Arberoa Lurra Etxebizitza kolektiboa

XVIII. mendeko euskal baserria; dotoretasuna eta egiazkotasuna: 960.000 euro

2026ko uztailaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Horrekin amesten duzu? Guk batere ez! Arberoa Lurra eta Etxebizitza kolektibokoen irudiko, galtzen den beste baserri bat da! Nahiz eta, aitor dezagun, baserri hori aspaldian galdu zen... Euskal Herriko baserrien neurria ikusirik, ez badira laborantzarako atxikitzen, nori saldu? Zertarako? Zein preziotan?

Ohartzen gara baserriak etxebizitza partikular gisa baliatzeko erosleen eskuetan uztean, arraberrituak izan ondoan, salmenta prezioak biderkatzen direla. Nork eros dezake etxe bat prezio horretan? Eta beraz, zer egin?

Ez badira laborantzako lan tresna izaten ahal, orduan baserriak bizigune bilakatu behar dira. Irisarrin bi baserri bizileku kooperatiba bilakatu dira, biztanle batzuei etxebizitza segurtatuz eta aldi berean merkatu espekulatzailetik ateraz. Etxebizitza kooperatiba horiek herritarren eskuetatik sortu dira, eta laguntza publikorik gabe gauzatu dira. Alta, kooperatibak etxebizitza baten lortzeko aterabide bat dira, baina denen eskuetan izateko, herriko etxeen laguntza beharrezkoa da.

Bide beretik, etxe saltzaileek gure herriaren etorkizunaz axolatu behar lukete, salmentak urterako etxebizitzentzat lehenetsiz, nahiz eta horrek diru sartze apalagoak ekarri. Gogoeta bat eramatekoa da herritarren artean. Gogoeta orokorrago bat eraman behar da herrian bizitzeak duen kostuaz ere. Metro karratuaren prezioa harrigarria bilakatu da, eta banalizatu da. Geroz eta zailagoa da etxe bat 400.000 europetik atzematea, eta gure eskualdean metro karratua 3.000 euro ordaintzen da usu. Zenbat diru irabazi behar da etxearen eskubidea ukaiteko?

Anartean, alokairuaren merkatuak ber emendatzeak segitzen ditu; etxe guti izateak prezioak iganarazten ditu. Ez dugu etsipenean erori nahi, ez dugu onartzen entzutea «Euskal Herrian hola da!».

Gure esku eta tokiko erakundeen esku da gauzen aldatzeko lan egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA