Agnes Lerolle: «Salbuespen izan behar zuen hori normala bilakatu da: barne mugetako kontrola sistematikoa da»

2015ean Frantziako Gobernuak kontrolak berrezarri zituen bere mugetan. CAFI elkartearen arabera, kontrol horiek ez dituzte errespetatzen Europan indarrean diren eskubideak. Bihar elkarretaratzea eginen dute Hendaiako geltokian, egoera salatzeko.

Agnes Lerolle
Agnes Lerolle. HITZA
julene muruaga
2025eko abenduaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badira hamar urte Frantziako Gobernuak kontrolak berrezarri zituela barne mugetan, bereziki 2015eko azaroan Parisen izan ziren atentatuen ondorioz. CAFI Barne Mugetako Ekintzarako Koordinakundeko langilea da Agnes Lerolle, eta esplikatu du hasieran kontrolen berrezartzea «zilegi» izan zela, baina, geroztik, «legez kanpokoa» bilakatu dela. Barne mugetako kontrol horiek «ilegalak» direla salatzeko, elkarretaratzea eginen dute bihar 11:00etan, Hendaiako geltokian, Etorkinekin Diakite, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mugak Zabalduz, Anafe, Amnesty International eta beste hainbat elkartek deituta.

Zer funtzio du CAFI Barne Mugetako Ekintzarako Koordinakundeak?

Bost elkartek osatzen dute CAFI: Amnesty International, Cimade, Munduko Medikuak, Mugarik Gabeko Medikuak eta Secours Catholique-Caritas. 2017an sortu zen koordinakundea, eta barne mugetako eskubideak babestea eta errespetaraztea du xede. Eskubide horien inguruko behaketak egiten ditugu Frantziako Estatuaren mugetan. Erakunde horretako langilea naiz ni.

Badu hamar urte Frantziako Gobernuak kontrolak berrezarri dituela barne mugetan. Zergatik zen hori gertatu?

Dena 2015eko ekainean abiatu zen, Mentonen [Okzitania], Frantziaren eta Italiaren arteko mugan den herri batean. Italiatik hango geltokira iristen ziren tren guztiak kontrolatzen hasi ziren, dekretu edo baimen ofizialik gabe. Kontrolak sistemikoak bilakatu ziren, eta hainbat hilabetez, jende anitzek, eta bereziki erbesteratu anitzek, ezin izan zuten muga pasatu. Prozedurak legez kanpo egiten zituzten. Ber urteko azaroan, Frantziako Gobernuak agindu ofizial bat eman zuen barne mugetan kontrolak berrezartzeko, atentatuen ondotik.

Zein zen agindua ezartzeko motiboa?

Berez, Parisen iraganen zen COP21 bilkuraren harira egin zen agindua. Eta azkenean, Parisko atentatuak izan zirela eta, terrorismoa izan zen motibo ofiziala. Garai hartan, Frantzia larrialdi egoeran zen. Berez, motiboa zilegi izan daiteke. Baina CAFIkoek salatzen duguna ez da hasieran hartu zen erabakia, baizik eta erabakiak ukan duen bilakaera, eta dauzkan ondorioak.

Mugen kontrolak indartuz joan ziren, ezta?

Hasieran kontrol anitz baziren ere, aski normalak ziren. Baina aski fite, kontrolak iraunkorrak bilakatu ziren: lehenik, Italiako mugan, eta, ondotik, Espainiako Estatuarekin diren mugetan. Pittaka, ohartu ginen mugen kontrola ez zela gehiago terrorismoari lotua, baizik eta immigranteak kontrolatzeko modu bat zela.

Zergatik da agerikoa ez dela gehiago hasierako helburuak betetzeko neurri bat?

Italiarekin eta Espainiako Estatuarekin diren mugetan indartu dituzte kontrolguneak. Kontrolak ez dira Alemaniarekin edo Belgikarekin diren mugetan indartu. Frantziako Estatuaren eta Espainiakoaren artean badira bi kontrolgune handi: bat Katalunian eta beste bat Euskal Herrian, hots, bat Mediterraneoaren aldean, eta bestea, berriz, Atlantikoaren aldean. Kataluniari dagokionez, 2015. urtea aitzin jada baziren kontrolak, ez ziren iraunkorrak, baina anitz baziren, eta ilegalak eta absurdoak ziren.

«Pittaka, ohartu ginen mugen kontrola ez zela gehiago terrorismoari lotua, baizik eta immigranteak kontrolatzeko modu bat zela»

Lapurdiren eta Gipuzkoaren arteko mugan diren kontrolei so eginez, egoera zertan da?

Euskal Herrian, kontrol sistematikoak 2018an hasi ziren. Eta 2020tik landa, kontrolak muga guztietan ezarri zituzten, gau eta egun. Emmanuel Macronek iragarri zuelarik segurtasun indarrak lehen halako bi izanen zirela mugan, Samuel Paty irakaslearen erailketaren ondorioz, alimaleko areagotze bat izan zen —kontrolak jada pil-pilean baziren ere—, eta muga pasatu nahi zutenen lehen heriotza kasuak izan ziren.

2020tik gaur egunera, kontrolek nolako bilakaera ukan dute?

2023ra arte, barne mugetako kontrolak biziki biziak izan ziren. Gaur egun, erran dezakegu lasaiagoak direla. Azken urteetan izan dira istripuak, baina ez da gehiago heriotzarik. Beraz, bien arteko lotura argia da: kontrolak zenbat eta azkarragoak izan, orduan eta heriotza gehiago bada. 2023az geroztik, Hendaiako geltokiko polizia kontrolak ez dira murriztu, eta Irundik heldu diren tren guziak kontrolatuak dira. Azalaren kolorearen araberako kontrolak egiten dituzte: azal zuria ez dutenak baizik ez dira kontrolatuak. Badira oraindik kontrol anitz Hendaiako ordainlekuan, bereziki autobusenak. Baina egia da zubietan eta oinezko zubietan ez dira gehiago gau eta egun egiten ziren kontrolak. Badira, baina ez lehen bezainbat. Halere, gaia oraindik biziki azkarra da.

Kontrolak ilegalak direa?

Bai. Argi diogu kontrol horiek ez dituztela errespetatzen Europako Batasunean indarrean diren eskubideak. Schengen eremuak modua ematen du libreki ibiltzeko herrialde batetik bestera, kontrolik gabe; beraz, Schengen eremuaren barne mugetan ez litzateke kontrolik egin behar, nahiz eta salbuespen batzuk izan daitezkeen. Berez, kontrolak ezartzen ahal dira aldi jakin baterako, arazo jakin bati erantzuteko. Gehienez, sei hilabeteko epea dute kontrolek. Behin sei hilabeteak pasatu eta arazoa ez bada konpondua, estatuek frogatzen ahal dute oraindik kontrolak egin behar dituztela.

Frantziak pasatua du epea.

Frantziako Estatuak barne mugetako kontrolak berrezarri zituen 2015ean, hots, duela hamar urte. Salbuespen izan behar zuena normal bilakatu da: barne mugen kontrola sistematikoa da. Gainera, 2024tik goiti erreformak egin dituzte Schengengo Itunean: luzapen epea bi urtekoa zen lehen, eta hiru urtekoa da orain, baina salbuespen bat izan behar du beti. Nolanahi ere, epez kanpo ari da Frantzia, eta nabarmen.

Frantziak nola justifikatzen ditu kontrol ilegalak?

Terrorismoaren aitzakia baliatzen dute oraindik. Frogagirietan, terrorismoaren auziarekin justifikatzen dituzte kontrolak, immigrazioa ezin baita erabili kontrolen berrezartzerako arrazoi gisa. Berez, guk ez dugu zalantzan ezartzen kontrolen berrezartzeko hautua, izan dira tartean tentsioa sortu duten gertakariak, Ukrainako gerla adibidez. Guk salatzen duguna da terrorismoaren motiboaz baliatzen direla immigranteak kontrolatzeko, azal kolorearen araberako kontrolak egiteko, eta ilegalki kontrolatuak diren pertsona horiek ilegalki atxilo hartzeko. Gainera, immigranteak atxilotuak direlarik, haien eskubideak ez dira errespetatuak. Arazoa zinez sistematikoa da, biziki bortitza, baina saiatzen gara gauzak aldatzen; horregatik antolatua izan da biharko elkarretaratzea. Biharkoan erakutsi nahi dugu baduela hamar urte kontrol horien kontra mobilizatuak garela, eta erakutsi nahi dugu ez garela geldituko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.