Agorrilaren 12an, arratseko zortziak aldera, denek zerura begira egon beharko genuela ulertu genuen, momentu historiko baten zain. Euskal Herrian, gainera, eklipsearen fenomenoa ongi ikusteko parada ukanen genuela adierazi ziguten. Denak zeruari so, gauza beraren beha. Behingoz, herri oso bat norabide berera begiratzen. Alta, ordubeteko une horren prestaketan jada, ikusi nuen zenbat zebiltzan oraindik beren zilborretik burua altxatu ezinean: nork lortuko zuen auzoko farmaziako azken betaurreko parea; nork erosiko zituen hogei, azken momentuko erosketa zaleei garestiago saltzeko; nor izango zen lehena bista puntu hoberenean autoa aparkatzen...
Arratseko zortziak iristerako, denak ginen mendi kasko zein itsas bazter batean. Hala ere, hor ikusi zen elkarren arteko momentu goxo baten partekatzeko aitzakia zirela Eguzkia eta Ilargia gau hartan. Gazteak, haurrak, burasoak, zaharrak, ez hain zaharrak..., garagardo bat edo sagar jus bat partekatzen, ogitarteko bat edo tortilla zati bat esku batean eta begi lagunak bestean ikusgarriaren zain. Pixkanaka, buruak makurtu ziren geroz eta atzerago. Ilargiak Eguzkia gehiago gordetzen zuen heinean, kendu nituen begi aitzineko bi plastiko zati babesleak. Bazterretara begira jarri nintzen. Erdi egun erdi gau hartan ikusi zen, denak norabide berera so egon arren, nor beretik urruntzea zer zaila den.
Horregatik aski fite agurtu nituen Eguzkia eta Ilargia; ez nukeelako itsutu nahi ingurura behar beste ez begiratzeagatik. Â