Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

650 metro

2026ko urtarrilaren 30a
05:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iragan ostiralean, Tuteran, gizon bat atxilotu zuten hainbat etorkini errolda agiriarekin iruzur egiteagatik; bostehun euro kobratu zizkion bakoitzari, eta guztiak alokairuko etxebizitza berean erroldatu zituen. Gizon hark arrazakeria, sistemaren zailtasunak zein hutsuneak eta etorkinen zaurgarritasuna probestu zituen, besteak beste, haien kontura dirua irabazteko.

Orain gutxi etxez aldatu nintzen. Atzean utzi nituen sukaldeko leihotik egunero ikusten nuen atari horixka, buruz ikasitako orbanak, beheko tabernaren ordutegia, okindegia eta jada entzuten ere egiten ez nituen ondoko elizako kanpai-hotsak. Auzoko mutur batetik bestera joan nintzen, 650 metro iparraldera, Interneten arabera.

Nire egunerokoan, normalean, ez diot atentziorik ematen inguruko eraikinek osatzen duten sasipuzzleari, oso ezagunak baititut hirietako zebra-bideak, balkoirik gabeko etxebizitzak, koloredun atariak, garajeak, hezetasun orbanak eta lasterbideak.

Halere, etxez aldatu nintzenetik, nahiz eta auzo bera izan, arreta eman didate bi kaleen arteko ezberdintasunek: aurrean etxebizitza handi horixka izan beharrean, orain kolore ezberdinetako hainbat etxebizitza ditut; lehen taberna nuen etxepean, orain ezta taberna bat ere; aurreko etxearen inguruan bisita gidatuak egiten zituzten, oraingoan ez dago bisita gidaturik, egunean zehar hainbat pertsona ezberdin biltzen dituen plaza txiki bat dago.

Kale bat ezagutzeko, honek egunean zehar jasaten dituen aldaketei eta erritmoei so egin behar diezu. Kalearen nondik norakoei erreparatuz gero, kaiku horrek zer biltzen eta harresiztatzen duen ikus daiteke; eta ni ikusten hasia naiz. Lehen markako jeansak zirenak orain txandalak dira; lehen kanpai-hotsak zirenak orain, noizbehinka, bozgorailuen musika-hotsa da; lehen bizilagunek ez zuten elkar agurtzen; orain, ordea, eskailera-buruan mintzatzen dira.

Hainbat errealitate eta erritmo ezberdin egon daitezke 650 metroan.

Azkenaldian, inguruko negozio ezberdinei erreparatu diet: loradendari, sexu aholkularitzari, komentuari eta irratiari. Haatik, badaude auzoko kale jendetsuagoetan eta ezagunagoetan ikusten ez direnak ere: jantoki soziala eta, eguraldiak ahalbidetzen duenean, bertako janaria etxepeko bankuetan eseririk jaten dutenak, esate baterako.

Lehen markako jeansak zirenak orain txandalak dira; lehen kanpai-hotsak zirenak orain, noizbehinka, bozgorailuen musika-hotsa da

Aurreko astean auzoko anbulatoriora joan behar izan nuen, eta korridoreko eserlekuetan berez laburra izan behar zukeen kudeaketa egiteko bi ordu eserita neramalarik, zurrungak entzun nituen. Burua jiratu nuen, eta orduan ikusi nuen haurra aulkitxoan. Inbidia eman zidan, momentu batetik aurrera guztioi bihurtzen baitigute hain lasai eta sakon lo egiteko eskumena pribilegio. Tartetxo bat igarota, erizainak zurrungaka zegoen haurraren izena esan zuen, eta, orduan, amak hasperen eta «hauek bai ongi bizi» bota zidan. «Bai, arrazoi, animo».

Ez dakit zer-nolako errealitateak izanen dituzten nire etxetik 650 metro iparralderago. Baina nik, momentuz, badakit egunero, bazkalorduan, hainbat pertsona egoten direla plazan jantoki sozialeko janaria jaten; eta, era berean, badakit igandeetan, hamaikak aldera, komentura gozotegi bateko banatzailea sartzen dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA