Uda honetan, Ürrats Kolektiboak pastoralak Euskal Herri osotik jin jende andana bat bildu zuen. Gazte barkoxtarrek Ipar Euskal Herriko borroka handietarik batzuen antzezpen militantea egin zuten. Indarrak merezi du aipamena: borrokak aipatzea sekula ez da zentzugabea, bereziki koadro hain herrikoi batean. Publikoak amiratu ahal izan ditu beste garai bateko engaiamenduak. Harro gara beste batzuek guretzat irabazi dutenaz: ikastolen sortzea, feminismoaren sortzea edo sindikatuena... eskertzen ditugu gure nortasuna goretsi izanaz. Atzoko borrokak txalotzen ditugu, baina gaurko borrokak zer?
Har dezagun adibide ttipi bat. Publikoa feministak txalotzen entzutean, bada zer pentsatu. Azken hilabeteetan ikusi ahal izan da patriarkatua eta ideia matxistak geroan ere azkar izanen direla: Chaumes gasnategiko auziak zuberotar anitzen gaitzidura eragin du, eta haien lehen erreakzioa izan da... biktimen hitza dudan ezartzea. Xiberoko Feministak kolektiboak eta bere aliatuek energia anitz baliatu dute oreka baten xerkatzeko, hastapenean ez baitziren nagusi biktimen aldeko txalo edo sostengu keinuak, argiki.
Zabalago hartuz, sartze honetako mugimenduek erakusten dute klima soziala geroz eta tinkiago dela. Gobernuaren zaintza numerikoak eta indarkeriaren erabilpen sistematikoak gaitz bilakatzen dute protesta, lanjerosa ere. Norbanakoen performantzia eta arrakasta baloratzen duen gizarte kapitalista honek bakartasun idor batera eramaten gaitu. Bakoitzak bere larrua salbatu nahi du. Bakoitzak bere xokoan bizi du oldarraldia. Sarean asaldatzen gara, post bat partekatzen dugu, petizio bat sinatzen, baina aise gutiago biltzen gara, gutiago ateratzen gara karrikara. Militantismoa mugimenduan ezartzea zail bilakatzen da, larrialdia hor izanik ere, kexua hor izanik ere.
Atzoko borrokak amiratzen ditugu baina ahazten dugu ez zirela momentuko argiak, ekintza heroiko edo bakanak; ahazten dugu epe luzean txertatuak ziren mugimenduak zirela. Norbanako anitzen mugimenduak, antolatuak, elkartasunean. Borroka haiek sakonki kolektiboak ziren. Sindikatuetan, kolektiboetan, mugimendu egituratuetan biltzen ziren. Baziren esku-orriak, berant finitzen ziren bilkurak, biltzarrak. Eztabaidak baziren, batzuetan mokokatzen ziren, baina beti aitzina joanez. Elkarrekin.
Hamarkada batzuen buruan, pastoral batek kontatzen ahalko ote du gure anbizio pertsonalak baztertu eta elkartasuna aitzinean ezarri dugula? Jabe batzuek kolektiboa hobetsi dutela familia batzuei etxebizitza duinak eskainiz? Gutarik anitzek erabaki dugula kolektiboki antolatzea, ez gehiago elikatzeko hainbeste desberdintasun larri sortzen dituen esplotazio sistema moderno hau? Zein «urrats kolektibo» plantan ezartzen ahal genuke gaur, gure biharko arrahaurrak gutaz harro izan daitezen?