Zinegin

Euskaratik irudiak zabaltzen

Maialen Hegi-Luku
2025eko urriaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badu orain 13 urte Eihartzea elkarteak Hazparnen Zinegin festibala sortu zuela. Gaur egun, elkartearen ekimen bakarra da. Hastapeneko xedea euskarazko zinema hedatzea zen. Garaian, Asier Altunaren Amama bezalako fikziozko film luzeak zailtasunez heltzen ziren barnealdeko zinemetarat. Horretaz oharturik, lagun talde bat bildu zen, Haritz Barne zinemako arduradunekin negoziatu, eta Ttattola gaztetxearen laguntzarekin, lehen edizioa sortu zen. Eihartzeak, berriz ere, gure inguruko zinema geletan nekez edo ezin hedatuak diren filmak deskubriarazteko helburuarekin antolatu du 14. edizioa: animaziozko film laburrak, herrigintzatik ekoitzi dokumental militanteak, euskal zinema ondarearen parte diren film zaharragoak edo herriko irudi artxiboak, haurrei zuzendu filmak eta, horrez gain, aurrekontu potoloagoak dituzten fikziozko film luzeak. Proiekzioetan gain, festibalak, usu bezala, euskarazko tailerra eta zine-kontzertua proposatuko ditu.

Maiz, kritikak entzuten ditugu, festibalaren baitan edo inguruan, euskara hutsezko festibal baten «irekidura» eskasa frantsesezko azpititulurik ez eskaintzeagatik, edo gidoigintza tailerrak frantsesez ezin egiteagatik. Alta, iruditzen zaigu, urtean behin, 4 egunez, laguntzaile talde batek prestatu euskara hutsezko programazioa Hazparneko zineman hedatzeak ez duela nehola ere trabatzen 356 egunetan herrian eta inguruan kasik esklusiboki frantsesez edo frantsesezko azpitituluekin hedatua den programazioa. Berriz ere, festibala antolatzen dugunok ohartzen gara euskarazko film batzuk argitara ezarriak direla, baina beste anitzek ikusgarritasun eskasa dutela (Zinzindurrunkarratz). Horien erakusteko parada eskaini nahi dugu hainbat arrazoinengatik. Batetik, gure programazioan gazteen sorkuntzek lekua dute (Azken Euskalduna, Positive Bomb), bestetik, gertakari ezberdinen testigantzak agertzen ditu (Arg(h)itzen, 314 metroz goiti), ahantzi gabe film horiek euskarazko erreferentzia komunak sortzen dituztela.

Urtez urte, Zinegin festibala jendartean oihartzuna duten problematikak bereganatzera entseatzen da, heldu den urriaren 20tik 23rat iraganen den edizioa lekuko. Egileak hautatzerakoan gizon eta emazte kopuruan oreka bilatu dugu, eskaintza publiko zabalari egokitu eta guti hedatuak diren ekoizpenak hedatu. Azken edizioetan, halaber, hedatzeko asmoa genuen filmen euskarazko azpitituluak eskuratzeko ahaleginak egin ditugu, euskarazko obrak ikusteko usaiarik ez dutenengana aiseago heltzeko. Aurtengo egitaraua hilabete bukaeran plazaratuko dugu. Anartean, jakin musikak leku handia izanen duela, pantailan eta zuzenean.

Azpimarratu nahi dugu Zinegin zinemaldi bat baino gehiago dela, lau egunez euskaraz gozatzeko bide egonkorra, adin guzietako jendeendako euskararen arnasgune atsegina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.