Zailtasun guzien gainetik, euskaraz ikasi nahi dute

Baxoko notak selektibitateko nota bihurtzeko zailtasunez kexatu dira ikasleak, eta salatu dute ez dela aise baxoaren epeak eta Hego Euskal Herriko unibertsitateetako izena ematearenak uztartzea.

Donostiako Deustuko unibertsitateko campusa. BERRIA
Deusto unibertsitatea, Donostian. DEUSTO
Xalbat Alzugaray
2025eko irailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Baxotik landa Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheretik hala nola Gasteizera, Bilbora edo Donostiara joan nahi duten ikasleak ez dira guti gaur egun. Ikasle geroz eta gehiagok egiten badute hautu hori, zailtasunak ez dira ttipitu, oztopo administratiboak indarrean baitira oraino. Batetik, baxoa eta selektibitatea desberdinak direnez, notak ezartzeko modua ere guziz desberdina da. Ipar Euskal Herriko ikasleek baxoko notaren ekibalentzia lortu behar izaten dute Hegoaldeko unibertsitateetan sartzeko. Espainiako kontsulatuan notak konpultsatzeko pausoa egin ondotik, UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitateari igortzen dizkiote baxoko notak, selektibitatearen notaren baliokidea ateratzeko. Gero, unibertsitateetan izena eman, eta, behar bezainbertzeko nota badute, hautatu duten lizentzian sartuko dira. Dudarik ez da Euskal Herriko Unibertsitatean edo Hegoaldeko bertze zernahi unibertsitatetan sartzea zailagoa dela Frantziako edozein unibertsitate publikotan sartzea baino. Frantsesez ikasteko, Parcoursup plataforman izena eman eta oztopo administratibo mikorik gabe irekitzen dira unibertsitateko ateak, notari dagokion hautaketa alde batera utzirik.

Euskaraz ikasi nahi duten ikasleek hainbat oztopo dituzte, eta horretaz aritu dira Uxue Lannes Butron, Anita Elkegarai eta Xumai Gorostiaga Etxepare lizeoko ikasleak. Laurak Hego Euskal Herrira joanen dira irailean, euskaraz ikasi nahi baitute. Bide horretan, nahiz eta hirurak unibertsitate edo eskola pribatuetara abian diren, trabak atzeman dituzte izena emateko tenorean. Errate baterako, Elkegaraik informazioa falta zela nabaritu du baxotik landa Deustuko unibertsitatera sartzeko bidean. «Deustukoa unibertsitate pribatua denez, ez dugu informazio argirik izan izen ematearen inguruan. Jakin genuen ate irekitzeak bazirela, eta han erran ziguten izena online eman behar zela». Gainera, baxoko notaren ekibalentzia kasik ahantzirik, unibertsitateko ateak hesteko arriskua ikusi zuen. «Gure baxoko nota selektibitateko nota bihurtzeko, UNEDi pagatu behar zaio. Baina, lehenik, nota guzien agiriak konpultsatu genituen Espainiako kontsulatuan. Ez bagenuen guhaurek egin, nehork ez zigun eginen».

Epe desberdinak

Baxoaren eta selektibitatearen epeak desberdinak direnez, Deustuko unibertsitateko erantzuna apirilean jaso zuen Elkegaraik. Ondorioz, hautua «fite» egin behar izan zuen, azpimarratu duenez. Lannes Butronek ere epeei so egin die, eta azpimarratu du berari traba izan zaiola baxoko notak berant ukaitea. Unibertsitate pribatuetan baxoko notak inporta ez badu ere, baxoa ukaitea eskatzen dute. Ondorioz, Hegoaldeko ikasleek baino berantago eman diote IDarte eskolara sartzeko baiezkoa Lannes Butroni. «Trabagarria izan daiteke baxoko notak Hegoaldean baino berantago jasotzea».

«Gure baxoko nota selektibitateko nota bihurtzeko, UNEDi pagatu behar zaio. Baina, lehenik, nota guzien agiriak konpultsatu genituen Espainiako kontsulatuan. Ez bagenuen guhaurek egin, nehork ez zigun eginen»

ANITA ELKEGARAI Ikaslea

Gorostiaga, berriz, Dantzerti eskolara doa irailean, eta proba batzuk pasatu behar izan ditu antzerki eskolan sartzeko. Bertzeak bertze, bi liburu irakurririk joan izan behar izan zuen proba egitera, baita bakarrizketa eta inprobisazio ariketa batzuk egiteko prest izanez ere. Hori dena ia-ia baxoko azterketen aldi berean. «Epe kontua da zailena, baxoko eta Dantzertiko probak aldi berean baitziren».

Euskaraz ikasteko

Hiru ikasleek argi dute zergatik jo duten Hego Euskal Herrira baxotik landako ikasketak egiteko. Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko hauturik ezin ukan Euskal Ikasketez gain, eta fisioterapia ikastera joanen da Elkegarai. «Euskaraz ikasten segitzeko joan naiz Donostiara. Gainera, Frantzian zaila da fisioterapeuta izatea, medikuntzako lehen urtea egin behar baita espezializatu baino lehen».

Gorostiagak ere ez du hauturik izan. Antzerkigintza euskaraz ikasteko, ez du Dantzertiz bertzelako hauturik atzeman. «Hauturik ez dut ukan. Antzerkizalea naizelako eta euskaraz ikasteko gogoa nuelako joanen naiz Dantzertira». Lannes Butronek ere ez zuen Euskal Herritik joan nahi, eta, lizentzia egiteko erabakia hartu ondotik, diseinu grafikoa euskaraz ikasi ahalko du. «Euskaraz ikasteko jo dut IDartera, arrotza izanen baitzitzaidan frantsesez ikastea, azken finean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.