Pitzikeria dirudi, alta ezinegon berri bat sortu zait berriki, adimen artifizialarekin ekoizten diren pixa kolore irudiekin —ekologia mailan den zentzugabekeria aipatu gabe—. Irudiari begira jar gaiten.
Barnealdeko arte martzial klaseak berriz hasten direla jakinarazteko afixa, pixa kolore. Etxalde baten bisita eguna aurkezteko afixa, pixa kolore. Lapurtar herriko errugbi talde ttipiaren sartzearen afixa, pixa kolore. Azken aldietan, kolore horia nagusitzen da artifizialki sortzen diren irudietan.
Adimen artifizialarekin, edonork bere irudia sor dezake, sare sozialetarako, jostatzeko, salatzeko, iraintzeko, denbora pasatzeko edo komunikatzeko. Ekonomikoki ere interesgarria da, profesionala ez baduzu pagatzeko gaitasunik, edo nahikeriarik. Baina irudiaren estandarizatzeko bide bat gehiago, eta indartsua dakar. Sare sozialek jada hori ekarri zuten. Gure begiek, irudi metatze bat jasaten dute jada, zaporegabekoa jan eta jan ari gara, bulimikoa bilakatu da, gohaintzeraino. Grafismoan momentuko tendentziak segituz, modan diren ezaugarri artistikoak jarriko dira. Urririk diren tresna berriekin gainera —Canva aipatzeko hemen— pertsonaia eta ilustrazio berdinak atzemango ditugu edozein elkarte edo herriko bestaren eskuorrietan.
AA-k arimarik gabeko irudiak ekoizten ditu, artistaren pintzela edo sorkuntzarik ez hemen, sorpresarik ez, enoadura, hautu estetiko sinplifikatu eta estandarizatu bat, besterik ez. Baina badirudi autosuntsitzea datorrela. Habsburgo errege dinastia bezala, odol bereko ezkontzen ondorioz autoizorratzen ari dela dirudi teknologia berria. Pixa kolore hori nagusitzen da irudietan, makina bera irudi sintetikoz elikatzen baita, hots bere ekoizpenak jaten baititu, eritzen ari dela diote berezituek.
Anartean, pentsa daiteke AA-rik gabeko kalitate label bati, pestizidarik gabeko elikagaientzat egiten den bezala.