Euskal Herriko zeruak argitu dituzte berriki Donibaneko suek. Ohitura aski zaharra da, jatorri paganoa duena, eta udako solstizioa ospatzeko xedea ez ezik, espiritu txarrak uxatzekoa ere badu. Bero itogarriak, era berean, Euskal Herriko pentzeak, bertako biztanleak eta abereak erre ditu.
Gure aroa berotzen ari dela ukaezina da eta gure lurrak, arnasten dugun haizea, edaten dugun ura eta ahoratzen ditugun jakiak ere kutsatu ditugula etekin ekonomikoen mesedetan. «Ez dut ulertzen; nahiago dute guztia suntsitu, irabazteari utzi baino», esan dit enpresa bateko Europako merkatu kudeaketaz arduratzen den lagun batek, izerditan blai, palan jokatzeari utzi diogunean.
«Gauzak ez dira horrela; gauzak horrelaxe daude», dio Gorka Urbizuk, eta hori aldatzeko itxaropen gutxi uzten dute Latinoamerikan egin diren azken hauteskundeek, Europan ikusten ari garen emaitzek eta Euskal Herria zatitzen duten Espainiako eta Frantziako inkestek. Argi dago demokrazia eta sufragio unibertsala ez direla sinonimoak, eta azkenaldian are argiago ikusi da hori. Eskuin muturreko lobby boteretsuek botoak gero eta errazago bideratzeko gaitasuna dute interes partikularrak defenditzen dituzten proiektuen mesedetan. Donibaneko suek jende horiek erretzea lortzen ez badute, haiek izango dira gure etorkizuna kiskaliko dutenak, atzera-bueltarik gabe.