ZÜEK HEBEN

Zuek hemen, eta orain

Mixel Etxekopar
2025eko abenduaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Züek heben, zuek hemen. Eta orain. Ba ote da besterik azkenean? Bai. badakigu, Iparraldeko Hitza-ren bidez izan zaitezkete hemen, gure etxean, BERRIAko laguntzaile guziak hemen izan gabe. Xiberoko Botza ere sartzen zaigu sukaldean goizero, Beñat, Maider eta taldettoa, gure sukaldean! Eta nik ez dakit sobera, baina ba omen dago besterik, sakeletan sartzen direnak, pantaila ttipi batean, Vladimir Trump, ahuntzaren gauerdiko eztula eta beste hainbeste! Baina zuek hemen, eta orain, gauden lekuan, parez pare, bisean bis, buruz buru, ez dea hau beharrena izan, azken 100.000 urteetan bederen. Zeren Josean Artzek dioen legez, «hemen dagoena hor eta han ere dago, non nahi dagoke hemen bada».

Abiatu ginen duela hamahiru urte pretentzione gabeko anbizione handiko xedean: Euskal Herriko Atlas Geo Poetikoa egiten. Lau lagun, hiru egun, bi belarri eta bi begi, mintzaira bat, emanaldi bat, hemen, eta orain, eta kitto. Hor dago, aitzineko astean ez zegoen, eta biharamunean ttutt, ez dagoke. Baina ez dago ezabatua ere. Lekuan lekuko euskarari paratu gara, jende eta bazter hain «berezi eta ezin bereziak» (Maialen berezi baten hitza duzu hau...). Euskararen herriak baditu koloreak, Pagolatik Ataunera, abenduko oihanaren ñabardurak bezainbeste bederen, behintzat, phürü! Eta Pagolatik Ziburura, hamabi urte iragan dira, hamasei herritako herritarrei paratu gara. Eta hau, ez erran nehori: estakuru hutsa zen, estakuru hutsa da! Aitzakia hutsa, euskara bilatzeko, euskal hitzaz gozatzeko, euskaldun bizitzeko sinpleki. Eta non dago euskal berba hori, Hendaian edo berdin Bilboko zazpi kaleetan? Errekan karramarroak bezala, harririk ez baduzu altxatzen berdin ez duzu jakinen hor dabilela...

Bertsolariei galdetzen zieten muga pasatzean zentsura zerbitzuek: «zer kantatuko duzue?». Jakinen bazuten... Guk ere ez dakigun bezala zer aurkituko dugun, une eta gune zehatz hartan. Baina orain Zuek Heben Erakusketa abiatu dugu. Argazki, soinu, hitz, musika, kantu. Ezin dizuet esplikatu, ez X-tagramek ezi ez Amamazonek, ez askaziek ere. Album geo poetikoa da, definizioa ontzen ari gara, baina bizpahiru mende behar dukegu ontsa-ongi-ondo zehazteko.

Aldiz erraten ahal dizuet erakusketa ikusgai dela abendu honetan, han (edo hemen...), Larzabaleko Ezpeleteneko euskal habia goxoan, eta kurrituko dela, korrikatuko ere, Xiberotik Bilbora, bedatse honetan... Badakit: inutilkeria, poesia bezala, euskara bezala funtsean. Zuek ikus. Baina zuek hemen, eta orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.