Gure senideak, gure lagun isilak, hauek gabe, zer ginateke?
Zuhaitzak betidanik izan dira gure bizilagun: fruituak gure hazle, zura eta egurra gure eskura, hostoak abereendako itzala eta intsektu eta hegazti polinizatzaileendako aterpea. Gure lagun isilak...
Hirietan bezala hemen gaindi, ezinbesteko oreka ekartzen dute.
Baratzeko fruitutzean, pentzeen arteko hesian, mendiko oihanean... Zuhaitz bakoitza biziaren babesleku da.
Haien sustraiek lurra tinko atxikitzen dute eta eurite handiek eragin higadura eta lerratzea mugatzen dute. Haien adarrek haizea baretzen dute. Haien hostoek freskotasuna eskaintzen digute udako bero azkarretan.
Hirietan, zuhaitzek karriketako tenperaturak zenbait graduz apaltzen dituzte eta airearen kalitatea hobetzen dute.
Oihan handiek hezetasuna botatzen dute eta tokiko prezipitazioak sustatzen dituzte, zuhaitzak desagertzen diren lekuetan, lurra emeki emeki idortzen da.
Zuhaitz guziak dira garrantzitsuak: haritz zaharrenetarik hasiz fruitutze kimu hauskorrenetaraino, larreen erdian dauden ametz bakartietarik erreka bazterretako zurzuri lerroetaraino, oihan sakonetako gaztainondo ikusgarrietarik hesi xehetako sahatsetaraino.
Euskal Herrian, zuhaitzak gure antzinako sinesmenen lekukoak izan dira, akelarreen babesle, batzarren aterpe, argizaiolen euskarri, hots, gure erritu guzien parte.
Zuhaitzak kulturaren eta artearen parte ere badira. Horren adibide dira euskal makilak, zurez egin altzari ederrak eta etxeetako zizelkadurak.
Zuhaitz sinbolorik ezagunena Gernikako arbola da, herriaren nortasunaren eta historiaren ikur. Zuhaitzek gure nortasuna egiten dute!
Gaur egun, ordea, zuhaitzen babestea bizirik irauteko baldintza da.
Hesiak berriz landatzea, zuhaitz zaharrak babestea, oihanak zaintzea eta oihan berriak landatzea, etxe inguruak zuhaitzez apaintzea, hiriak berdatzea... Ekintza horiek guziak beharrezkoak dira eta beharrezkoak izateaz gain gure ingurunea edertzen dute.
Beraz, landa ditzagun zuhaitzak ahal den leku guztietan: gure baratzeetan, gure herrietan, gure ikastoletan, gure pentzeetan.
Eta utz ditzagun leku basak basaki, naturak berak biharko oihanak libreki sor ditzan! Izan gaitezen zuhaitzen defendatzaile!
Zuhaitz baten maldan irakurtzeko zenbait gomendio: Zuhaitzak eta arbolak, Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa, Iñaki Etxebeste; Haltzaren muinoa, Angel Lertxundi; Zuhaitza pentsioa, Prats (haurrentzat), eta abar eta abar!
Â