«Emozioz betetako eguna da gaurkoa. Hegoak elkarteak 2022an bukatu zuen bere bidea. Lasai joan ginen, eta eskertuak. Baina ez ginen erabat joan. Ai Laketeko kideei begira segituko dugu orain, haien lana txalotzen eta hasi duten bide berrian laguntzen». Horixe nabarmendu zuten Hegoak elkarteko arduradunek ekainaren 12an, Iruñean egindako agerraldi batean.
Hegoak ia 30 urtez aritu da Nafarroan lanean, drogen kontsumoaren arriskuen inguruan, 2022an ateak itxi zituen arte. Gasteizen sortutako Ai Laket elkarteak hartu du orain haren lekukoa, eta gune finko bat zabaldu du Sarek Iruñeko Arrotxapea auzoan duen bulegoan. Ostiralero irekiko dute, 19:00etatik 22:00etara, droga kontsumoaren arriskuei buruz informazioa zabaltze aldera.
2022ko ekainean, ateak itxi bertzerik ezin zutela egin azaldu zuten Hegoak elkarteko kideek, hedabideen aurrean. «Akitu arte egin dugu hegan, eta itsasoaren erdira erori gara. Pandemiak ito gaitu», erran zuen Hegoak elkarteko kide Floren Luquik, agerraldi hartan. Barañainen sortu zuten elkartea, 1994. urtean; droga mendekotasuna zutenen zenbait senidek eta lagunek jarri zuten martxan. Heroinaren garaia zen ordukoa, eta, Hegoak elkartearen bidez, pertsonen prozesuak jarri nahi izan zituzten erdigunean. Droga kontsumitzen dutenengana hurbildu ziren, eta haien guneetan toki bat lortu. «Errespetuz aritu gara, inor epaitu gabe», azpimarratu zuen Luquik, 2022an.

Ai Laket 2003. urtean sortu zuten, Gasteizen. Hegoak desagertu arte, bi elkarteon arteko harremana estua izan da, eta, 2022tik, Ai Laket saiatu da Hegoak taldeko kideek Nafarroan utzitako hutsunea betetzen. «Iaz sanferminetan eta Lizarrako bestetan izan ginen, besteak beste», kontatu du Adrian Bermejok. Hegoak elkarteko bazkide eta kolaboratzaile izan da urte luzez, eta, Nafarroako elkarteak ateak itxi eta gero, Ai Laketeko kideekin aritu da trebatzen. Bermejo da Sarek Iruñeko bulegoan utzitako gelan zabaldu duten gune finkoko arduraduna.
Gobernuaren eskutik
«Erakundeen babesik ezarengatik» eten zen Hegoak elkartearen bidea 2022. urtean. Ai Laketek Nafarroan hasi berri duen etapak, berriz, jaso du Nafarroako Gobernuaren babesa, eta Iruñean zabaldutako ostiraleroko gunearen bidezko lana Nafarroako Menpekotasunen Prebentziorako IV. Planeko estrategien barruan jaso du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak. «Nafarroako Gobernuaren eskutik ariko gara lanean», zehaztu du Bermejok.
Sare elkartearen bulegoan egonen den gune finkoaz gain, Ai Laket elkarteko kideak herriz herri ariko dira lanean uda partean. «Gure helburu nagusia da jaiguneetan arriskuak murrizteko informazioa zabaltzea», erran du Bermejok. Aurreko asteburuan Tafallako bestetan izan ziren Ai Laketekoak, eta datozen egunotan Iruñeko sanferminetan egonen dira, informazioa banatzen. Zehazki, uztailaren 6an, 10ean eta 11n ariko dira, Iruñeko Errekoleten plazan.
Gazteekin lortutako «harreman hurbila» izan zen Hegoak elkarteko kideen jardueraren oinarri nagusietako bat, harreman horrek bidea eman baitzien droga kontsumoaren arriskuez hitz egiteko gazteokin. Epairik gabeko lan egiteko modu horri eutsi diote Ai Laketeko kideek ere: «Guk ez dugu inoiz sustatuko drogen kontsumoa; gure lana da arriskuez ohartaraztea, eta kontsumitzaileen esku jartzea informazioa, nork bere erabakiak har ditzan; jendeak jakin dezala kontsumo horrek zer ondorio izan ditzakeen», esplikatu du Bermejok.
Ekainaren 19an ireki zuten Arrotxapeko gune finkoa. «Kontent gara, jendea etorri baitzen. Hasi berri dugu bidea, baina nahi dugu mundu guztiak jakin dezala hemen egonen garela, ostiralero». Sarek utzitako gela atontzen aritu dira azken asteotan; drogen inguruko informazioa zabaltzeko eskuorriekin batera, oinarrizko analisi batzuk egiteko behar dituen tresnak eskura ditu Bermejok gune finkoko aretoan. «EHUrekin badugu akordio bat urtean hainbat lagin bidaltzeko unibertsitateko laborategietara; Nafarroan oraingoz ez dugu horrelakorik, baina EHUrekin dugunaren gisako akordio bat lortu nahiko genuke, azterketa sakonagoak egin ahal izateko», azaldu du Bermejok.

Izan ere, gune finkoan eta jaiguneetan egiten dituzten analisiak «mugatuak» dira: analisi kolorimetrikoa egiten dute, batetik; horren bidez, substantziaren lagin txiki bat hartuta, aukera dago ziurtatzeko substantzia hori kontsumitzaileak erosi duena ote den. «Gerta daiteke, adibidez, anfetaminak kafeina pila izatea». Bertzetik, geruza fineko kromatografia egiten dute Ai Laketeko kideek, substantzietan dauden eszipienteak identifikatzeko: «Kafeina, parazetamola edo aspirina erabiltzen dira, besteak beste. Aspirinari alergia badiozu, adibidez, jakin gabe har dezakezu. Inportantea da jakitea zer hartzen den», erantsi du Bermejok.
«Zer substantzia dagoen? Betikoak dira gehien kontsumitzen direnak». Horixe berretsi du Bermejok, eta betikoak dira, batez ere, alkohola eta tabakoa. Alkohol kontsumoari buruz, «erabat zabaldua eta onartua» dagoela nabarmendu du Ai Laketeko kideak. «15 edo 16 urterekin lehen aldiz mozkortzen den gaztea irribarre batekin hartzen dute helduek, askotan», erran du.
Kontsumitzaileen adina bada kontuan hartu beharreko faktore bat, arriskuak gora egiten baitu guztiz garatu gabeko burmuina duten gazteen artean. Bermejok azaldu du, halere, alkoholak gibelean edo burmuinean izan ditzakeen ondorioez hitz egiten dutenean gazteek arrisku horiek «urrun» ikusten dituztela. «Eraginkorragoa da azaltzea alkohol gehiegi hartzen badute biharamunean ajeak jota egonen direla; edan aurretik jan egin behar dutela azaltzen diegu, eta ura ere edan behar dutela, ez deshidratatzeko».
Gazteen lokaletan
Alkoholarekin eta tabakoarekin batera, bertze substantzia anitz daude: «Anfetamina da Euskal Herrian gehien kontsumitzen diren substantzietako bat», zehaztu du Bermejok; gainera, kanabisa, popperra, estasia eta bertze aipatu ditu. «Substantzia berriak sortuz doaz», gaineratu du, eta hori dela «merkatu beltzaren arriskurik handiena»: «Gerta daiteke zuk estasia erosi nahi izatea, baina beste substantzia bat jasotzea. Horregatik da inportantea analisia egitea, estasia balitz bezala ohiko dosia hartuz gero beste substantzia horrek ezohiko ondorioak izan ditzakeelako». Katinona eta kanabinoide sintetikoak «jakin gabe» kontsumitu daitezke, substantzia horien ondorioak zein diren jakin gabe.

Bermejok erantsi du «inportantea» dela, gainera, substantzien arteko interakzioen berri jasotzea, drogen nahasketa horrek «ezusteko» ondorioak eragin ditzakeelako: «Pizgarriak eta lasaigarriak hartzen badituzu batera, batek bestearen eragina estal dezake, eta, ondorioz, gaindosi bat izan dezakezu. Kontsumoaren ondorio bat ez sumatzeak ez du esan nahi eraginik ez duenik».
Ai Laket berriki hasi da Nafarroako gune finkoan lanean, baina kideen asmoa da urratsak egiten segitzea, eta gero eta zerbitzu gehiago eskaintzea. Gazteen lokaletara joateko programa nabarmendu du Adrian Bermejok, uste baitu aukera ematen duela gazteokin «lasai» aritzeko: «Gazteon etxera joaten gara, eta bi orduko hiru saio egiten ditugu haiekin». Arriskuak murriztea da helburu nagusia; asmo hori oinarri hartuta egiten dituzte analisiak eta zabaltzen dituzte eskuorriak, bai eta preserbatiboak ere. «Gazteen etxabeetan egiten ditugun saioetan sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen inguruko informazioa ere ematen diegu», erantsi du.
Berretsi du kontua dela zientzia oinarri duen informazioa ematea, eta nork bere erabakiak hartzea.
244
Zenbatek hasi duten tratamenduren bat. 2024. urtean, 244 lagunek hasi zuten tratamenduren bat Nafarroako Gizakia Helburu erakundean. %77 baino gehiago gizonezkoak ziren.
%39
Zenbatek edan duten alkohola azken hilabetean. Nafarroako Gobernuaren 2024ko datuen arabera, 14 eta 18 urte arteko gazteen %39,3k alkohol asko edan zuten azken hilabetean.