Egun on!

Baltsan
2025eko irailaren 19a
08:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi hitz, hiru silaba, esamolde xumea.

Egun on: ongietorria eta gomita. Nornahi izan zaitezen, kanpotik jina edo hemen sortua, egun ona opa dizut, gure hizkuntzan, hemengo mintzairan. Eta euskara eskura ematen dizut, zurekin partekatzen: ongi etorri euskararen herrira, har ezazu gure hizkuntza eta zure egizu, zu ere hemengoa izan zaitezen.

Egun on: baieztapena. Ez Frantzian, ez Espainian, Euskal Herrian gaude eta zaude. Euskara duzu hemengo hizkuntza naturala, berezkoa eta jatorrizkoa. Beraz euskaraz egiten dizut lehen hitza, normala den bezala: non eginen da ba euskaraz, Euskal Herrian ez bada? Eta zuk ere hala egitera gomitatzen zaitut bertakoa errespetatzeko, bertakoen eskubideak babesteko, bertakora hurbiltzeko edota bertakoa izateko. Hizkuntzan ere kilometro zero.

Egun on: gure buruez birjabetzea. Kolonizazioa ez da bakarrik fisikoa, mentala ere bada. Ez ditu bakarrik lurraldeak okupatzen eta beretzen, gure burmuinez ere jabetzen da. Euskaraz ez dakiten ezagunak eta —ustez— ez dakiten ezezagunak «bonjour» errepublikano batez agurtzen ditugu gehienek gehienetan. Burmuinetaraino sartua digutelako menpekotasuna: frantsesez egitea bidezkoa bihurtu zaigu, pragmatikoki zuzena, guhauren herrian arrotz izatea onarturik besteak ez ditugu baztertu edo diskriminatu nahi, eta ez gara ohartzen, hola eginez, zapalkuntzaren partaide garela guhaurek baitugu gure hizkuntza baztertzen eta diskriminatzen.

Deskoloniza ditzagun gure buruak eta praktikak. Burua makurtu gabe, begietara so, «egun on!», ez uzkur, ez herabe, baizik eta alai eta ozen, abegikor bezain fermu. Parekoak gureganatzeko erakargarritasun lasaiez eta aurkakoak indargabetzeko moduko ziurtasunez. Lagunartean edo familian, toki ezagun nahiz arrotz zaizkigun guztietan: medikuaren igurika gelan, lantokian eta auzoak karrikan topatzean, okindegian bezala zinemara sartzean, CAFeko bulegoan edo Leclerc-eko kutxan, mendian gora eta portuan behera, ospitaleko harreran edota ikastolako atarian. Hots, euskarak egon behar lukeen, egon behar duen, leku eta une orotan.

Egun on xume batez, has gaitezen gure territorioa markatzen eta arrazabaltzen, euskarak berreskura ditzan gure buruak eta inguruak.

Pasa egun on!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.