Laugarrenez antolatu dute Tula Laika besta, Zuberoako Eperra eta Basabürüko ikastolak eta Lartzabaleko Manex Erdozaintzi-Etxart kolegioa laguntzeko, eta ekainaren 8an izanen da aurtengoa, egun osoan, Pagolako plazan. Bezperan, Integrazio Batzordearen aldeko kantaldi bat egingo dute egitaraua osatzeko, 20:00etan, Lartzabaleko elizan.
Ikastolen ekonomiari ekarpen bat egitea da helburu nagusia. «Ikastolen egoera ikusirik, beti borrokan aritu behar dugu, eta Seaskaren iraupena diruztatzen segitu», erran du Jean Claude Agerre Seaskako guraso eta antolatzaileak. Baina bestelako helburu batzuk ere badituzte antolatzaileek: ikastetxe horietako ikasleen eta irakasleen lana agerian ezarri nahi dute egun horren bidez.
Ikasturte honetan, erbesteratuen egoera landu dute, besteak beste, eta hainbat lan egin dituzte gai horren inguruan; karia horretara, Miñan antzerkia ikusteko parada izan dute ikasleek. Eperra ikastolako haurrek, bestalde, «munduko populuei buruzko» erakusketa bat egin dute, eta emaitza ikusgai izanen da Tula Laikan. «Urte osoan proiektuak egin dituzte erbestearen inguruan, eta guk harremanetan sartu nahi izan dugu Maulen eta Donapaleun diren erbesteratuak laguntzen dituen Don Bosco elkartearekin, Fiston Bidiefono Kounanou dantzari kongoarrarekin eta Africa Baiona elkartearekin. Helburua haien errealitatea Tula Laikan kokatzea da, eta zubiak eraikitzea», esplikatu du Agerrek. «Gure inguruan bizi diren erbesteratuak argitan ezarriko ditugu».
Tula Laikan, goizez, Don Bosco elkarteko hamar gazte erbesteratuk sortu duten antzerkia emanen dute, eta Bidiefono Kounanouk Sens Interdit dantza ikusgarria emanen du. Amets Arzallus eta Elixabet Etxandi bertsolariak arituko dira bertsotan.
Xorrots, XAK, Su Ta Gar
Helburua kulturen arteko «zubiak» eraikitzea izanik, Euskal Herriko artistak ere izanen dira oholtzan. Integrazio Batzordearen aldeko kontzertuan, ekainaren 7an, Xorrots, Amaren Alabak, Trikirrika, Lea eta Anouchka eta Jean Bordaxar entzuten ahalko dira, besteak beste. Kantaldia antolatu du Integrazio Batzordeak, «behar gorrietan» baita elkartea, behar bereziak dituzten haurren jarraipena segurtatzeko.
Biharamuneko besta egunean, XAK, Amooma, Spartak Dementziala, Su Ta Gar eta Zeze arituko dira. Eguerdian, zikiroa izanen da —06.81.81.14.39 zenbakira deitu behar da erreserbatzeko—. Ateratako etekina hiru ikastetxeen artean banatuko dute.
Bestara joateko autobusak antolatu dituzte aurtengo: Atharratzetik, Donapaleutik, Mauletik eta Donibane Garazitik.
EGITARAUA
- Ekainak 7.
Xorrots, Amaren Alabak, Trikirrika, Lea eta Anouchka, Jean Bordaxar, Ttuttu Luro, Dominique Urruti eta Marcel Errezaret, Mathieu, Maylis eta Sarah, Naroa eta Alaia. Kantaldia, 20:00etan, Lartzabaleko elizan.- Ekainak 8.
- 11:00etatik aitzina: karrikaldia, Pagolako plazan. Amets Arzallus eta Elixabet Etxandi bertsolariak, Amikuzeko joaldunak, Fiston Bidiefono Kounanouren Sens interdit dantza ikusgarria eta Don Bosco elkarteko gazteen antzerkia, Altzaiko maskaradako dantzariekin.
Kontzertuak, 16:00etatik aitzina, Pagolako plazan.- 16:00: XAK.
- 18:00: Amooma.
- 20:00: Spartak Dementziala.
- 22:00: Su Ta Gar.
- 00:00: Zeze.