Zuberoa, egiazko bake lekua bere 12.000 biztanleendako, munduan iragaten diren afruskeria oroetarik urrun... Eta, egun batez, iratzartzean, gurutze zeltek kolaketa feministak estaltzen dituzte. Faxismoak Zuberoako bidea azkenean atzeman ote du? Maluruski, Zuberoan, munduan bezala, errepresioa betidanik presente da, eta, azken denbora horietan, badirudi konplexu orotarik libratu dela.
Zenbaiten arabera giro diskriminatzaile hori geroz eta haboro garatzen ari baldin bada ere, beste zenbaiten ustez denboran indartzen eta ahultzen joan da, moda baten gisa. Garai bateko ideia erreakzionario eta errepresiboei aski erran zitzaien momentu batez, eta intolerantziak hor jarraiki zuen, segur ere, baina ahapeka; orain boz gora itzuli da. Ustez zaharkituak agitu ziren ideia sexista, arrazista, homofobo, faxistak ahalkeaz libraturik itzuli dira.
Eta ideiez gain, erasoak ere badira. Batetik, eraso anonimoak, itzalean egiten dituztenak, mezu baten iganarazteko: hala nola Martxoaren 8ko kolaketa feministen ilkitzea tindaketa faxistei leku uzteko, eta Bekat’Uros ekitaldiari arrapostuz tindaketa homofoboak egitea. Bestetik, eraso arruntak, gure egun orotako bizitzaren parte direnak. Eraso fisiko horiek ideia jakin zenbaiten barneratzeak elikatzen ditu. Negutik bedatsera prozesu horren lekuko izan gara: asteburu oroz herrietako plazetan zabaldu diren erran sexista, arrazista eta homofoboak normalizatu baitira, normalagoa bilakatu da ideia horiek eraso bilakatzea. Bai: eskuak uzkian, begirada pisuak... erasoak dira.
Orduan, nola eraso horiei aurre egin? Deus ez bada erraten, egoera onarturik kontsideratua dateke. Aiseago da, agian, anonimoki eginik izan den eraso bati ihardestea, salaketa edo elkarretaratze baten bidez, baina eraso arrunten plazaratzeak zailtasunak ekartzen ditu: erasotzailea auzoa baita, laguna, familiakoa... Eta egun oroz erasotzen baitigute. Zenbait bidetarik aurre egiten ahal zaie, erasoen kontrako protokoloak adibide ona dira; baina dena ez da nahasi behar: lehen-lehenik, erasotzaileen ardura da horien begirada, hitz gaizto eta eskuen bazter atxikitzea.
Eta guk, erasoak jasaten ditugunek, borrokan jarraikiko dugu. Iraultza ororen parean mugimendu erreakzionarioak sortu ohi dira, eta jakina da erdietsi diren gizarte eraldaketa eta eskubideak beti galtzen ahal direla, baina horiek atxiki eta oraino gehiagoren lortzeko borrokan jarraikiko dugu.