Sukila elkarteko kidea

Txomin Hiriart-Urruti: «Zenbait borrokari sostengua erakusteko manera bilakatu ziren erraldoiak»

Kanboko Sukila elkarteak 40 urte pasatu ditu ziganteekin Euskal Herriko karrikak zeharkatzen. Urteurrena ospatzeko, egun berezia antolatu dute biharko, Kanbon bertan.

Kanboko Sukila konpartsako erraldoiak, Gaztelugatxen. HITZA
Kanboko Sukila konpartsako erraldoiak, Gaztelugatxen. HITZA
julene muruaga
2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitaren eta lagunen bidea segituz sartu zen erraldoien mundura Txomin Hiriart-Urruti (Kanbo, 1990), 19 urte zituela. Herriko erraldoien konpartsara sartu zen: Sukila elkartera. Badu orain 40 urte Kanboko erraldoiek Euskal Herriko kaleak zeharkatzen dituztela gaita eta atabal doinuekin batera. Bihar, 40. urteurrena ospatuko dute, Kanbon, 11:00etatik goiti. 

Badu 40 urte Sukila erraldoi elkartea sortu zutela. Denboran atzera eginda, zergatik sortu zen Sukila?

1986an sortu zen. Kanbo eta inguruko gazte batzuek nahikaria ukan zuten sortzeko erraldoi konpartsa bat. Zergatik erraldoiak? Zeren eta garai hartan ez baitzen erraldoi konpartsarik Ipar Euskal Herrian. Aitzin izan ziren Biarritzen, Donibane Lohizunen... baina konpartsa horiek desagertu ziren, eta erraldoiak ere desagertu ziren. Beraz, berpizteko nahikaria izan zen. 1980ko hamarkadan izan zen euskal kulturaren berpizte momentu bat. Eta Hegoaldean baziren erraldoi aski famatuak, Iruñekoak eta abar. Hori eredutzat hartuz, gazte horiek ideia ukan zuten beren aldetik ere ekarpen bat egiteko euskal kulturari, erraldoien konpartsa bat sortuz.

Lau erraldoi dituzue. Nolakoak dira, eta zer irudikatzen dute?

Hastapenean Kanboko zurgin batek zituen itxurak egin. Eta horren inguruan egin ziren lehen buru eta itxura batzuk, eman zitzaizkienak erraldoiei. Baina ez ziren biziki egonkorrak, eta urte bat edo biren buruan erabaki zuten piruzko erraldoiak egitea. Beraz, momentu hartan kristoren lana egin zen eskulturak egiteko, poliesterrezko eskultura batzuk eta eskultura horien gainean piruarekin forma gogor baten emateko. Eta, beraz, lau erraldoi sortu ziren. Bi bikote dira, bikote bat adinekoa, laborariak; beste bikotea gazteagoa da, eta burges batzuk dira.

Zergatik pertsonaia horiek?

Helburua zen XIX. mendeko euskal gizartearen errepresentazio bat egitea, eta populazioaren parte desberdinak erakustea. Kanboko historiari lotua ere bada. Historikoki, laborariak betidanik hor izan dira, baina burgesia XIX. mendean ere garatu da, eta lekua hartu du. Beraz, hori irudikatu nahi izan zen.

Zuen erraldoiak badira kulturalak, baina baita politikoak ere. Zuen erraldoiek 'Presoak etxera' banderak dituzte soinean.

Ni oraindik ez nintzen elkartean hori erabaki zelarik. Funtsean, Sukila beti izan da politikoki murgildua. Hasieratik beti izan da presente manifestaldi, ekitaldi eta mobilizazio anitzetan. 2000ko hamarkadaren hasieran hasi ziren lehen bizkarreko batzuk eramaten, bereziki Filipe Bidart eta Lorentxa Beirieren aldeko mezuekin. Beste batzuk ere izan ziren. Eta beste hainbat borrokari sostengua erakusteko manera bilakatu ziren erraldoiak. Egun, Euskal Herriko erraldoien artean, bakarrak gara gure orientazio politikoa hain argiki berresten dutenak eta erraldoien bidez argitara erakusten dutenak.

Horren harira, 2023ko Bilboko Aste Nagusian ika-mikak ukan zenituzten mezu politikoengatik.

Hego Euskal Herrian, presoen burua erakustea debekatua da duela orain hainbat urte, eta, beraz, ez genuen egiten. Orduan, segitzen genuen presoak etxera banderarekin desfilatzen. Baina 2023an, Bilboko Herriko Etxeko norbait horretaz ohartu zen, presoen aldeko banderarekin ibiltzen ginela, eta, beraz, horren kontra egin zuten. Mehatxu egin zuten erraldoien eguna antolatzen duen konpartsaren diru laguntzak etengo zituztela berriz agertzen baginen. Izan zen gatazka bat, baina hango konpartsak azkarki sustengatu gintuen. Ez zuen atzera egin, eta azkenean lortu genuen manera desbideratu batean gure aldarrikapena ematea Bilboko Aste Nagusian.

Beste halako arazorik ukan ote dituzte?

Hain azkarrik ez. Baina beti entzuten dugun zerbait da. Izan instituzioen aldetik, izan batzuetan antolatzaileen aldetik. Guk gure ildoa argi dugu, eta ez gara ateraldien edo kontratuen atzetik ibiltzen. Beraz, ez dugu atzera egiten, eta gu garen bezala etortzen gara. Jendeak ez badu nahi, ez gara etortzen, eta guri bost axola.

«Argi izan dadin, ez dugu sekula atea hetsi neskei. Arazoa fisikoa da, eta neskei gertatzen zaie, baina mutiko anitzi ere gertatu zaie ez segitzea erraldoiek duten pisuagatik»

Sukila elkartea ikusterakoan, neska arras guti bada, ez bada zero. Nolaz?

Lehen gauza da gure erraldoiak bereziki pisuak direla, 50 kilogramo inguru. Badira beste konpartsa batzuk egin dituztenak karbonozko erraldoiak, edo materia nahiko arinetan. Sukilan ibili diren neskak izan dira, baina aski zaila egiten zitzaien desfilatzea. Eta, beraz, ez zuten segitu. Argi izan dadin, ez dugu sekula atea hetsi neskei. Arazoa fisikoa da, eta neskei gertatzen zaie, baina mutiko anitzi ere gertatu zaie ez segitzea, erraldoiek duten pisuagatik.

Badu hogei urte elkartean zarela. Bazenituzke anekdotak...

Anitz izan dira. Duela hiru urte, elkarteko kideen artean desafio nahiko eroa bultzatu genuen, erraldoiekin Itsasuko Mondarrain tontorrera igotzea, bertan dantzatzeko. Desafio nahiko eroa izan zen. Eta biziki ederra. Beste bat: Lorentxa Beirie preso politikoaren harrera bestan erraldoitik bere potreta kendu zuelarik momentu izugarri ederra izan zen. Xan haren anaiak ere egin zuen. Anoetan egin genuen desfile bat ere oroitzen dut, derbi baten harira, duela hamabost urte. Eta Gaztelugatxera igo ginelarik, duela bi urte. Horrelako momentu biziki ederrak bizi izan ditugu.

Sukilaren egungo egoera nola ikusten duzue?

Elkartea nahiko ongi doa. Berrogei urteko ibilbidea eginik, lortu dugu gure lekua Ipar Euskal Herriko mundu kulturalean. Kideen aldetik arraberritze bat bada, arraberritze nahiko motela baina beti hor dena. Eta lortzen dugu beti 25 kide inguru izatea. Bistan da, beti izaten dira gorabeherak. Berrogei urteekin batera, nahiko genituzke erraldoi ttipiago batzuk sortu, lekua emateko gazteagoei edo pisuarengatik zailtasunak dituztenentzat ere bai. Horrez gain, Kanbotik at ere ohartzen gara gero eta erraldoi konpartsa gehiago badirela Ipar Euskal Herrian, Saran eta Bardozen bezala, adibidez. Mundu hori aberasten ari da, eta oso positiboa egiten zaigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA