Lurzaindiko kidea

Johanne Foirien: «Zaintza lanik gabe, oraino haboro handitzen ikusiko genituzke aberatsenak»

Dirua biltzeko kanpaina bat abiatu du Lurzaindiak Ainharbe, Ahurti eta Arüeko hiru etxaldetan eraikinak erosi, obrak egin eta laborariak plantatzen laguntzeko.

Johanne Foirien, Ainharben, iragan astean. JOANES ETXEBARRIA
Johanne Foirien, Ainharben, iragan astean. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
Ainharbe
2025eko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Lurzaindiak diru bilketa bat abiatu du hiru etxaldetan eraikinak erosi, obrak egin eta laborariak plantatzen laguntzeko. Lurzaindiko kide da Johanne Foirien (Ainharbe, 1980), Arrapitz federazioko ordezkari gisa. Laurehun hektareaz goiti lur erosiak ditu Lurzaindiak, berrogei bat laborarik baliatzen dituztenak.

Zergatik inportantea da Lurzaindia?

Lurzaindiak bi mailatan eragiten du: batetik, hazkurri emaile den lurraren begiratzeko, eta, bestetik, ondasunen erosteko. Lurrak bereganatzeko lana ezinbestekoa da lur horiek laborantzarako geldi daitezen. Inportantea da lur horiek betirako merkatu espekulatibotik ateratzea ere, eta ondasun komunak bilaka daitezen, laborari egiturek kudeaturik. Behin Lurzaindiak erosita, lur horiek ezin dira gehiago saldu. Ipar Euskal Herriko ondasun bilakatzen dira, eta hemen laborantzan plantatu nahi duena lur kolektibizatu horietan aritu daiteke. Gainera, Lurzaindiak plantatzen dituen xedeak oro labeldunak dira: biologikoan, Ossau-Irati sor-markan, Idokin... Horrek bermatzen du laborantza herrikoi, biologiko eta iraunkorra izatea. Ondasunen oinordekotzatik ateratzen gara, eta jabegoaren kontzeptutik ere bai; horiek dira ene parte hartzearen arrazoi nagusiak.

«Lurzaindiak dituen lur eta etxaldeekin, ondasunen oinordekotzatik ateratzen gara, eta jabegoaren kontzeptutik ere bai»

Alta, bada prezioen espekulazioa. Gainera, laborantza lur bat salgai delarik, ohikoa da inguruko laborariek erosteko interesa ukaitea.

Lurren beretzeko nahia ez da berria; uste dut beti izan dela. Europako diru laguntzak ez dira etxalde zailenetara bideratzeko politikaren ondorio; hein gabeko handitzeak laguntzen dituzte. Horrek ere sortzen ditu lurrak beretzeko jarrerak. ELBren eta Lurzaindiaren lana da ahalik eta laborari gehienentzat plantatzea posible izatea, lurrak partekatuz. Egiten den zaintza lana gabe, oraino haboro handitzen ikusiko genituzke aberatsenak, eta beste batzuek ezin lukete lurraz jabetu. Kapitalaren bidezko kolonizazio baten gisakoa da. Palestinan ikusten da kolonizazioa populazio ordezkapenarekin eta lurrak beretuz egiten dela... Ez bada laborantzarako lurrik, ez da herririk, ez da populurik, ez da elikadura autonomiarik. Horren kontra borrokatzea aberastasuna partekatzea da, eta denei uztea lan tresna hori ukaiteko parada.

Lurzaindiak diru ekarpenak galdetzen dizkie herritarrei. Iduri zaizu kontzientzia azkarra dela jendeen artean?

Lurzaindiaren eta ELBren lana azken abantzu 50 urteetako Ipar Euskal Herriko ibilbide politiko eta sindikalean kokatzen da. Pentsatzen dut historian izan den laborari borroka bakoitzak gehitu diola dinamika bat besteari. 2021ean Arbonan izan zen okupazioan, zehazki, borrokak uztartu ziren: herritarren mugimendua eta sindikatu borroka. Borroken konbergentzia gertatu zen, eta denak bazkatu ginen besteen borroka praktikez. Hasieran Bost deitzen zen mugimendua, orain Ostia gisa birformatu dena, espekulazioaren kontrako funtsezko borrokan ari da. Haien lana gabe, gurea ez litzateke berdina gaur egun; zinez laguntza militante, intelektual eta praktikoa ekartzen du uztartze horrek. Kontzientzia hartze zabalagoa ere ekartzen du, bereziki laborantzako lur anitz galdu dituen kostaldea gehiago hunkiz. Bada Kanboko Marienea, baina borroka gehiagora ere ireki gaitu.

 DSC7524 00001
J.E.
Ainharben bizi zara, eta zure lehen auzoa Kako etxaldea da. Lurzaindia sortu aitzineko Lurra GFAk erosi zuen.

Arrunt sinbolikoa da. Kako etxaldeko lurrak 2008an erosi zituen Lurra GFAk, Jasmine eta Fred Larrañaga han planta zitezen. Garai berean sortu zen Bizitegia elkarteak erosi zuen etxea, Jasmineri eta Fredi alokatzeko. Hego Euskal Herriko laguntza zinez handia izan zen. Lurzaindia fundazio bilakatu zen, eta Bizitegiak, logikoki, Kako etxea Lurzaindiari eman zion. Arditegia Fred eta Jasminek erosi zuten, baina haien nahia zen lan tresna bere osotasunean Lurzaindiaren esku uztea, ondasun komuna bilakatzeko. Garaipen handia da etxalde osoa ondasun komun izatea eta ondoko urteetan transmisioa posible bilakatu izana.

Aurten abiatu duzuen kanpaina berriak, Kako etxaldeaz gain, beste bi ere lagunduko ditu.

Ahurtiko etxalde bat erosia izan zen 1980ko hamarkadan, eta, han ari zen baratzezainak aktibitatea uztean, arbolazaintza eta hegazti hazkuntza xede bat zuen laboraria hautatu zuen Lurzaindiak. Berritze lanak eta lurren egokitzapenak egin dira. 35.000 euro ezarri dira horretarako. Bestalde, Arüeko etxalde baten lurrentzat bikote bat hautatua izan zen; Behorlegin egitura txikiegia zuten, eta Arüen lur gehiago ukanen dituzte ardientzat. Etxaldeko beste lur batzuetan fruitu arbolazaintza xede bat ere bada. Eraikin zahar bat berritzekoa da han; 55.000 euro behar lirateke horretarako.

«Garaipen handia da Kako etxalde osoa ondasun komun izatea eta ondoko urteetan transmisioa posible bilakatu izana»

 

Kanpotik heldu direnentzat, beraz, laborantzan plantatzea errazten du Lurzaindiak?

Familiaz kanpo plantatzea beti zailagoa da, nahiz eta familian beste gisako zailtasunak dituzten. Lurzaindiak bere inguruan, gainera, badu laguntza sare zabal bat pertsona horientzat. Ez ditugu begiratzen laborariek egiten dituzten hautuak behin plantan delarik, baina nahi genuke ikusi zer behar dituzten eta zertan laguntzen ahal ditugun lana errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.