«Denek uste dute funtsezkoak direla; alta, ez ditu inork nahi etxetik hurbil». Horrela laburbildu zuen Eneko Aldanak joan den astean, Donibane Lohizuneko Artxiloa ur araztegiaren lehen harria pausatzeko ekitaldian. Edateko uraren eta saneamendu kolektiboaren ardura du Aldanak, Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordeetako bat da, eta baieztatu zuen azpiegitura berriak ez duela inolako kalterik izanen inguruko auzoentzat: «ez usainik, ez harrabotsik». Laudorioak baizik ez zituzten izan ekitaldian parte hartu zuten hautetsiek. Azpimarratu zuten «funtsezko» ekipamendua herritarrekin izandako elkar aditze prozesu baten ondorio izan dela, eta indarrean diren arauak baino haragoko emaitzak kausituko dituela. 43 milioi euroko inbertsioa egin du Euskal Elkargoak. 2028rako martxan izan beharko luke araztegiak. Â
Azken urteetan, behin baino gehiagotan agertu dira uraren kalitateari buruzko arrangurak Lapurdiko kostaldean. Osasun arloko betebeharraz gain, eremu horrek anitzen begietan duen xarma ere aipatu zituen Aldanak. Urtero turistaz bete ohi dira Donibane Lohizune eta inguruetako hondartzak uda garaian, eta agintariei ezinbestekoa zaie bainatzeko uren kalitatea zaintzea. Baina orain arte inguruan zegoen ur araztegia zaharkitua zen, eta itsasbazterretik hurbilegi: itsasertzaren higaduraren ondorioz, goiz ala berant arriskuan izanen zen.
Araztegi berriak gaitasun handiagoa izanen du, 75.000 biztanleren beharrei erantzuten ahalko baitie —50.000 biztanlekoa zen orain arteko gaitasuna—. Lau saretako ur erabiliak eta euri urak garbitzeko gaitasuna izanen du; Donibane Lohizunekoak, baina baita Getariakoak ere 2030etik aitzina. Uren tratamenduak gaur egun indarrean diren arauak gaindituko ditu: erabateko desinfekzioa bermatzeaz gain, mikrokutsatzaileen %80 eta mikroplastikoaren %90 deuseztatzeko gai izanen da, eta nitrogeno isuriak ere apalduko ditu —urtean 6 tona inguru—. Horrez gain, euri azkarrak diren egunetan tratatu gabe botatzen diren uren kantitatea ere hamar aldiz txikiagoa izanen da hemendik aitzina.
Ingurumen aldetik ere azpiegitura «eredugarria» dela erran dute hautetsiek. Urtegi nagusiak kasik osoki lurperatuak izanen dira, eta, beraz, inguruko paisaiari egokituak izanen dira. Horrez gain, %15 murriztuko dute azpiegituraren energia kontsumoa, eta, eguzki energiaren ekoizpenari esker, ustiatze eraikia autonomoa izanen da energia aldetik. Urtean 60.000 kWh ekoizteko gaitasuna izanen du, lau pertsonako familia batek bost urtean erabiltzen duen energia gutxi gorabehera. Bat bestearen gibeletik aipatu dituzte teilatu landaredunak ere, zoru iragazkorrak, korridore ekologikoak... «Araztegi hau eredu gisa hartuko dugu heldu den urteetan berritu edo eraiki beharko ditugun gainerako araztegientzat», segurtatu du Aldanak.
Elkargoko politika nagusia
Eskumen andana ditu Euskal Hirigune Elkargoak, baina uraren saneamendua da horietan garrantzitsuenetakoa. Ipar Euskal Herri guzian 9.000 kilometroko hodi sarea kudeatzen dute, eta 300 urtegi inguru dituzte. Orotara, Artxiloa bezalako 117 ur araztegi dira elkargoaren esku. Denera, ehun milioi euroko aurrekontua urtero. Alain Iriart Euskal Elkargoko lehendakariak eskerrak eman zizkien proiektua lantzen aritu diren hautetsi eta zerbitzuetako teknikari guziei. «Elkargoak erabateko deliberamendua du Ipar Euskal Herria garatzeko eta herritarren beharrei erantzuteko.
Araztegiak izanen dituen gaitasun teknikoak ere goraipatu zituen Iriartek. «Aldaketa klimatikoaren garaian gara, eta funtsezkoa da arrangura horiek gure gogoetetan integratzea». Tresna pedagogikoa ere izanen da hemendik aitzina, inguruko eskolentzako bisitak antolatuko baitituzte uraren zikloa esplikatzeko.