Ortzaiztarrek ontsa barneratua dute antzerkian aritzeko usaia, eta, oraingoan, gazteek hartuko dute plaza. Urzaiz euskararen aldeko kultur elkarteak bultzatu du Lau, teilatu gainean antzezlana. Lau emazte dira protagonistak: arrats batez teilatu gainera igoko dira, etorkizunaz eta klima larrialdiaz arranguraturik. Goratasun pixka bat hartzea erabakiko dute beren egoeraz hitz egiteko eta inguratzen dituen munduaz hausnartzeko. Tenperaturak gora doazenez eta lur gainean bizitzea jasangaitza bilakatu zaienez, beste bizileku baten beharrean dira. Aterabide kolektibo eta jasangarri baten atzematera entseatuko dira.
Maialen Zuburu, Aña Ameztoi eta Elena eta Maite Kasirain izanen dira lau antzerkilariak, eta gogoz taularatuko dira denak ere. Istorioan sarturik, Gabi, Eneka, Ixabel eta Lili pertsonaiena eginen dute. Elena Kasirainek erran du rolen banaketa «naturalki» egin dela, bakoitzak bere burua «errazki» identifikatu baitu pertsonaia batekin, norbere izaerari loturik. Jokoaren aldetik, zehaztu du leku ttipia dutela, baina mugimenduen bidez lortzen dutela kontakizunari erritmoa ematea. Antzezlanak oren bat irauten du, guti goiti-beheiti.
«Bazen bulta bat enbeia genuela antzerkiari berriz lotzeko, batez ere kabalkadaren ondotik. Gainera, denak antzerkian aritu izan gara, izan libertimenduetan edo izan tailer batzuetan», azaldu du Kasirainek. Urzaiz elkartea sortu aitzin, 2013an, Soberak antzezlana aurkeztu zuten Ortzaizen, toberak hitzarekin hitz jokoa eginez. 2016an, berriz, Herriko bozak antzerkia eraman zuten herritar zenbaitzuek, eta, hala, antzerkiaren gustua atxiki. 2019an, kabalkada bat aurkezteko proiektuarekin hasi ziren, eta horrela sortu zuten Urzaiz elkartea. Baina pandemia sartu zen tartean, eta 2022 arte goaitatu behar izan zuten kabalkadaren plazaratzeko. Geroztik, Kulturaldia antolatzen dute urte guziz, euskararen eta euskal kulturaren inguruko astea.
Elkarlana oinarri
Aldi honetan, Arantxa Hirigoien larresoroarrari galdegin diote laguntza testuaren lantzeko eta taula zuzendaritzaz arduratzeko. Kasirainek azpimarratu du proiektuaren hastapenetik aritu direla Hirigoienekin elkarlanean. «Axut kolektiboarekin egin zituen lanak eta Etxepare lizeoan eramandako antzerkiak ikusi, eta aski fite galdegin genion laguntza». Idazketa prozesu guzian, erregularki biltzen ziren jakiteko zertan ziren. Hirigoienek testuaren idazketa aitzinatu arau, lau protagonistek iritzia helarazten zioten.
Taldeak lau emanaldi proposatuko ditu orotara, guziak arratseko sei orenetan. Bihar, larunbatean, Larresoron; etzi, igandean, Liginagan; 13an, Domintxainen, eta, bukatzeko, 14an, Ortzaizen. Lekuen hautaketa ere ez da ausazkoa izan. Urzaiz kultur elkartetik abiatu zutenez antzerkia egiteko ideia, antzerkilariei garrantzitsua iruditzen zitzaien Ipar Euskal Herrian euskararen eta euskal kulturaren inguruan ari diren elkarteekin harremana egitea emanaldien proposatzeko. Hau da, Larresoron Otelore elkarteak eginen die harrera, Liginagan Andoze elkarteak, eta Domintxainen Kitzikatzank elkarteak.