Iragan asteburuan, Amikuzeko Zabalik elkarteak hizlari anitz bildu zituen Donapaleuko frantziskotarren etxearen historiaz mintzatzeko. Zabalik zen etxe bat hetsi zuten! deitu zuten mahai ingurua, hitz joko baten bidez oroitarazteko Zabalik elkarteak historikoki frantziskotarrekin ukan duen lotura. 1856 eta 2006 artean frantziskanoek Donapaleun ukan presentzia aipatzeko gehiago ziren mahai inguruan, baina hiru lekuko mintzatu dira Ipar Euskal Herriko Hitza-rekin azken hamarkadetan frantziskotarrekin egin duten bideaz.

Abiapuntuan, fraide frantziskotarren etxea irekia zela azpimarratu dute hiru hizlariek. Andre Pessans Zabalik elkarteko kide arberaztarrak gogoan du 1970eko eta 1980ko hamarkadetan bilkura gela baten xerka joaten zirela «laikoak» fraileengana, «sindikatu baten izenean, mugimendu giristino baten izenean, Amikuzeko talde politiko batzuen izenean», edo Herri Kontratuak eztabaidatzeko, besteak beste. Frantziskotarren artean ziren Salbat Bellemur eta Manex Erdozaintzi-Etxart, laikoekin elkarlanean aritzearen aldeko bi fraile aitzindariak «goizegi itzali» ziren Pessansen erranetan; 1982an lehena, 1984an bigarrena. Halere, ideiak bide egin zuen, eta 1989an frantziskotarren artean fraidez eta laikoz osatu talde baten sortzea mahai gainean zen.
Zabalik elkartearen sortzea
Bertrand Duclos frantziskotarrak akuilaturik, Pessans bera eta Pelle Errezarret amikuztarra gogoetaren parte izan ziren. 1991n egin zuten lehen bilkura «frantziskotarren eta laikoen» artean, 1993an Zabalik elkartea sortu arte. Pessansek gogoan du elkartearen helburu nagusia: «Ongietorriaren egitea eta laguntza ekartzea behar orduan diren pertsonei, beilariei, deskantsatu edo gogoetatu nahi duten jendeei, Euskal Herriaren eta euskararen alde ari direnei».
«Bagenuen nehork bezainbat han segitzeko dretxoa, ikusiz zer obra eta zer zerbitzu egina genuen»
PELLE ERREZARRET Zabalik elkarteko kidea
Gunea deskribatzeko «batzarri oneko lekua eta libertate leku bat ere» zela adierazi du Errezarretek. Harrera gunea hobetzeko inbertsio garrantzitsuak egin zituen elkarteak komentuan, La Toulousaine egoitzaren jabearekin hitzarmen bat adosturik. Gaur egun euskalgintzan zentratua den Zabalik elkartea, ordu haietan, komentuaren kudeatzailea zen. Testuingurua ere kokatu du Errezarretek: «Eskuin azkar hori gogorra zen Donapaleun eta Amikuze inguru horretan. Ikusmolde diferentea zutenendako leku bat zen frantziskotarren etxea», bere ustez.
Frantziskotarren antolaketan Probintzia zen hiru urteko eperako estrategiak finkatzen zituen autoritatea –Okzitaniako Tolosan kokatua zen– . Instantzia horretan, aldiz, fraide eta laikoen arteko elkarlana geroz eta gehiago dudan ezarria zen, eta Pessansek erran duenez, «2002an laikoen eta frantziskotarren arteko elkarlanaren geroa dilindan zen». 2005ean Zabalik elkarteak hiru lanpostu zituen harrera segurtatzeko, baina urte hartako martxoan Probintziak jakinarazi zuen Donapaleuko komentua itxiko zuela.

2005 eta 2006 urteak «dorpeak» izan ziren Zabalik-entzat, Pelle Errezarreten erranetan. 2006ko uztailera arte zoan La Toulousaine eta Zabalik-en arteko hitzarmena hausteko mehatxuak, laurogei pertsonako sostengu bilkurak eta bururaino harrera gunea mantentzeko eginahalak zerrendatu ditu Errezarretek: «Elkartasun ikaragarriaren medioz, urte bat gehiagoz lekua eta zerbitzua atxiki genituen, esperantzarekin geroan Zabalik-ek ukanen zuela leku bat etxe horretan», gehitu du. Baina Jean-Jacques Loustaudaudine buru, Donapaleuko Herriko Etxeak komentua erosteko interesa zuen, eta frantziskotarren hierarkiak herriari saltzekoa. Herriko agintariekin mintzatu ziren orduan elkarteko arduradunak Errezarretek oroitarazi duenez: «Erraten genuen bagenuela nehork bezainbat han segitzeko dretxoa, ikusiz zer obra eta zer zerbitzu egina genuen horra arte». Baina harremanak autoritate guztiekin ozpindu eta 2006ko urrian Zabalik erretiratu zen komentuaren kudeaketatik.
«Borroka biziki gogorra behar zen egin atxikitzeko gure liburutegia, edo frantziskotarren liburutegia»
MARGITTA MATHIEU Zabalik elkarteko kidea
Loustaudaudinen agintaldian, frantziskotarren garaian Xabier Egaña artistak egin murala tapatu zuten gaur egun Bideak deitzen den kulturgunea sortzeko egin obrek; «Arrunt ezabatu gabe halere, baina bistatik estaliz orobat», zehaztu du Errezarretek. Gaur egungo auzapezaren lantaldeak zuen, 2021eko ekainerako, margolan hori berriz agerian ezarri, freskatu eta estreinatu.
Erdozaintzi-Etxart gogoan
Frantziskotarretan izan zen Manex Erdozaintzi-Etxarten izena historiak gorde duenetakoa da. Manex Gogoan izeneko taldeak bereziki liburutegi bat errekuperatzea izan du lan ardatz nagusia. Erdozaintzi-Etxartek frantziskotarretan sortu liburutegiak 4.500 dokumentu ditu orotara: liburuak, hiztegiak, aldizkariak, egunkariak, artikuluak, kantu eta bertsoak. «Borroka biziki gogorra behar zen egin atxikitzeko gure liburutegia, edo frantziskotarren liburutegia», oroitu du Margitta Mathieuk, dokumentuak digitalizatzen aritu den boluntarioak.
«Joaten ginen sindikatu baten izenean, mugimendu giristino baten izenean, talde politiko batzuen izenean»
ANDRE PESSANS Zabalik elkarteko kidea
Hamabi urtez Amikuzeko mediatekan gela berezi batean kontsultarako paratuak izan ondotik, azken urteetan Zabalik elkartearen egoitzan gordetzen dituzte originalak; kopiak berriz, Baionako Iker zentroan dira ikerle gaien esku. Bestalde, Manex Gogoan taldeak zituen Otsail Ostegunak hitzaldi zikloak antolatu lehen aldiz. «Oraino bizi da. Entseatzen gara gai onak ukaitea, egungo gaiak, eta ni entseatzen naiz beti emazteak izatea hizlarietan», zehaztu du Mathieuk. Euskara da gaur egun Zabalik elkartearen ardatz nagusia.
Santos Beloki, Bertsularien Lagunak elkarteko sortzaileetan
Frantziskotarretan euskararen eta euskal kulturaren inguruan izan den sentsibilitatearen adibide bat gehiago da iragan agorrilean zendu zen Santos Beloki. Ezkurran (Nafarroa) sortu zen, 1936an, eta gazterik joan zen Arantzazura. 25 urte iragan zituen Donapaleun bizitzen, eta urte horietan Bertsularien Lagunak elkarteko sortzaileetan izan zen Xanti Iparragirre eta Jesus Arzallusekin batean. 1984an bertsolaritza irakasten aritu zen Donibane Garaziko ikastolan, Maulen geroago. Elkarteko zuzendaritzako kide izan zen 1987tik 1990era.
Pantxike Agirre kazetariak 2009an BERRIAn egin zion elkarrizketan hala laburbildu zuen Belokik elkartearen sortzearen xede nagusia: «Guretzat, bertsolariak sortzea baino gehiago, zaleak sortzea zen, bertsozaleak baldin badaude aterako direlako bertsolariak». Gerora Seguran egon zen, Zarauzko frantziskotarren komentuan, eta azken urteetan Bermeoko (Bizkaia) egoitzara erretiratu zen. Iragan agorrilaren 6an zendu zen.