Egun guziak ez dira hala, baina euskaraz «libreki bizitzeko» egun bat eskaintzen du Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak. «Irudikatzen dugun Euskal Herri libre batean egun bat bederen pasatzeko parada da, goxoki, libreki, naturalki eta estres linguistikorik gabe euskaraz aritu ahal izateko», adierazi du Ladix Arrosagarai Baltsan elkarteko kide eta antolatzaileak. Zazpigarren aldia izanen du Baltsan elkarteak eta Argia hedabideak partaidetzan antolatzen duten azokak, eta datorren larunbatean ospatuko dute, ekainaren 6an, Ziburuko plazan, Euskaraz baikara lelopean. Euskarari eta euskal hiztunei «arnas une» bat eskaintzea dute xede. Argia-ko kazetari eta azokaren antolatzaile Jenofa Berhokoirigoinek gehitu du «diglosia eta zapalkuntza kanpo gelditzen» diren eremuak direla, eta bi antolatzaileek bat egin dute errateko ekinaldi kulturala dela, bai, baina batez ere «politikoa».
Hainbat euskaltzalek sentitzen zuten behar batetik abiatu zen azokaren ideia. Euskal komunitatea batzeko eta euskaraz bizitzeko aukerak falta zituztela argi ikusten zuten, eta Euskaraldiaren garaian batu ziren hainbat lagunek hortik haratago joateko «beharra eta potentziala» nabaritu zituzten. «Euskaralditik landa ohartu ginen biziki euskalduna izan den eremu batean garela, baina gibelamendu azkarra ukan duela azken 50 urteotan. Gaur egun, ziburutarren %10-12 baizik ez dira euskal hiztunak. Beste leku batzuekin alderatuta, ez da hain guti ere, baina bakartuak gara, eta behar ditugu elkartzeko tarteak», kontatu du Arrosagaraik.
«Euskara hutsean ari den komunikabide bat gara, Euskal Herri euskaldun bat dugu helburu, eta, egunerokoan euskarazko kazetaritza eginez, gure harritxoa ematen ari gara. Beste eragile andana bat ere horretan ari dira, eta euskal sortzaileak horren barne dira. Erakusleihoak behar ditugu»
JENOFA BERHOKOIRIGOIN 'ARGIA'-ko kazetaria
Hortik, elkarren artean juntatzeko hitzordu bat finkatzearen ideia jin zen. Justuki, Argia-k 100 urte betetzen zituen 2019ko urte hartan, eta, hedabide nazionala den heinean, «bi aldeak» batzeko egitasmo bat plantan ezartzen ahalko zuketela pentsatu zuten. «Euskara hutsean ari den komunikabide bat gara, Euskal Herri euskaldun bat dugu helburu, eta, egunerokoan euskarazko kazetaritza eginez, gure harritxoa ematen ari gara. Beste eragile andana bat ere horretan ari dira, eta euskal sortzaileak horren barne dira. Erakusleihoak behar ditugu», osatu du Berhokoirigoinek. Euskarazko sorkuntzari leku berezia egin nahi zioten, beraz, eta osagai guziak biltzen zituen azokaren ideiak. Hastapena nahiko xumeki egin bazuten ere, behar bati erantzuten diola argitu da fite, anitz hazi baita azoka denbora gutian: aurten, 41 argitaletxe, diskoetxe eta autoekoizle izanen dira, eta egun osoko egitarau oparoa izanen da. Lehen urtean 400 bat bisitari izan zituzten, eta mila bisitarien heina gainditu zuen iaz. Emeki-emeki «errotzen ari da» ekinaldia.
Ekosistema babestu
Euskararen kontrako oldarraldia ikusita, euskarazko sorkuntzak «berebiziko» garrantzia duela uste dute antolatzaileek. «Euskarak egiten gaitu herri, eta kulturak herri bizi», erran du Arrosagaraik. Sorkuntzarik gabe kultura «fosiltzen» dela pentsatzen du. Horregatik, hain zuzen, euskal sorkuntzaren ekosistema hori «baitezpadakotzat» dauka, eta euskarak bizirik irauteko euskaraz «idazten, antzezten, marrazten, kantatzen, inprobisatzen eta irriarazten» dutenak sostengatu behar direla uste du. Eta hala egitea «ekintza militantea» da. «Argi da jomugan dela euskara, agerian ala erdi gordeka jasaten dituen eraso orotan. Nahiko elementu badira eraso antolatu, koordinatu eta orokor bat dela segurtatzeko. Biziki ontsa ulertua dute hizkuntzak zer garrantzia duen, diferente egiten gaituelako», segitu du. Eta horregatik, euskarak «galdu dituen eremuen bila» joan behar dela defendatu du.
«Argi da jomugan dela euskara, agerian ala erdi gordeka jasaten dituen eraso orotan. Nahiko elementu badira eraso antolatu, koordinatu eta orokor bat dela segurtatzeko. Biziki ontsa ulertua dute hizkuntzak zer garrantzia duen, diferente egiten gaituelako»
LADIX ARROSAGARAI Baltsan elkarteko kidea
Bide horretan, sortzaileendako publikoarekilako harremana trinkotzeko balio du azokak, bestalde. Erakusmahaietan, bai, baina ez bakarrik: sei liburu aurkezpen izanen dira egunean zehar: Auzolanaren lurretan, EHZ 1996-2026 (Aitor Servier eta EHZ egiletza kolektiboa, Elkar); Kantu leuna (Leila Slimani, eta Nahia Zubeldia itzultzailea, Alberdania); Euskal Herriko zuhaitzak eta arbolak (Jakoba Errekondo, Argia); Odol guztiak du burdin gustua (Gregorio Muro Harriet eta Carlos Varela, Harriet ED); Lera (Castillo Suarez, 1545) eta Zaldi bat (Maddi Ane Txoperena, Txalaparta). Horrez gain, omenaldi berezia eginen diote Beñat Oihartzabal hizkuntzalari, irakasle eta idazleari, irekitze ekitaldian. Celine Mounole hizkuntzalari eta irakasleak gidaturik solasaldia emanen du Oihartzabalek, 10:10ean. Zehaztekoa da BERRIAk eta Ipar Euskal Herriko Hitza-k erakusmahaia izanen dutela egun osoan: besteak beste, BERRIAren denborapasak, eta haurrendako Mantangorri denborapasak eta misterio jolasak izanen dira eskuragai. Arratsaldean, Martxelo Otamendi izanen da mahaian, bere biografia liburua sinatzen.
Musikak ere leku berezia duela esplikatu du Arrosagaraik: «Egindako bidean zehar, ohartu gara maldan behera zihoala musikagintza, eta batez ere ekoizpena. Musika entzuteko eta kontsumitzeko ohiturak aldatu dira, eta diskoa, oinarri fisiko gisa, anitz apaldu da. Horregatik, kontzertu ttipiak antolatzea proposatu dugu, musika sortzaileei beste plaza bat emateko». Pantxix eta Mariek, Indigok, Maite Larburuk, Xabier Badiolak eta Jurgi Ekizak kantatuko dute egunean zehar. Baina azoka ekosistema oso baten aterpe izatea nahi dute, eta, literaturaz eta musikaz gain, sorkuntza mota gehiagori ere emanen diote lekua: umorezko saio bat, bertso eta marrazki dema bat, eta rol jokoak ere izanen dira. «Euskal komunitatea elkartu nahi dugu; euskara ikasten duenari praktikatzeko aukera eskaini nahi diogu, euskara dakienari euskaraz bizitzekoa, eta ikasleei erakutsi nahi diegu euskara ez dela bakarrik eskolako hizkuntza», erran du Arrosagaraik.
Finean, «askatasun» garai bat da azoka Berhokoirigoinen aburuz. Eta Arrosagaraik uste du halako gero eta gehiago behar direla: «Baitezpadakoak ditugu halakoak, euskal komunitatea elkartu egin behar dugulako. Ez da komunitarismoa, batzuek leporatuko liguketen bezala. Askatasun tarteak dira, gure hizkuntzan bizitzeko. Izan bi ordukoak edo egun osokoak, baina biderkatu behar ditugu halakoak». Norabide horretan, preseski, Azokaroa antolatu zuten maiatza osoan —atzo bururatu zen—, eta inguruko herrietako elkarte eta eragileekin partaidetzan egin dute. Azoka denboran eta espazioan mugatua den heinean, plazako paretak sinbolikoki pusatzeko balio du.
Gogoetarako lekuak eskaintzea ere bada beren xedea, eta, Azokaroaren karietara, Euskal Irratietan mahai ingurua antolatu zuten Iñaki Iurrebasorekin, Eneko Gorrirekin eta Intza Gurrutxagarekin: Larrialditik iratzarraldira. Arrosagaraik gogora ekarri du Iñaki Iurrebasok errandakoa: geldialdi batean dela euskara, gibel egiteko arriskuan, eta horri aurre egiteko arnasguneak —euskal hiztun kopurua %80koa baino gehiagokoa duten tokiak— salbatzea funtsezkoa dela. «Horiek ere maldan behera ari dira, eta baitezpadakoa da horiek salbatzea. Lapurdiko kostalde honetan arnasgunerik ia ez da, edo ez gehiago; beraz, sortu behar ditugu arnas uneak», adierazi du.
«Enetzat, euskara hizkuntza egokia da sentimenduak adierazteko»

Etxeko disko bildumak eman zion musikaren gustua Eneko Lamotheri (Senpere, 1998). Bakarlari gisara abiatu zen kantaria, eta orain, laukote bilakatu da Indigo proiektua: Julien eta Mathieu Bordenave anaiek eta Allande Etxeberrik osatzen dute. Lehen disko laburra plazaratuko dute ekainean, bost kantuz osatua. Ziburuko Liburu eta Disko Azokan bikote moduan arituko dira, akustikoan, heldu den larunbatean, 15:00etan.
Topaketa bat izan da Indigoren abiapuntua...
Hasieran bakarkako proiektua zen. Beste talde batean ibili nintzen, baina uztea erabaki nuen, ene kantu propioak aurkezteko gogoz. Ene izenean hasi nintzen beraz, bakarka, eta kontzertu batean soinu teknikari lanetan ari zen Mathieu Bordenave ezagutu nuen. Hortik aitzina, elkartu ginen, binaka jotzen hasi ginen, eta Indigo gisa hasi ginen jotzen; hark gitarra jotzen du. Kantu batzuk elkarrekin sortzen hasi ginen, eta pixkanaka, grabatzeko gogoa piztu zitzaigun. Orduan, Mathieuk proposatu zidan bateria eta baxua sartzea, zerbait indartsuagoa egiteko. Hark ongi ezagutzen du musika, eta horretara bideratu nahi ninduen, beraz gogotik onartu nuen. Horrela sartu ziren Julien Bordenave bateria jolea —Mathieuren anaia— eta Allande Etxeberri baxu jolea. Laurak bildu ginen, eta hasi ginen kantuak birmoldatzen. Grabatzeko aukera etorri zen gero, Tarnosen, eta iragan urrian bost kantu grabatu genituen. Laster aterako da disko laburra.
Nola jin zitzaizun musikan bide bat egiteko gogoa?
Ez dut sekula musikaren teoriarik ikasi, autodidakta naiz: bakarrik ikasi dut gitarra jotzen, tutorialen bidez, logelan orenak pasatuz. Betidanik maite izan dut musika. Etxean, disko anitz bagenituen, eta aitarekin partekatzen eta trukatzen genituen.
Nolako sorkuntza prozesua duzue?
Orain arte, nik ditut hasierako melodiak eta hitzak sortzen, estruktura bat osatuz. Gehienetan, melodia heldu zait lehenik, gitarra joz, eta horri uztartzen dizkiot hitzak. Zerbait osatzen dudanean, Mathieurekin biltzen gara, eta dena berriz hartzen dugu moldaketak egiteko, zubiak gehitzeko, errepika mozteko... Lan hori elkarrekin egiten dugu, eta duen materialarekin maketak grabatzen ditugu. Ondotik, taldeko beste kideei igortzen dizkiegu maketa horiek, eta, azkenik, lauak biltzen gara kantuak lantzeko.
Eta nola asmatzen dituzu hitzak?
Erranen nuke bi gauzaren araberakoak direla. Momentuan dudan umorearen araberakoak edo sortzen dudan melodiaren araberakoak. Melodia alaia bada, zerbait alaiagoa idatziko dut, eta kontrara, melodia aski apala edo minorra bada, zerbait malenkoniatsua... Bizipen pertsonaletatik abiatzen naiz, baina entseatzen naiz orokortzen, nahi baitut jendeak bere iritzia egin dezan, eta beregana dezan kantua, entzuten duenaren arabera nahi duena irudikatzeko.
Euskaraz idaztea kontzienteki egindako hautua izan da?
Egia erran, naturalki hasi nintzen euskaraz idazten, ez nuen baitezpada gogoetatu, baina euskaraz egiten dut ene bizia: lanean, lagunartean... Enetzat, hizkuntza egokia da sentimenduak adierazteko.
Musika estiloen aldetik, folk eta rock kutsuak ditu zuen musikak. Zein dira zure inspirazio iturriak?
Musika estilo anitz entzuten dut, eta denbora joan arau aldatuz joan da. Aitarekin Itoiz, David Bowie, Red Hot Chili Peppers eta halakoak entzun izan ditut... Eta geroago baita The Cooks ere. Musika ingeles anitz entzun dut... Gaur egun, Sam Fender anitz entzuten dut, eta uste dut hautematen dela egiten dugun musikan. Euskal musika ere entzun dut: Ibil Bedi, Gorka Urbizuren azken diskoa... Borobiltzeko, erran nezake folk anitz entzuten dudala eta horrek eman didala bidea gitarra eta ahotsarekin sortzeko. Gero, taldekideekin moldaketak egitean, rockerako bidea hartzen du gure musikak, baina oinarrian folketik du gehiago.
Ziburun joko duzue heldu den larunbatean. Halako plazak garrantzi berezia dutea?
Euskara hutsez egiten diren ekinaldi kulturalak arraro dira. Xantza badugu etxetik hurbil halako euskarazko ekitaldi kultural bat ukaitea; azken urteetan garatzen ari da Ziburuko azoka, eta beharrik! Pozten naiz halako ekinaldi batean aritzea. Gainera, akustikoan izanen da, binaka ariko gara, eta halako giroak eskertzekoak dira.
Plaza intimoak nahiago dituzu?
Artista gisa ez dugu alimaleko kontzerturik egin, beraz ezin dut erran zer nahiago dudan. Baina entzule gisa askoz ere nahiago ditut kontzertu txiki eta intimoak, gela txikietan: artistetatik hurbil izatea, haien gorputza, aurpegia eta emozioak ikustea maite dut. Alimaleko kontzertuetan ez da ongi ikusten, ez da ongi entzuten, soinuaren kalitatea ez da beti ona... Martxan dira, jende anitz doa, baina ez diet zentzu handirik ikusten. Kontzertu bat entzun eta ikustekoa dela iruditzen zait, eta halako kontzertuetan gauza anitz huts egiten dira.
Geroari begira, zein dira zuen ondoko erronkak?
Disko laburra ateratzea lehenik. Eta, gero, asmoa da jotzea; laurek argi dugu ahal bezainbat kontzertu egin nahi ditugula, jendeari gure lana aurkezteko, eta hori nahi dugu: zuzenean jotzea eta jendeari erakustea.
EGITARAUA
- 10:00. Irekitze ekitaldia. Beñat Oihartzabali omenaldia.
- 10:10. Beñat Oihartzabal eta Celine Mounolen arteko solasaldia, Zubiburun.
- 11:00. Iturri zaharrean ikusgarria.
- 11:00. Kontzertua: Pantxix eta Marie.
- 11:30. Liburu aurkezpena: Auzolanaren lurretan, EHZ 1996-2026 (Elkar), Aitor Servier.
- 12:30. Zirriborroka: Eider Eibar, Dom Campistron vs Irati Alcantarilla, Aitor Servier.
- 15:00. Kontzertua: Indigo.
- 15:30. Umore saioa: Pantzo Irigarai.
- 16:00. Liburu aurkezpena: Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian (Argia), Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa, Iñaki Etxebeste.
- 16:30. Kontzertua: Maite Larburu.
- 17:30. Liburu aurkezpena: Lera (1545 argitaletxea), Castillo Suarez.
- 18:00. Kontzertua: Xabier Badiola
- 18:30. Liburu aurkezpena: Zaldi bat (Txalaparta), Maddi Ane Txoperena.
- 20:00. Kontzertua: Jurgi Ekiza.