Sortu zenetik, denbora, egoerak eta aldaketak pasatuz, bere bidea eginez segitzen du Baleak elkarteak; berez denaz bestelako xederik ukan gabe, bere txikitasunean, euskarari, herri kulturari eta herri gastronomiari atxikia.
Elkarteen munduan, arraunean bezalaxe, bizkarrez arraun egiteak erakusten digu aitzina egiteko bidea, baina lehenik, nondik gatozen jakitea garrantzitsua da. Iraganeko historia, lorpenak eta parioak iparrorratz egokiak dira gure norabidea zehazteko. Atzera so egin gabe, zaila da ulertzea zerk funtzionatu duen eta zerk ez, eta zein baliok gidatu gaituzten gure ibilbidean. Arraunlariek ere, elkarrekin egiten duten ahaleginean, bizkarka egiten dute aitzina, egindakoari behako sarkorra eskainiz eta erdietsi nahi duten zeruertzaren aldera soa biratuz.
Gure xokoetan, elkarte parrasta ari gara praktika herrikoiak euskaraz sustatzen arlo anitzetan: aisialdian, gastronomian, dantzan, antzerkian, feminismoan, kirolean, laborantzan, gaztetxeetan... Ipar Euskal Herriko Hitza-ren asteroko artikulu hauek elkarren ezagutza handitzeko inspirazio iturri dira. Guhaurek guretik egiten dugun ekarpen bakoitza onura komun baten aldeko pieza da, zenbaitetan motibagarria bilakatzen da, eta hainbatek eskertzen du. Arituz, arituz, egiten dugun horrekin plazera ukaitea eta herriko taldeekin partekatzea ere garrantzitsua da; izan gaitezen elkarren sustrai atxikitzaile!
Eskerrak zuei, Ipar Euskal Herriko Hitza, astero elkarte bati gureak direnak partekatzeko lekua egitegatik, eta datozela honat elkarte berriak hurrengo sasoian.
Zia eta boga, segi dezagun herri elkarteen bizia indartzen!