Ur beroen artaren diru itzultzeak murriztu nahi dituzte

Gizarte Segurantzaren aurrekontua aztertzen ari da Frantziako Gobernua, eta termetan egiten diren artamenduen diru itzultzeak murriztu nahi dituzte. Neurri horrek eragina luke Kanboko ur beroetan, eta herriko hautetsiek kezka agertu dute.

Kanboko termak
Kanboko termak, 2024ko udan. GUILLAUME FAUVEAU
julene muruaga
2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren eztabaida pil-pilean da Frantziako Gobernuan. Termetan egiten diren artamenduen diru itzultzea murriztearen aldeko neurria gibelera bota badute ere azaroan, proiektuak mahai gainean segitzen du. Oraingoz, Gizarte Segurantzak epe luzeko erien artamendu oro bere gain hartzen du; erreformaren ondorioz, %65 baizik ez lieke ordainduko. Kurista konbentzionalen kasuan, artamenduaren %65 ordaindua zaie; erreformaren eraginez, %15 bakarrik. Erreforma horrek Kanboko ur beroei zuzenki eraginen lieke. Bertako langileak, pazienteak eta biztanleak kezkatzen hasiak dira, baita herriko hautetsiak ere.

Termen artamenduek 200 milioi euroko kostua dute, hau da, Gizarte Segurantzaren aurrekontuaren %0,1; alta, 4,8 miliar euroren irabaziak ekartzen dizkio urtero sektore horrek Frantziako Estatuari. Murrizketaren berria zabaldu bezain laster, Kanboko oposizioko zerrendak, Nahi Dugun Herria taldeak, «desadostasuna» eta «kezka» adierazi ditu. Lehenik eta behin, azpimarratu nahi izan dute ur beroak ez direla soilik aisialdirako gunea, osasunerako lekua ere badirela. «Ur onetako artak ezinbesteko tratamendua dira gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzat. Artek laguntzen dute pazienteen osasunaren hobetzeko, erremedio kimikoen kontsumoaren apaltzeko, ospitaleratzeak apaltzeko, eta abar. Diru itzultzea murrizteak arten eskuragarritasunaren inguruko desorekak handituko lituzke, paziente ahulenen kalterako», adierazi du Nahi Dugun Herria zerrendako Argitxu Hiriart-Urrutik.

Aurten, 2025ean, 14.000 bisitari inguru jin dira Kanboko ur beroetara. Oposizioaren arabera, termak Kanboko ekonomiaren «zutabeetarik» bat dira. Hain zuzen, Hiriart-Urrutik esplikatu du 2014an izan ziren uholdeen ondorioz termak hetsi behar izan zituztela urtebetez, eta inkesta baten arabera hesteak sei milioi euroko galtzea eragin ziola Kanboko herriari, eta 66 milioi euroko galtzea Euskal Hirigune Elkargoari. «Termak herriko eta inguruko herrien ekonomia iturri aski handia dira: etxebizitzak, komertzioak, garraioak... Anitz ekartzen dute ekonomikoki. Gizarte Segurantzak bere gain hartzen duena murrizten badute, jendea gutiago hurbilduko da, eta, beraz, herriko bizian ez dute gehiago parte hartuko, eta ekonomia kaltetua izanen da».

Langileak, langabeak

Dirua galtzeaz gain, diru itzultzearen murrizteak langileak kanporatzea ekarriko luke. Kanboko termetan 150 bat langile badira: artatzaileak, garbitzaileak, bitartekako langileak, eraikinaren artisauak... Horietarik %75 sasoilariak dira, eta hautetsiak dio murrizketak gertatuko balira haien lanpostuak arriskuan izanen liratekeela. «Desastre bat litzateke, bai ekonomiari begira, bai osasunari begira, eta baita langileei begira ere. Jakinez eta, apirilean Kanboko Ursuia klinika hetsi zutela Eskualdeko Osasun Agentziaren aginduz. 70 bat langile lanik gabe utzi zituzten orduan. Azken urteetan, osasunaren arloko langile anitz kanporatuak izaten ari dira, gehiegi. Kezkagarria da», asaldatu da Hiriart-Urruti.

«Paristik hartzen diren erabakiak dira, hemen ere Euskal Herrian kalteak sortuko dituztenak. Halere, gure diputatu Peio Dufau ari da eztabaidan parte hartzen, ari da Parisen afera hurbiletik segitzen, eta batailatzen. Badakigu harremanetan izan direla termetako nagusiarekin, eta gu Dufaurekin. Herriko Kontseiluaren mintzagai izanen da, bestalde, heldu diren egunetan», esplikatu du Hiriart-Urrutik.

Horrez gain, erabaki horri erantzuteko, eskari bat zabaldu dute: «Osasuna, tokiko ekonomia eta lana defenditzeko» eskaria izenpetzera deitu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.