Punpa isileko pilotaria

Gabriel Martirenek zuen paleta pilota-tresna asmatu, eta hura omenduko dute igandean, Bankan. Aldudarrak elkarteak haren historia ezagutarazteko dokumental bat eginen du.

(ID_17582895091925) (/EZEZAGUNA) Gabriel Martiren
Gabriel Martiren argentinarra, paleta tresna asmatu zuena, artxiboko irudi batean. HITZA
julene muruaga
2025eko irailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pilotazale sutsuenek ere gutitan entzun dute izen hori: Gabriel Martiren. Alta, pilota munduan izan duen ekarpena ez da ttipia: hark zuen paleta tresna asmatu. Argentinan ezaguna bada ere, hemen, sorterrian, ezezaguna da oraino. Martiren ezagutarazteko, Aldudarrak elkarteak eta beste hainbat pilota elkartek igandean egun berezia antolatu dute, Bankan, Zaharrer Segi eta Perkain pilota elkarteek, Euskal Herriko Pilota Batzordeak, Aldudarrak elkarteak, Bankako Herriko Etxeak, eta Argentinako Pelotari museoaren laguntzarekin.

Mikel Erramuzpe Aldudarrak elkarteko kideak esplikatu du Perkainen haritik pilotari buruzko lau ataleko dokumentala lantzen ari direla, bereziki Alduden, Bankan, eta Urepeleko bazterretan —dokumentalaren lehen atala argitaratua dute—. Dokumentalaren ideiak lantzen ari zirelarik «harritua» egon zela kontatu du, jakin baitzuen Bankan sortu zen batek zuela paleta pilota jokoko tresna asmatu: Gabriel Martirenek. Horrela, ezezagun horri buruzko lanketa hasi zuten.

Martiren 1866an sortu zen, Bankan. Garai hartako Euskal Herriko gazte anitz bezala Argentinara joan zen, hiriburutik hurbil den Burzaco hirira. Han ezkondu zen beste euskaldun batekin, Maria Larrondorekin. Esneketari izan zen han, eta Buenos Airesera igortzen zituen bere ekoizpenak. Han El vasco sardina izengoitiarekin deitzen zuten bertakoek.

Denbora librea zuelarik, lantokiko murruen kontra pilotan ari omen zen, esku huska. Pilotaren kolpeek sortu zizkioten minak direla eta, behi sorbalda hezur batekin aritzea bururatu zitzaion pilota jotzeko, gazteleraz paleton izeneko partearekin. Tresna baliagarria iruditu zitzaion, eta 1905ean, tresna hobetzeko, animaliaren hezurraren ber forma mantendu eta garagardo kaxen zura erabili zuen. Hortaz, paleta sortu zuen. Vasquito artisauak tresna ekoizten segitu zuen, eta Argentina osoan biziki ezaguna bilakatu zen; tresnaren ekoizpena industrializatu zen ondotik. 1920. urtean jadanik 220 paleta ekoiztuak izan ziren. Pilota modalitate hori 1952. urteko mundialean sartu zuten ofizialki.

Famatua han, ezezaguna hemen

«Eguna antolatuta, hemen ezezaguna den gizon hori ezagutarazi nahi dugu», esplikatu du Mikel Erramuzpek. Kontatu du iaz Diego Petrelli izeneko kantari argentinarra Bankara jin zela, Gabriel Martiren bere arbasoaren sortetxea xerkatzeko. «Harritua» egon zen, nehork ez baitzekien nor zen Martiren, jakinez-eta Argentinan «ezaguna» dela. Petrelli eta Aldudarrak elkartea harremanetan sartu ziren, eta eguna antolatzearen ideia sortu zen. «Harri batez bi txori, Petrelliren jitea baliatuko dugu dokumentalaren bigarren atala egiteko, bere arbasoaren historia kontatzen ahalko digu, eta, horrez gain, kontzertua ematen ahalko digu, bere taldearekin. Bikaina iruditzen zaigu».

Cuarteto Kare taldea 2010ean sortu zen, Rosarion, Argentinan. Lau lagunek osatzen dute taldea: Julian Cerdanek, Gianni Lazzettak, Mauricio Cuestak eta Diego Petrellik. «Talde famatua da, argentinar eta hispanoamerikar musikak josten baitituzte manera arraroan», azaldu du Erramuzpek. Herri kantuak hartzen dituzte eta, polifonia batez, beren maneran beztitzen dituzte. Kantu tradizionalak «berreskuratzea» eta «ezagutaraztea» dute helburu, ondarea «mantentzeko».

Gabriel Martirenen sorterrian eginen diote omenaldia, etzi. Eguna 11:00etan hasiko dute, Bankako pilota plazan, Herriko etxeak Petrelli eta Cuarteto Kareri harrera eginen dio. Segidan, 12:00etan, musika taldeak kontzertua emanen du, herriko elizan. Sartzea urririk izanen da. Ondotik, kantu bazkaria izanen da, Erregina jatetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.