Aterabideen esperantza

Xexili Thoreau laboraria sail biologikoan ari da, eta BLE elkarteko kidea da. Azafraia eta fruituak ekoizten ditu Pagolan, eta duela bi urte bularreko minbizia izan zuen. «Badakit ongi zein diren minbiziaren eraginak, eta badakit zein diren pestizidek gure osasunean dituzten eraginak». Bularra igurztean bola ttipi bat sentitu zuen Thoreauk duela bi urte. Denborarik ez zuen galdu, eta berehala ospitalera joan zen. «Bizia hankaz gora ezarri zitzaidan. Minbizia nuela erran zidaten, eta ospitalera joan-jinak egitea bilakatu zen ene bizia», esplikatu du. Kimioterapia egin behar izan zuen, eta medikuek erran zioten zuen minbizi mota sendagarria zela. «Bataila bat izan da, hori segur. Baina argi utzi nahi dut sendatzea posible dela, eta posible dela kimioterapia batetik jalgitzea», erran du. 

Xexili Thoreau biologikoan ari den laboraria. Pagolan.
Xexili Thoreau, laborantza biologikoan ari den laboraria, Pagolan. HITZA

Esperantza mezu bat zabaldu nahi du Thoreauk. «Gauzak ongi egiteko dena dugu eskura. Ikerlariak, elkarteak, eskolak, laguntzak, bezeroak, laborariak...». Uste du neurri batzuk indarrean sartu beharko liratekeela: laborantza biologikoko produktuei BEZik ez aplikatzea eta Elikagaien Gizarte Segurantza plantan ezartzea. Biologikoan ari ez diren laborariekin pedagogia lana egin behar dela erran du, bestalde: «Uste dut agroindustriaren betebeharrak pairatzen dituztela. Biologikoan ari garenon kontra mintzo direlarik, pena ematen didate. Murru baten kontra doaz, eta ez dira ohartzen. Halere, sinetsia naiz emeki-emeki jendearen mentalitatea aldatzen ari dela». Erran du diagnostiko lan handia egin behar dela laborariak arlo biologikora pasatzen laguntzeko. «Eta posible da».

Halere, argi du kontsumitzaileek ere elikatzeko usaiak aldatu beharko dituztela. «Laborantza biologikoan ezin da dena egin, ez gara lantegi handiak bezala arituko. Egungo usaiak eta funtzionamenduak ikusirik, argi ukan behar da jaten duguna kasik urririk edo merke bada gu garela produktuak. Kasu honetan, jendea eritzea zaiela aberasgarri. Bada haserre izatekoa, baina sinesten dut jendearen erreakzio gaitasunean», segurtatu du. 

Edouard Exilar. Laborantza biologikoan ari den laboraria. 

«Aspaldian ohartua nintzen pestizida egile horiek berek dituztela kimioterapiak egiten»

Edouard Exilar.
Edouard Exilar, Baionan, iragan astean. EKHI ERREMUNDEGI BELOKI

Cancer Colere kolektiboko kide da Edouard Exilar laboraria. Lohitzüne-Oihergin du etxaldea, eta sail biologikoan ari da. Duela hogei bat urte, 6 urteko alaba galdu zuen minbiziaz. Haserre mintzatu da, eta argi du laborantza biologikoa dela alternatiba bakarra. Fleur Breteau militanteak sortu zuen Cancer Colere kolektiboa iaz: minbizia zuenean entzun zuen Frantziako Senatuak Duplomb legea onetsi zuela, eta haserre gorria piztu zitzaion orduan. Pestiziden debekatzearen alde ari da borrokan, minbizia duten eriak saretuz, kolektiboki. Exilar berehala sartu zen harremanetan Breteaurekin, eta kolektiboaren adar bat muntatu dute Ipar Euskal Herrian. 

Cancer Colere kolektiboa sortu zenean, berehala jo zenuen haiengana. Nolaz?

Kolektibo hori duela urtebete sortu zen, Duplomb legearen garaian. Azetamiprida berriz baimendu nahi dute lege horren bidez. Alta, bazuen bost bat urte debekatua zela. Minbiziarekin bizi den Parisko emazte batek, Fleur Breteauk, sortu zuen kolektiboa: bi aldiz ukan du minbizia, eta ospitalera sartu zelarik harritu zen, jende aise gazteagoak ikusten zituelako ber eritasunarekin. Emazte horrek erraten du: «Ez dut sekula pipatu, ez dut sekula alkoholik edan, eta eri naiz». Baina janariarekin eta ingurumenarekin arazo larri bat bada, eta haren elkarrizketak entzun nituelarik, segidan harritua izan nintzen. Lehen aldikoz ikusten nuen pertsona bat dena ulertua zuena.

Erran nahi baita?

Badu aspaldi kexu naizela. Laboraria naiz, 25 urtez laborantza konbentzionalean aritua. Duela hogei bat urte ene 6 urteko alaba galdu dut, minbiziaz. Urte eta erdiz Bordeleko haurren ospitalean egon ginen. Izugarrikeriak ikusi ditut han, ezagutu ditut 35 haur eri, minbiziarekin, eta bost atera dira bizirik. Ene alaba gaizki abiatu zen arrunt, lehen operaziotik arrunt huts egin dute buruan zuen tumorea, eta horretarik ez da sekula zutitu, ez da berriz mintzatu ahal izan. Geroztik, ari nintzen beharbada ene laneko moldean pestizidak eta ongarri kimikoak kaltegarriak zirela, eta, beraz, laborantza biologikora pasatu naiz. Baina beti ber kexuarekin. Eskuin-ezker ari nintzen erraten produktu horiek kaltegarriak zirela, ingurumena pozoitua zela, baina ez nuen nehon ere oihartzunik ukaiten. Cancer Colere kolektiboarekin, aldiz, bai, lehen aldikoz. Fleur Breteaurekin harremanetan sartu nintzen, eta geroztik hemen biltzen gara bospasei pertsona; salbu ni eta beste bat, denak eri dira, eta arras gazteak dira. Entseatzen gara komunikatzen, eta ekintza batzuk egiten.

FRANCE - Demonstration Cancer colere against Duplomb law
Cancer Colere kolektiboaren protesta bat, Parisen. MARY-LOU MAURICIO / CANCER COLERE
Duela hamar bat urte deliberatu zenuen laborantza biologikoan hastea.

Laborantza biologikoan hasi naiz, eta salmenta zuzena egiten dut. Gogoa nuen jendeari esplikatzeko janari txarra kaltegarria dela jendearendako eta ingurumenarendako. Aspaldian ohartua nintzen pestizida egile horiek berek dituztela kimioterapiak egiten. Fleur Bretauk erraten du: eri den pertsona bat errentagarria da. Osasun onean den bat ez. Dirua egiten dute jende eriekin.

Eta horren ondoan, sail biologikoan arituz, laguntza anitz kendu dizkigute, arlo horretarako espezifikoak zirenak. Pentsu gara. Dena egiten dute gure itotzeko. Eta gainera, saltegi biologikoetan saltzen dituzten mozkinak irabazi garbi handiarekin saltzen dituzte: ez badugu salmenta zuzenik egiten, dirua galtzen dugu. Gure denbora ez da pagatua, eta fakturak ez ditugu arras pagatzen ahal. Beharrik nik axuria saltzen dudala zuzenki, nahi dudan prezioan, baina ekonomikoki gure laborantza zailtasunetan da. Gastuak ere anitz igo dira, ezantzaren prezioa iaz halako bi da. Alta, guk ez dugu pozoirik hedatzen, ez dugu kutsatzen, eta ez dugu minbizirik hedatzen, baina halere, ezin bizia zaigu. Eta jende gero eta gehiago eritzen da, urte guziz beste 450.000 eri badira Frantzian: erdiak ingurumenari eta janariari loturik. Beste erdiak tabakoaren eta alkoholaren ondorioz. Urtero, 180.000 jende hiltzen dira minbiziaz. 2.500 kasu berri dira haurren artean urtero, eta horietarik 800 hiltzen dira. Horiek dira datuak, eta politikariek ez dituzte zientzialariak behatu nahi. Nahi dute gero eta jende gehiago eritu dadin.

Aterabiderik badela uste duzu?

Bai: janari biologikoan BEZ guzia kendu behar litzateke. Eta Elikaduraren Gizarte Soziala asmatu, eta bakoitzari 250 euro eman hilabetean janari biologikoa erosteko. Aterabideak badira, baina ez dute aparentziarik ere entzun nahi. Nahiago dute jendea eritu dadin. Harritzekoa da.

Kontsumitzaileen rola aldatu behar litzateke, ezta?

Bai. Ikusi behar da zer saltzen den supermerkatuetan: Nutella, Coca Cola... Pozoia dira. Eta haragiaren %90 hazkuntza industrialetatik heldu da. Kabala horiek ez dute belarrik eta argirik ikusten bizi guzian. Barazkiekin berdin: ereitetik uzta bildu arte 25 tratamendu egiten dira batez beste. Eta gehiago dena: pestiziden egileak direnek, Bayer, Corteva eta halako enpresek, minbiziaren kontrako tratamenduak ere egiten dituzte. Kimioterapia poltsetan Bayer idatzia da, pestizidetan bezala. Herra ematen du. Baina erranen dut: ez da aski minbizirik. Haurren minbiziak behar lirateke familia guzietan jendeak arazoa zein den uler dezan. Ez da aski haur eri. Nik badakit nola egiten den janari txarra. Baliatu izan ditut pestizidak eta ongarri kimikoak: orain, zientifikoak ohartuak dira kadmio izena duen metal astuna badela jaten dugunean:  fosfatoa duten ongailuetarik heldu da, eta laborari anitzek baliatzen dituzte. Laborantza biologikoan ez dugu baliatzen ahal, eta gure janarian ez da halakorik. Aterabide bakarra da janari biologikoa. Kontsumitzaileak erran dezake produktu biologikoak karioagoak direla, baina minbizi bat karioago da.

Ikus zer heinetakoa den eskandalua: haurren ospitalean bazara zure haurrarekin, gurasoak egoteko leku bat bada, Gurasoen Etxea: McDonald's fundazioak diruztatzen du. Ez da gezurra, bizi izan dut... Eta egoera horiek ikusirik, Cancer Colere kolektiboan direnek zinez begiak zabaldu dituzte. Arrazoi dute, zinez. Eriek eta laborariek ber etsaiak ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA