Nork daki Xuriateako murruek zenbat istorio entzun, zenbat besta izan eta zenbat bilkura aterpetu dituzten? XVI. eta XVII. mendeen artean eraiki zuten, ustez, eta hastapenetik gaurdaino ostalaritza jarduera bat mantendu du. Tarteka jatetxea izan da, gehienetan ostatua, eta mende batez hotela ere bai, Frantzia mailako Hotel de France sarean bildua. Mementoko, azpiko solairuan, Xuriatea izeneko ostatu eta jatetxea dago; lehen estaian, Euskal Herria Zuzenean elkartearen egoitza soziala aterpetzen du, eta, gaineratekoan, bilkura gela ttipiak eta selaurua dira.
«Xuriateak historia luzea eta handia izan du. Hazparneren iragan industriala eta herriko merkatuaren garrantzia ikusirik, leku sozial oso garrantzitsua izan da haren kokapena dela eta. Eta gaur egun ere hala da oraindik ere», azpimarratu du Txomin Hegik, Xuriatea berritzeko proiektuko kideak. Historia horretan, mende hasieratik Xuriateak izan dituen aldaketak kontatu ditu Hegik. 2000. urtean, Nixon izena zuen eraikinak, eta jabeek jakinarazi zuten ostalaritza gelditzeko gogoa zutela. Komertzioaren funtsa erosteko, SARL moduko enpresa bat muntatu zuten orduan bost lagunek, beste hainbat herritarrek lagundurik. Hiru urte berantago, funtsa jadanik saldurik, Nixonen jabeek eraikina bera ere saldu nahi izan zuten. Orduan, Xuriatea Etxe Sozietate Zibila (ESZ) sortu zuten 128 herritarrek, eraikin osoa erosteko.
«Xuriateak historia luzea eta handia izan du. Hazparneren iragan industriala eta herriko merkatuaren garrantzia ikusirik, leku sozial oso garrantzitsua izan du haren kokapena dela eta. Eta gaur egun ere hala da oraindik ere»
TXOMIN HEGIÂ Lekukoa kooperatiba sozialeko kultur saileko arduraduna
Hogei bat urtez, beraz, Xuriatea ostatu eta jatetxeak bizirik iraun du azpiko solairuan. Gainean, berriz, EHZko egoitza plantaturik ere, ondoko eremua zahartu da denborarekin, eta gaineko selaurua kasik erabilezin bilakatu da. Eraikinaren etorkizunaz hitz egiteko bildu ziren proiektuaren eramaileak 2024an, eta hasierako 128 kideetatik 33ra pasatu ziren, arraberritze proiektuaren kudeaketa «eraginkorragoa» izateko.
Denbora berean, 2024tik goiti, ostalaritza jardueraren funtsa saltzeko prozesua abiatu zuten. Horren erosteko, Xuriatea ESZko kideek Lekukoa izeneko Interes Orokorreko Kooperatiba Sozietatea sortu zuten. Lagun berriak integratu zituzten kooperatiban, ostatua berriz biziarazteko, bost enpleguak mantentzeko, baita jarduera berriak kudeatzeko ere. Momentu hartan, Xuriatea eraikin osoa eta erabilpen guziak kolektiboaren esku izatera pasatu ziren; bastizaren berpizteko ordua zela ikusi zuten.
xuriatearen kronologia
- XVI - XVII. mendeen artean. Bastizaren eraikitzea.
- 2000. Nixon izena zuen ostatu jardueraren saltzea.
- 2003. Xuriatea Etxe Sozietate Zibila izenean antolaturik, 128 herritarrek eraikin osoa erosten dute.
- 2024. ESZko kide kopurua murriztu zen, eta 33 bilakatu. Espekulazio oro baztertzeko, kideek irabaziei uko egitea izenpetzen dute.
- 2025. Xuriatea ESZk 'Lekukoa' Interes Orokorreko Kooperatiba Sozietatea sortzea erabaki zuen, ostatu jardueraren erosteko eta eraikinaren azpiko solairuko jarduera guztiak kudeatzeko.
- 2026. Kooperatibak, Xuriatea izena atxikiz, ostatua berriz irekitzen du.
Xuriateako teilatu bakarraren azpian, erabilpen kolektiboa eta orotarikoa sustatu nahi dute kideek. Obra handiak behar dira, eta, xedea gauzatzeko, lau aterekin zatitu dute egoitza, bakoitzak Lekukoa kooperatibaren helburu bat sinbolizaturik. Lehenik, Gozaldi Atea: ostalaritza aktibitatearen funtsa kudeatuko du, modu kooperatiboan. «Belaunaldi guziei irekitako ostatua, prezio merkeko herri jatetxea, euskal giro atseginekoa eta euskararen arnasgune» izatea nahi dute.
Kooperatibako langile izanen da Andoni Delavigne, gaur egungo ostatuaren kudeatzailea. Xuriateako lehen oroitzapenak ttipitakoak ditu, gurasoekin etortzen zenekoak. Urtez urte, lekua hainbat maneratan ezagutu du: EHZko bulegotik pasatuz, libertimenduko bilkuren bidez, bezero gisa eta langile gisa ere bai. Azken bi urteak pasatu ditu bertan lanean, eta hainbat berrikuntza ekarri ditu: adibidez, pintxoak proposatu izan ditu eta hilabetean behin kontzertu gaualdi bat antolatu. Baina bere lanaz aparteko beste alor batzuek motibatzen dute kooperatibaren bide horretatik segitzeko. «Kooperatiban ostatuko arduraduna naiz, baina kide guziak denetan eragile gara. Ez nuke debekurik kultur sailean jarduteko, adibidez. Horretarako, proiektuan sinesten dut: ostatuaz haratago doan zerbait proposatu nahi dugulako eta hemen den espazio guzia nahi bezala baliatu nahi dugulako», azaldu du Delavignek.
«Kooperatiban ostatuko arduraduna naiz, baina kide guziak denetan eragile gara. Ez nuke debekurik kultur sailean jarduteko, adibidez. Horretarako, proiektuan sinesten dut: ostatuaz haratago doan zerbait proposatu nahi dugulako eta hemen den espazio guzia nahi bezala baliatu nahi dugulako»
ANDONIÂ DELAVIGNE Lekukoa IOKSko ostatuko arduraduna
Bigarren atea kulturgintzarako izanen da. Azpiko solairuko gibeleko gela kultur areto bilakatu nahi dute; gaur egun, hilabetean behin erabiltzen dute kontzertuak egiteko. Behar bezala tresnatua eta molde anitzetan erabilgarria izatea nahi dute. Hegirentzat, euskal kulturgintzaren bizigunea izan beharko du. «Gune honek badu nortasuna. Euskal kulturari eta euskarari normaltasunez aritzeko leku bat eskaini nahi diegu, Hazparne erdalduntzen ari den honetan», zehaztu du. Hegi, kooperatibako kultur saileko arduraduna da Maialen Elosegirekin batera, eta lekuko artistekin eta elkarteekin harremanetan ariko dira lanean. Herriko Ttattola gaztetxearekin ere harremanak dituzte.
Xuriateak beste bi ate ireki nahi lituzke lekukoentzat. Bilgune Ateak EHZ elkartearen egoitza soziala aterpetzen segituko du, baita beste bilkura gela batzuk irekiko ere, tokiko elkarteen zerbitzuko. Azkenik, Aterpe Atea obra gehien galdeginen dituen partea izanen da, zortzi bizitegi sozial sortuko dituztelako eraikinaren barnean. Etxebizitzaren problematikari aurre egiteko bide bat ireki nahi dute kideek, Hazparne hiri erdian, lehentasunez «gazteentzat, herrian bertakotu nahi dutenentzat eta ahal murritzak dituztenentzat».
Obra handiak
Arraberritze fase handi horrek badu kostu bat. Kooperatibako kideek kalkulatu dute berrantolaketaren kostu orokorra 1,93 milioi eurokoa izanen dela. Bizitegi sozialen parteak du kosturik handiena: 1.135 milioi euro. Estaiak osoki berriz egin behar dira. Azpiko solairuko guneek, ostatu-jatetxeak, bilguneak eta kultur aretoak, 795.000 euroko inbertsioa beharko dute. Kalkuluak, planoak eta proiektuaren segipena segurtatuko ditu Tequio kooperatibak. Irabazi-asmorik gabeko higiezin programak plantatzen ditu, eta, beraz, Xuriateako proiektuarekin «guztiz» lerrokatua da, Xuriatea ESZk eta Lekukoa kooperatiba sozietateak irabazitako dirua eginen dituzten proiektuetan berriz inbertituko dutelako.
Obra horien diruztatzeko, beraz, Lekukoa kooperatibak diru bilketa abiatu berri du Xede Bat plataformaren bitartez: uztail hasiera arte iraunen du. Helburua da 120.000 euro biltzea, azpiko solairu osoaren arraberritzea hasteko. Nahiz eta datorren larrazkenean edo neguan obrentzat hesteko asmoa duten, azpiko partea ahal bezain fite ireki nahi dute berriz, nahiz eta gaineko partean obrek segitu.
Etorkizunari begira erronka handiak gainditu beharko ditu Xuriateak. Delavignek ere argi du ez dela erraza izanen. Egoera orokorrak kezkatzen du erabat, jendearen ahalak murrizten ari direlako. «Kooperatiba formarekin badugu funtzionamendu bat asmatzeko. Ez dira biziki ezagunak horrela martxan diren ostatuak». Bide horretatik ekiteko parada badela erakusteko parioa da Xuriatearena.