14 eta 18 urte arteko gazteen %4k joko nahasmendua dute Nafarroan

Jokatzen hasteko batez besteko adina 15 urte dira, eta Aralar elkarteak adierazi du «premia handia» dagoela hezkuntzan lehenbailehen «prebentzio ekintzak indartzeko».

Iruñeko Sanduzelai auzoko bizilagunek apustu etxeen aurka eginiko protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko Sanduzelai auzoko bizilagunek apustu etxeen aurka eginiko protesta bat. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñea
2025eko azaroaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gero eta adingabe eta gazte gehiago dabiltza ausazko jokoetan, sarean zein aurrez aurre, eta «kezkagarritzat» jo dute hori; diotenez, Nafarroan datuek erakusten dute egoerak «berehalako esku hartzea» behar duela. Hori adierazi du Nafarroan ludopatiaren laguntzan eta prebentzioan jarduten duen Aralar elkarteak. Izan ere, jakinarazi du diruarekin egiten den jokoa «aisialdiaren parte» bihurtu dela adin txikikoen eta gazteen artean, eta 12 eta 13 urtekoen artean, lehen aldiz, gehiago direla jokoan aritzen direnak alkohola edaten dutenak baino. Horrez gain, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera, azken urtean 14 eta 18 urte arteko ikasleen %31,5ek diruarekin jokatu dute, eta jokatzen hasteko batez besteko adina 15 urte dira. Aralarrek, datuek erakusten dutenagatik kezka adierazteaz gain, praktika horiek ekarri dituzten ondorioak ere plazaratu ditu. Elkarteko koordinatzaile Teresa Burgik (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) esan du Nafarroan 14 eta 18 urte arteko pertsonen %4k joko nahasmendua dutela; helduen artean %1ekoa da kopurua. «Uste dut problematikaren datu oso esanguratsua dela hori», adierazi du Burgik. 

Gaur egungo egoeraren aurrean, Aralar elkarteak ikastetxeen garrantzia azpimarratu du. Esan du «premia handia» dagoela lehenbailehen «prebentzio ekintzak indartzeko» hezkuntza eremuan, eta prebentzioa ezin dela hasi jada arazo bat garatuta dagoenean. Hala ere, Burgik adierazi du ikastetxeetan ikasleak kontzientziatzeko «kezka handia» dagoela: «Hezkuntza zentroetan jarduerak egiteko Aralarren dugun eskaria oso handia da. Geroz eta sentsibilitate handiagoa dago, geroz eta adin goiztiarragoetan». Aipatu du tailerrak batxilergoan egiten zituztela lehen, eta orain DBHko azken mailetan. Arazoari aurre egiteko dauden baliabide eskasen inguruan ere hitz egin du: «Oraintxe, irakasleak ez daude trebatuta. Ez dute tresnarik identifikatzeko noiz izan daitekeen jokoa problematikoa». Izan ere, ludopatia «ikusezina» dela azaldu du. Adierazi du substantziekiko adikzioak «oso agerikoak» direla baina ludopatian, berriz, pertsonek sintoma batzuk «asko disimulatzen» dituztela, eta horien artean aipatu ditu urduritasuna, antsietatea, umore txarra edo bakartzea. Horrez gain, esan du familia askok sintoma horiek nerabezaroarekin identifikatzen dituztela joko problematikoarekin bainoago.

Instituzioen sendotasun falta

Jokoak ekar ditzakeen arriskuen inguruan instituzioek gazteak babesteko egiten duten lanari dagokionez, Burgik esan du Aralarrek aitortzen duela horretan «pauso handi bat» eman zela 2022an onartutako Jokoaren Foru Legearen aldaketarekin. Hori «oso garrantzitsua» izan dela nabarmendu du, «sarbide kontrola ezartzen duelako». Dena den, azpimarratu du legearen aldaketa ez dela «nahikoa». Lege horretan jasoa dago Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak «prebentziozko programa espezifikoak» jarriko dituela «ikastetxeetan ezar daitezen», eta hitzarmenak sinatu ahal izango dituela «jokoarekin lotutako patologiak saihesteko helburua duten erakunde eta elkarteekin». Hala ere, Aralarrek dio programa hori oraindik ez dela zabaldu. Gainera, Burgik esan du hiru urte pasatu direla legearen aldaketa onetsi zenetik araudia aurten onartu arte, eta behin hori eginda joko enpresei beste urte bat ere eman dietela «haien sarbide sistemak egokitu ditzaten», kontrol hori egin ahal izateko. Horrez gain, elkarteko koordinatzaileak azaldu du Aralarrek eskatu zuela lege horretan sartzea joko aretoetan ezin dela alkoholik saldu, baina ez zutela hala egin, eta aldaketa izan dela «graduazio baxuko alkohola» saldu ahal izango dela. Legea 2026ko martxoan sartuko da indarrean, eta Burgik dio «gehiegi» iruditzen zaiela legearen agindua betetzeko lau urte pasatzea. 

«Ausazko jokoetan inork ez du arrakastarik. Aukera hori ez da existitzen. Gaur ez bada, bihar izango da, edo etzi. Galdu egingo dute»

TERESA BURGI Aralar elkarteko koordinatzailea 

Legearen beste puntu bat ere aipatu du Aralarrek. Izan ere, legeak dio «inola ere» ezingo dela eman baimenik «joko establezimendu espezifikoak» instalatzeko besteak beste hezkuntza, kirol, kultura eta osasun zentroetatik laurehun metrora. Baina horrek irekiko diren establezimendu berriei bakarrik eragiten die, eta Burgik azaldu du orain ia ez dela lokal berririk irekitzen Nafarroan, eta lehen zeudenak dauden lekuan geratzen direla: «Neurriak ez die eragiten, eta horietako asko ikastetxeen inguruan daude». Legea oraindik ez denez indarrean sartu eta sarbide kontrolik ez dagoenez, Burgik komentatu du hezkuntza zentroetatik gertu dauden taberna askotan langileek apustu makinak desentxufatzen dituztela, «mutikoek joka ez dezaten».

Gizonetan ohikoagoa

Burgik nabarmendu du gazteek ez dituztela ausazko jokoak «arrisku» moduan ikusten. «Erakargarria edo zirraragarria iruditzen zaie, jokatzeko gonbidatuz jasotzen dituzten mezuek horixe transmititzen baitute», adierazi du. Gehien jokatzen dituzten ausazko jokoei dagokienez, «argi eta garbi» kirol apustuak gailentzen direla dio Burgik, eta horren ondoren erruleta. Bi horietan batez ere gizonak aritzen direla esan du. Nafarroan, 14 eta 18 urte arteko pertsonen artean, %4k joko nahasmendua dute, baina adin horretako gizonen artean %6,8k dute, eta emakumeen artean, berriz, %1,1ek. 

Aralar elkarteko Teresa Burgi
Aralar elkarteko Teresa Burgi. IÑIGO URIZ / FOKU

Burgik nabarmendu du joko problematikoko kasuetan oso garrantzitsua dela laguntza profesionala eskatzea, eta azpimarratu du ludopatia gaixotasun bat dela eta horrela tratatu behar dela. «Ausazko jokoetan inork ez du arrakastarik. Aukera hori ez da existitzen. Gaur ez bada, bihar izango da, edo etzi. Galdu egingo dute», adierazi du Burgik. 

Azaroan, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak antolaturiko Egin apustu zure alde, ez zaitez arriskatu ihes gela egingo da Iruñean, Tafallan eta Tuteran. Horren helburua gazteak «jokoari lotutako arriskuaz» sentsibilizatzea da, eta, bereziki kirol klubei zuzendua badago ere, interesa duen edonork parte har dezake, aurretik izena emanda.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.