Odile Susperregi Cornuk berriz irabazi ditu Biriatuko (Lapurdi) udal hauteskundeak. Biriatun Biziko zerrendaburuak 420 boto lortu ditu, botoen %62,97, eta Elur Alberdik, Altxa Biriatuko hautagaiak, 247 (%37,03). Hala, 173 botoren aldea izan da bi zerrenden artean. Martxoan, berriz, 17 botorena izan zen. Guztira, 689 herritarrek eman dute botoa, eta 22 boto baliogabe izan dira. Igandeko emaitzaren arabera, Biriatun Bizik hamabi ordezkari izango ditu udalbatza berrian, eta Altxa Biriatuk hiru. Udalbatza berria ostiralean eratuko dute.
Bozak berriz egin behar izan dituzte, martxoko hauteskundeetako zenbaketan izandako irregulartasun baten ondorioz. Altxa Biriaturen orduko zerrendaburu Michel Hiriartek helegitea jarri zuen, eta Paueko Administrazio Auzitegiak bozak baliogabetzea erabaki zuen ekainean. Zenbaketa egiten ari ziren gelako ateak itxita egon ziren, eta epaitegiak hauteskunde arauen aurkako egoeratzat jo zuen hori.
Susperregi Cornuk «lasaitasuna» adierazi du emaitzen berri izan ondoren, eta datozen urteetarako lehentasuna udalbatza «elkartzea» izango dela esan du. Azken hilabeteetako tentsioak gainditu eta oposizioarekin batera lan egin nahi duela azaldu du. Kanpainan herritarrekin izandako harremanetan helegiteak eragindako «atsekabea» sumatu duela aitortu du.
Alberdik, berriz, emaitza onartu du, baina esan du Altxa Biriaturen lana ez dela amaitu, eta 2033ko hauteskundeetara begira jarraituko dutela iragarri du.
Susperregi Cornuk berriz irabazi ditu Biriatuko bozak
Martxoko emaitzak baliogabetu zituen Paueko auzitegiak. Igandean egindakoetan, bi hautagaien arteko aldea handiagoa izan da: Biriatun Bizi zerrendak 420 boto lortu ditu, eta Altxa Biriatuk, 247.
Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu