Uxue Juarez
IRITZIA

Akrobazia

2025eko maiatzaren 30a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Demagun zutabegile batek Nafarroako herri batean lo egin duela bart. Demagun, turismotik babestearren, herriaren izena Akrobazia dela, eta bertan, beste batzuen artean, pailazo bat bizi dela. Zirkuan lan egin ondoren, bere sudur borobil eta gorria sukaldeko iltze batean zintzilikatu ohi duela pailazoak. Haren begiek irri egiten dutela; atzealdean eguzki txiki bat gordeko balute bezala. Eta demagun, orduan, herriko giroak kutsatuta, zutabegilea zirkuaren eta pailazoen munduan murgiltzen doala. Eta gogoratzen. 

Gogoratu duen lehenengo gauza izan da txikitan, jende asko bezala, pailazoen beldur zela. Horren ildora, duela gutxi irakurri du Mexikon geroz eta pailazo gutxiago dagoela, espazio publikoetan interbentzioak egin beharrean, jendeak sare sozialak nahiago dituelako modu azkar eta eskas batean barregura pizteko. Horren aurrean, poztu egin da duela aste batzuk Naze (Nafarroako zirkua bultzatzeko sortutako elkartea) jaio dela irakurtzerakoan. 

Gogoratzen du bere amonak aretozain moduan herriko zirkuan lan egin nahi izan zuela, eta birramonak, iletik tira eginez, zirkutik arrastaka atera zuela (edo hori kontatu izan diote behin baino gehiagotan behintzat bere amak eta bere izebak kafe baten aurrean, familiako emakumeen genealogia hamaikagarren aldiz azaltzen dioten igande horietako batean). 

Dirudienez, pailazoak ez omen daude modan soldadu frankistek Anastasini zirkuko kide gehienak fusilatu zituzten lurralde honetan

Eta gogoratu du orduan Iruñeko Donibane igerilekuen parean dagoen publizitate-hesi erraldoi eta nazkagarri hori. Bertan etxe agentzia baten mezuak hurrengoa dio: Gracias a nosotros quedan MENOS 'PAYASOS', komisiorik gabeko salerosketa bat bultzatzeko edo (pailazo hitza kakotx artean agertzeak misterio bat izaten jarraitzen du oraindik zutabegilearentzat). Pailazoa izatea akats bat balitz bezala, miresgarria eta ausarta izango ez balitz bezala zure gorputza denen aurrean ikusgai jartzea. Zaren eta daukazun gutxi horrekin umorea egiten saiatzea petralkeria hutsa izango balitz bezala. Ondoezaren gizarte honetan murgilduta zaudenetik, barregura eta algara piztea ezinbestekoa ez balitz bezala. Dirudienez, pailazoak ez omen daude modan soldadu frankistek Anastasini zirkuko kide gehienak fusilatu zituzten lurralde honetan. 

Pailazoak ezinbestekoak ez direla esaten duzunero pailazo bat hiltzen dela argi du zutabegileak. Baita umorea babestu beharreko zerbait dela ere. Horrelakoa baita umorea: iraultzailea eta subertsiboa. Edozein hondamenditik salbatzeko, bizirauteko, topatu duen armarik potenteena baita. Autoritarismoari eta krudelkeriari aurre egiteko tresna aproposena. Bizitzak maiz suposatu ohi duen absurdoari aurre egitekoa. Eta orduan, ohean buelta bat eman du, eta pailazoa besarkatu du. Uste baitu hori dela etxe agentziaren iragarki horrek sortutako pailazo sarraski horren guztiaren kontra borrokatzeko modu bakarra: pailazoak besarkatzen ibiltzea eta umoreari atea irekitzea, mundua behar bezala astintzeko. Zirku bat baino ez garelako gu guztiak (Olaia Inziartek dixit). Eta eskerrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.