Zuzenbide irakaslea

Joana Falxa: «Politika penala gogorragoa bada, presondegietako populazioa handitzen da»

Kartzela barneko zuzenbidean aditua da Falxa. Presondegien «gainpopulazioak» kezka pizten dio, eta uste du «giza eskubideen balantza ahultzen» ari dela segurtasunaren izenean.

Joana Falxa Zuzenbideko irakaslea, Ainhize-Monjolosen, maiatzaren 2an. GUILLAUME FAUVEAU
Joana Falxa Zuzenbideko irakaslea, Ainhize-Monjolosen, maiatzaren 2an. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2025eko maiatzaren 11
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Presondegi barneko zigor zuzenbidean aditua da Joana Falxa (Ainhize-Monjolose, 1983), eta Zuzenbidea irakasten du Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. UEU Udako Euskal Unibertsitateko talde eragilean sartu zen otsailean, Ipar Euskal Herriko eragileekin diren loturak sendotzeko asmoz. Erran du joera «errepresiboa» areagotzen ari dela zuzenbide penalean: kartzelen «gainpopulazioa» da horren «erakusgarri». 

Baionako presondegian 160 preso dira, baina 70entzako lekua du. Zertan da presondegietako egoera?

Egoera biziki konplikatua da, gainpopulazio handia baita. Lotua da gure gizarteak zigor zuzenbidearen inguruan duen ikuspegiari: biziki errepresiboa da. Zigor zuzenbidearen eginbeharra zigortzea da, egia da hori, baina badira momentu batzuk zeinetan hurbiltzen ahal den zuzenbide arinago eta ez hain errepresibo batera, eta beste batzuk zeinetan arrunt errepresiboago izaten ahal den. Badu orain hogei bat urte biziki errepresiboa dela, bereziki Nicolas Sarkozyren garaitik, eta horrek badu eragina presondegietan: politika penala gogorragoa bada, presondegien populazioa handitzen da. Frantzian hilabete guziz gainditzen ari dira gainpopulazioaren markak. Harrigarria da ez harrabots handiagoa eragitea, presondegiak lehertzeko puntuan baitira. 

Berriki Frantziako Gobernuak erran du presoek kartzelaldiaren parte bat pagatu beharko luketela... Nola ikusten duzu?   

Politikoki ematen dituzten aterabideak arrunt deskonektatuak dira presondegietako errealitatetik. Presoek kartzelaldia pagatu behar izatea zentzugabea da. Neurri populistak dira, gogoetarik galdegiten ez dutenak. Presondegiei buruzko mezu guziak biziki sinplistak dira, gizarte guziak baduelako iritzi bat zigor zuzenbideari buruz eta presondegiari buruz. Baina ez da errezeta magikorik gizarte bat ahal bezain baketsua izateko, edo, bederen, gatazkak ez zigor zuzenbidearen barnekoak bilakatzeko. Alta, egun ez gara batere gogoeta maila horretan. Zuzenbide primario batekin funtzionatzen dute: delitu bat bada, zigortu behar da, eta zigortu behar da gogor. Jendeak pentsatzen du presondegi kondenak zuzenean eraginen duela pertsonarengan eta gizartearen bakean, baina hori biziki epe motzeko gogoeta da. Gisa horretan ez da plantan ezartzen aterabide iraunkorrik.

«Politikoki ematen dituzten aterabideak arrunt deskonektatuak dira presondegietako errealitatetik. Presoek kartzelaldia pagatu behar izatea zentzugabea da. Neurri populistak dira, gogoetarik galdegiten ez dutenak»

Zer ondorio ditu gainpopulazioak?

Sistemaren funtzionamendu okerra agerrarazten du. Sistema berez ez da ona, baina, gainpopulazioa izanik, gutiago. Justuki, sisteman gaizki den guzia okertzen du. Eta ondorio zuzenak ditu presoentzat; adibidez, lanaren arloan. Lan biziki guti bada presondegietan; gaizki pagatua da, eta lan zuzenbidea ez da aplikatzen. Baina, gainpopulazioaren ondorioz, jende gutiagok du lanpostuak lortzeko aukera. Horrek kalte egiten dio presoen bizi mailari, eta pobrezia areagotzen du. Gainera, duela zenbait urte zigorrak apaltzeko sistema aldatu zuten, eta gainpopulazioa emendarazi du horrek. Lehen, preso sartzen zirenek kredituak bazituzten, eta sartzen zirenetik bazekiten hainbat egun gutiago eginen zituztela, salbu zigortuak baziren. Hori aldatu dute, eta orain epaileak du erabakitzen zigorra bete arau zenbat egun gutiago egin behar dituzten. Baina erabaki hori baldintzatua da, eta, besteak beste, lana izatea da baldintzetarik bat. Lan guti denez, bermeak ez dituzte errazki betetzen ahal, eta, beraz, gehiago egoten dira preso. Mekanika guzia egina da gauzak okerrera joateko.

Testuinguru orokorrago bati lotua da?

Bai. Segurtasunaren izenean, giza eskubideen balantza ahultzen ari da, eta gizartea hein handi batean prest da horrentzat. Hori da beldurgarriena. Segurtasunari lehentasuna ematen zaio. Ados, ez dugu maite arriskua, nehork ez du maite, baina gure gizartea bereziki alergikoa zaio arriskuari. Segurtasun sentimendu gisa saltzen duten hori ezartzen dute gure askatasunen gainetik. Ez dut uste denek hala pentsatzen dugunik, beharrik, baina iruditzen zait oro har hori nagusitzen dela.

Batzuek diote presondegiak laborategi direla gero gizarte osoan eskubideak murrizteko. Hala da?

Zaila da segurtatzea, baina ez ninduke harrituko, erraza baita: baduzu populazio bat, hetsia, eta gizartearen begietan zilegi da hetsia izatea, gainera. Gizarteak onartzen du haien eskubideak murriztuak izatea, eta hori da gaiaren muina. Presoak hetsirik dira leku batean, mugimenduak murriztuak dituzte, baina gauza gehiago ere bai: familia eskubideak, justizia eskubideak, adierazpen askatasuna, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak... Askatasun publiko guziak, finean, eta hori gizarteak onartzen du; ikerlari batzuek galdekatzen dugu hala izan behar lukeen. Sententziak luke erran behar zer eskubide murrizten diren; norbait zigortua izateak ez du erran nahi askatasun guziak murriztuak izan behar direla. Beste gizarte batzuetan anitzez gehiago galdekatzen da hala izan behar duen. Hortaz, laborategi izatearen ideia ez da zentzugabea, gizartearen parte handi batek onartzen baitu populazio hori desberdinki tratatua izaten ahal dela. 

«Presoak hetsirik dira leku batean, mugimenduak murriztuak dituzte, baina gauza gehiago ere bai: familia eskubideak, justizia eskubideak, adierazpen askatasuna, elkartzeko eta manifestatzeko eskubideak... Askatasun publiko guziak, finean»

Presondegia tresna eraginkorra da, zure ustez?

Helburuaren arabera. Presondegia sistema eraginkorra da gorputzen diziplinatzeko. Eta neutralizazioko ere bai, erran nahi baita zuzenbide penalaren helburu oinarrizkoena betetzeko: jendeak gizartetik ateratzea eta ahaztea momentu batez. Aldiz, aipatzen badugu zigor mota bat gizartearen epe ertain edo luzeko segurtasuna edo bizikidetza hobetzen ahal duena, delituak eta krimenak apalarazten dituena, birgizarteratze bati buruz abian dena... ez, ez da eraginkorra.

Sexu delituen inguruko ikerketan ari zara. Zertan da justizia penala arlo horretan? 

Segur dena da justizia penalak ez duela bere gain hartzen ahal sexu delituen masa handi hori, izugarria baita. Ez du baliabiderik: ez giza baliabiderik, ez baliabide materialik. Baina gizarte gisa espero dugu justizia penalak erantzutea arazo sozial bati; alta, ez da horretarako egina. Justizia penala ez da pentsatua eskala horretako arazo larri kopuru bat tratatzeko. Alde horretatik, justizia errestauratiboa alternatiba gisa ikusten dut. 

UEU Udako Euskal Unibertsitateko talde eragilean sartu berri zara. Zer xederekin?

Aspaldiko harremana dut UEUrekin; batzuetan lotura handiagoa izan dut besteetan baino. Pauline Guellek erran zidan utziko zuela, eta, elkar ezagutzen dugunez, proposatu zuen ene izena, eta hala gertatu zen. Interesgarria iruditzen zait UEUren barne dinamikan parte hartzea, ildoen inguruko elkarrizketetan; desafio bat da. Desafio pertsonal bat ere bada Zuzenbidea euskaraz lantzea. Gerora buruz, ikusi nahiko genuke Ipar Euskal Herriko ikuspegitik zerbait gehiago ekartzen ahal denetz eta lotura gehiago egiten ahal direnetz hemengo egiturekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.