Zaintzari buruzko solasaldia antolatu du Baionako PAF elkarte feministak

Otsailaren 7an izanen da, arratsaldeko lauretan, Baionako Paul Bru aretoan. Helburua izanen da zaintza lanei ezagupena ematea eta horien inguruko borrokez hausnartzea. Euskal Herri osoko adituak jinaraziko dituzte.

2023ko maiatzean Loverdose festibalaren karietara PAFek antolatutako tailer bat. GUILLAUME FAUVEAU
2023ko maiatzean Loverdose festibalaren karietara PAFek antolatutako tailer bat. GUILLAUME FAUVEAU
Baiona
2026ko urtarrilaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zaintza hitzak erranahi eta definizio ezberdinak ukan ditzake. Baionako PAF elkarte feministak nahitara ezarri nahi izan dio titulu zabala antolatuko duen mahai inguruari: Zaintzak. Zaintza mota bat baino gehiago diren heinean, esparru eta ikuspegi bat baino gehiago jorratuko dituzte hiru adituk Zaintza lanak balioetsi, ikuspuntu feministaz: begirada gurutzatuak Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko borroken inguruan hitzaldiaren karietara. Helburua argia da: ikuspuntu feministatik zaintza lanak balioestea eta hori lortzeko borroken inguruan hausnartzea. Zaintza lan horiek ez baitituzte etxez etxeko laguntzaileek bakarrik egiten: norbanako ororen ardura da zaintza, baina usu emazteek hartzen dituzte beren gain. Hitzaldian, bestalde, aipagai izanen dute familiaren edo beste gisa batzuetako harreman sozialen karga emozionala, eta azpimarratuko dute genero bereizketan oinarritzen diren mekanismoek bere hartan dirautela. Otsailaren 7an izanen da hitzaldia, 16:00etan, Baionako Paul Bru gelan. 

«2023an Euskal Herriko Bilgune Feministak zaintza lanen grebara deitu zuen, eta horren harira, hausnarketa eta eztabaida sakonak eraman. Abiapuntu bat izan zen langile profesionalek eta egunerokoan emazteek etxean egiten dituzten lanak aipatzeko, maiz jendarteak ikusezin bihurtzen baititu», azaldu du Maria Delval PAF kolektiboko kideak. Bide beretik, zaintza eta osasun arloko langile profesionalen lan baldintzak prekarioak dira oraindik ere. Delvalek azpimarratu du emazte «arrazializatuentzat» zailtasunak «areagotzen» direla, ez baitute aski babes.

Ikuspuntuak gurutzatzea

Mahai inguruaren animatzeko, Ipar eta Hego Euskal Herriko hiru eragile bilduko dituzte. Evelyne Mouesca etxez etxeko laguntza zerbitzuetan aritua da hogei urtez, eta Ipar Euskal Herriko LAB sindikatuko militantea. Elene Lopetegi Olea Euskal Herriko Bilgune Feministako kidea eta Denon Bizitzak Erdigunean dinamikako kidea ere hor izanen da. Baita Lore Lujanbio Etxeberria ere, militante transfeminista, ikerlaria eta Zaintzaren dispositibo patriarkala tesiaren egilea. Hirurek elkarrekin, zaintzaren inguruko borroken konparazio bat eginen dute, bakoitzaren lurraldearen mugak eta borrokak aipagai harturik. Mobilizazioen parekatzea interesgarria iruditzen zaio Delvali, haren ustez Iparraldean «mobilizazio orokorrak falta» baitira, eta instituzioen rolak zalantzan jartzekoak baitira. Preseski, iruditzen zaio zaintza lanen instituzionalizatzea eztabaida garrantzitsua dela: «galdera marka handi bat» da, haren aburuz, langileen prekarizatzea ekar dezakeena.

Bestalde, borroka sindikalak eta feministak uztartzeko parada ikusten du Delvalek, eta ontzat jo du hiru gomiten ikuspegien ukaitea. Evelyne Mouesca LAB sindikatuko kidea izanik, zaintza arlo profesionalean ukan duen ibilbidea kontatzen ahalko du. Elene Lopetegi Oleak, berriz, Bilgune Feministaren ikuspegia azalduko du, orokorragoa, eta zaintzaren merkatuaz eta etxeko lanen ikusezintasunaz solas egin. Azkenik, Lore Lujanbio Etxeberriaren ekarpen teorikoa funtsezkoa izanen da, zaintza lanak ez ordaintzeaz mintzatuko da, feminismo materialistaren ikuspuntutik.

«Ohartu gara antolatzen ditugun trukeetan betiko jendeak eta sentsibilitateak biltzen direla. Gogoa genuen Baionako zentrotik haratago ikusteko, mugitzeko eta langileengana joateko»

MARIA DELVAL PAF kolektiboko kidea

Mahai inguruak bi oren iraunen ditu guti goiti-beheiti, eta euskaraz eta frantsesez itzulia izanen izanen da kaskoen bidez. Sartzea prezio librean izanen dela zehaztu du kolektiboak. Lekuari dagokionez, usaiak aldatzea erabaki du kolektiboak, Baiona iparraldeko San Estebe auzora mugitu baita elkartea, Paul Bru aretora. «Ohartu gara antolatzen ditugun trukeetan betiko jendeak eta sentsibilitateak biltzen direla. Gogoa genuen Baionako zentrotik haratago ikusteko, mugitzeko eta langileengana hurbiltzeko», esplikatu du Delvalek.

Hitzaldiaz bestelako ekintzak antolatzen ere ari da PAF. Elkarlana lehenesten dute, inguruko elkarteekin batean aritzeko asmoak erakusten duen bezala. Bitxi Bitxi queer kolektiboarekin, adibidez. Izan ere, Deskoloniza ditzagun gure sexualitateak hitzaldia antolatu zuten iragan ekainean. Gisa bereko beste proiektu batzuk plantan ezartzea aurreikusten du PAF elkarteak, beste kolektibo batzuekin batera, feminismoaren ildotik gizarteko beste gai batzuk jorratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.