Arantxa Idieder

Yogari bai, iraultzari ez

2025eko azaroaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Yogaren onurak zein diren aski entzuna dugu. Baina ongi barneratu dezazuen, hala ere botako ditut. Estresa ttipitzeko ona da, lasaitzeko, arnasa hobetzen dizu, bizkarra sendotzen du bistan dena, malgutasunarentzat ere onuragarria da, dinamismoa ekartzen dizu, zure gorputzean eta buruan hobeki sentitzen zara, junturak hobetzen dizkizu, muskulatzen zara, depresioari aurre egiteko bikaina dela ere irakurri dut: pentsa! Produktu magiko bat dirudi, gure problema guziei aurre egiteko balio duen aktibitatea. Noiz hasiko zara?

Ukan dugu lanean proposamena, ordu batez «enpresako yoga» egiteko. Onartzen dizuet kontent nintzela, yogaren onurak ezagutzen baititut, eta gustatzen zait —zerrenda luzeko guztiak ez ditut bizi ahal izan, aldiz— . Baina zer ari da yoga enpresetan? Enpresako estresari aurre egiteko nagusiak eskaintzen dizun aterabidea da. Management arazoei lotua izan daiteke zure estresa, gaizki izate sakonean zara jazarpena jasaten duzulako, burn-out baten atarian zara, gainditua zarelako, baina yogak salbatuko zaitu. Amazon ezaguna da bere lan baldintza txarrengatik. «Amazen» kabinak sortu ditu, luzaketak egiteko, meditazioa, bateriak berriz kargatzeko gisan. Modan den garapen pertsonalaren haritik doa: gaizki zara enpresak inposatzen dizun erritmoagatik, baina zuri da «barne iraultza» egitea, ahal bezain produktibo izateko. Neoliberalismoaren ideologia segituz, gu gara arazoa eta ez gure ingurumena. Eta psssit! Harrigarria da: arlo kolektiboa, politikoa eta soziala desagertzen dira. Yoga despolitizatzailea bilakatzen da. Ahazten dugu minaren jatorriari begiratzea. Zineb Fahsik saiakera kritiko bat idatzi du, Le yoga, nouvel esprit du capitalisme. Mundializatu den praktika bat, pribilegiatua, kode burgesak dituena, gorputz erakargarriak. Zehaztekoa da idazlea bera yogi-a dela. Tapizean etzan, hartu arnasa, iraultza dator.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.