Tula Laikak bost urte, eta behar ekonomikoa beti hor

Tula Laika ikastolen besta 10:30ean hasiko da, igandean, Pagolan. Euskal kantagintzari eta euskal dantzari leku berezia egin diete aurten.

Niko Etxarten kontzertu bat, Soraluzen, 2023an. GAIZKA A.
Niko Etxarten kontzertu bat, Soraluzen, 2023an. GAIZKA A.
Oihana Teyseyre Koskarat.
2026ko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Balentria «ederra» kausitzen du Tula Laikak, Jean Claude Agerre Seaskako guraso eta antolatzailearen hitzetan. Bi mila lagunetik gora biltzen dira Pagolan, Zuberoako ikastolak eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi Etxart kolegioa laguntzeko antolatzen duten bestan. Bosgarren aldia izanen da aurtengoa, baina jadanik «usantza» bilakatua dela argi du Agerrek. Hainbat hobe, zeren eta Seaskak ekarpen ekonomiko hori «beharrezkoa» baitu oraino ere. Igande honetan izanen da, 10:30etik goiti. Niko Etxart eta Hapa Hapa, RTZ, Xabi Solano, Xistor Of A Down eta DJ Infernu ariko dira oholtzan, arratsaldean.

SohĂ¼tako Epherra eta Alozeko BasabĂ¼rĂ¼a ikastolak eta Larzabaleko kolegioa ekonomikoki sostengatzeko balio du egunak, bai, baina hortik haratago doa betetzen duen funtzioa: «Euskarari eta euskal kulturari leku bat eskaintzea ere bada gure xedea. Halako egun eta egitasmoek, izan Herri Urratsek, izan Korrikak edo izan beste hainbatek, euskara eta euskal kultura biziarazten dituzte», Agerren arabera. Horretarako eskaintza «oparoa» egin nahi izan dute antolatzaileek, eta, kontzertuez gain, familiei zuzendutako eskaintza bat ezarri dute plantan, egun osorako.

Eguna hasteko, bertso pilota eginen dute, 10:30ean, trikitilariek lagundurik. Ondotik, inguruko herrietako dantzariek hartuko dute plaza: Oztibarreko Bunuztar Xoriek, Txingili’K taldekoek eta ZĂ¼matzeko maskaradako aitzindariek. «Musikagintza bezala, gure kulturaren parte diren beste diziplinak ere aitzinera eraman nahi ditugu. Iaz, antzerkiari egin genion leku berezia, eta aurten, dantzari eta kantagintzari», erran du Agerrek. 

«Beren eguna» ere badela senti dezaten, preseski, aipatutako ikastetxeetako ikasleek urte osoan landu dituzten proiektuen inguruan pentsatu dute programa antolatzaileek. Euskal kantagintza landu dute aurten. «Anje Duhalderekin lan berezi bat egin dute aurten bere kantagintza ezagutzeko, eta harekin kantatu zuten Donibane Lohizunen, martxoan. Kontzertua errepikatu nahi zen Maulen, baina ez da egin ahal izan, arrazoi ekonomikoengatik. Dena dela, gure kantu katalogoan sartzen diren ikono batzuk ezagutzeko parada izan dute haurrek, eta Pagolan Niko Etxart ikusten ahalko dute. Gure historiaren ondare inportante bat da», zehaztu du Agerrek.

Informazio Praktikoa

  • Autobusak. 

    Atharratzetik eta Mauletik. Joan-jinerako txartelak hartu behar dira Atharratzeko M'aude saltegian edo Mauleko Xirikotan (13 euro/eusko). 

    Abiatzea, igandean 10:00etan, eta itzulera 01:00ean.

  • Programazioa.
    Arrabotuan: bertso pilota (10:30); Bunuztar Xoriak, Txingili'K taldearen Orain Zer?, ZĂ¼matzeko maskaradako aitzindariak (12:00).
    Herriko gelan: Hots txaranga (15:00), Txar txaranga (17:30), Andoni Ollokiegi (19:00). 
    Plaza gibelean: Niko Etxart eta Hapa Hapa (16:00), RTZ (18:30), Xabi Solano (21:00), Xistor Of A Down (22:45), DJ Infernu (00:00). 
    Egun osoan: haurrendako puzgarriak, Gaia elkarteko jokoak eta makillajea. 

  • Bazkaria. Zikiroa (14:00). Lekuen atxikitzea: 06-81-81-14-39 edo helloasso bidez (25 euro/eusko). 

  • Antolatzaileen oharrak. 
    Erasoen kontrako protokolo bat izanen da.
    Kanpalekua izanen da lekuan berean lo egiteko. 
    Baso berriak etxetik ekartzea galdegin dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA