Ez dakit kontent ala deprimitua egon behar dudan. 40 urte bete berri ditut. Are, asumitzen dut nire adina, hala egin behar baita zure buru eta gorputzarekin fasean zarelarik. Baina zer erran nahi du asumitzea zure adina? Nori inporta zaio? Inori ez. Iduri luke adina aitzinatu arau, gainditu beharreko bizi etapak baditugula. 40 urtetan adibidez, eskutan formulario bat bazenu bezala da eta hor diren laukitxoak markatu behar dituzu, emazteentzat zenbait gehiago ere. Galderen artean, haurrak ukan dituzun, bikote ona atzeman duzun, etxe moderno baten jabetza lortu duzun, sexualki loratua zaren, gorputza oraindik gazte eta trenpuan duzun, bilana egin duzun, berrogei urtetako krisia egin duzun, eta abar. Laukitxo horiek ez badituzu betetzen, 50 urtetako azterketa gainditzea zaila izanen zaizu. Gainera, diotenaz, xantza dut, anitzek erran didatelako ez nuela nire adinaren itxura. Ez dakit nola hartu behar den holako oharra. Jendetasunagatik hori erratea egokia iruditzen zaigu, baina 40 urteko bizipenak eta esperientzia ez dituzu baloratzen holakotan, eta gorputzaren itxura aldaketa naturala oraindik gutiago. Adinean aitzinatzea, errazago onartuko genuke itxura eta edertasunaren manatua ez bagenu buru gainean. Beste gauza anitz ere funtsean.
Jakin dudan zerbait salatuko dizuet. Sortzen garen ber, zahartzen gara, egunero. Gure kontratuan hala idatzia da, ez dugu hauturik. Eta batzuetan, zaharregi gara bizitzen segitzeko. «Gaur ni, bihar zu», Gaintzako hilerri sartzeko esaldiak dioen bezala. Hortik dator zahartzeak dakarren gaizki izatea, egunero heriotzatik hurbiltzen garela oroitarazten digula gure adinak. Baina hori azken geldialdia da, ez gara oraindik horretan.
«Zahartzeak deusik onik ez». Esaera zahar hori entzun izan dut eta errepikatu ere bai. Baina duela aste pare bat lagunek frogatu didate gauza onak ekartzen dituela zahartzeak. Urteen poderioz sortu laguntasunak bakarrik sortzen ahal baitu eskaini didaten heineko sorpresa.