Antiespezismoak euskaraz egiten du

Zaunk Iruñerriko talde antiespezistak borroka horren eta hizkuntzaren arteko harremana jorratu du mahai inguru batean. Maiatzera bitarte eginen duten 'Animalien askapena ikusmiran' zikloko lehenengo saioa izan da.

Zaunk, Animalistak eta Nor taldeen liburuak Durangoko Azokan.
Zaunk, Nor eta Animalistak taldeek argitaratutako liburuak, iazko abenduko Durangoko Azokan. ZAUNK
edurne elizondo
Iruñea
2024ko otsailaren 23a
05:10
Entzun

Berriki egin dira ezagun beganismo edo antiespezismo hitzen gisakoak Euskal Herrian, baina horrek ez du erran nahi animalien askapenaren aldeko mugimendua historia motzekoa denik. Europako testuinguruan, 1970eko hamarkadaz geroztik garatutako estrategiek eta moldeek oihartzuna izan zuten 1980ko eta 1990eko Euskal Herrian, eta orduko animalien askapenaren aldeko mugimenduaren oinordeko da gaur egungo mugimendu antiespezista. Mugimendu horrek bide jakin bat egin du azken urteotan: tokiko taldeen lanari esker, Euskal Herriko testuingurura lotu du gizakiz bertzeko animalien aldeko borroka. Testuinguru horretan, hizkuntza da elementu nagusietako bat, eta Nor, Animalistak eta Zaunk eragileen bidez, bertzeak bertze, antiespezismoak, egun, euskaraz egiten du.

Euskararen alde egin dute taldeok, eta hautu horrek emandakoaren lagin bat dira joan den abenduko Durangoko Azokan aurkeztu zituzten lanak: Nor taldeak Goseak akabatuak liburua plazaratu du, Madrilgo Ochodoscuatro argitaletxearekin elkarlanean; etxe horrekin batera argitaratu du Bilboko Animalistak taldeak haurrentzako Matxinorroprotesta liburua ere; eta Iruñerriko Zaunk eragile antiespezistak, berriz, Animalien askapenerako gogoetak izenburuko fanzinea ondu du. Audioliburu gisa ere eman dute azken hori, irisgarriagoa izan dadin.

Hiru lanok abiapuntu izan dituzte Nor, Animalistak eta Zaunk taldeetako ordezkariek, azken eragile horrek Animalien askapena ikusmiran izenburupean maiatzera bitarte antolatutako ziklo antiespezistako lehendabiziko saioan. Iruñeko Laban mahai ingurua egin dute—otsailaren 16an—, Zaunk taldeko kide Itsaso Jauregik gidatuta, antiespezismoaren eta euskararen arteko harremana jorratzeko.

Animalistak taldeko Irene Barañano, Zaunk taldeko Olaia Garaialde, Nor taldeko Eñaut Retegi eta Zaunk-eko Itsaso Jauregi, otsailaren 16an, Iruñeko Laban. IÑIGO URIZ / FOKU
Animalistak taldeko Irene Barañano, Zaunk taldeko Olaia Garaialde, Nor taldeko Eñaut Retegi eta Zaunk-eko Itsaso Jauregi, otsailaren 16an, Iruñeko Laban. IÑIGO URIZ / FOKU

Materiala sortu

Nor taldeak Euskal Herrri osoa du bere lan esparru; 2018an hasi zuen bere bidea, eta, hasieratik, antiespezismoa euskaraz lantzeko eta ulertzeko materiala sortzea eta itzultzea izan du helburu nagusietako bat. 2018ko Durangoko Azokan aurkeztu zuen helburu hori lortzeko bidean urratsak egiteko lehendabiziko lana: Aterpetuak, Aitor Garmendia argazkilari eta ekintzaile antiespezistak Madrilgo Wings of Heart —egun Vegan izena du— babeslekuari buruz egindako Refugiados liburuaren itzulpena.

Bob Torresen Goseak akabatuak: animalien eskubideen ekonomia politikoalanaren bidez, urrats bat aurrera egin nahi izan dute Nor taldeko kideek: «Liburu hau aukeratu dugu gizakiz besteko animalien auzia lantzen duelako ikuspuntu oso politiko batetik», azaldu du Eñaut Retegik. Torres AEBetakoa da, eta 2007an argitaratu zuen bere liburua—Making a killing izena du jatorrizko lanak, eta Por encima de su cadaver Ochodoscuatrok gaztelaniaz argitaratutako edizioak—. «Testuinguru jakin batean idatzitako liburu bat da, eta gauza guztiekin ados ez egon arren, uste dugu balio duela antiespezismoaren inguruko ikuspuntu politikoa azaltzeko», berretsi du Nor taldeko kideak. Izaera politiko hori nabarmendu nahi dute, bertze gizarte eragileekin saretzea sustatzeko.

«Testuinguru jakin batean idatzitako liburu bat da, eta gauza guztiekin ados ez egon arren, uste dugu balio duela antiespezismoaren inguruko ikuspuntu politikoa azaltzeko». 

EÑAUT RETEGI Nor talde antiespezistako kidea

Zaunk taldeko Olaia Garaialdek eskertu du Torresen lana euskaraz irakurri ahal izatea. «Antiespezismoaren inguruan irakurri nuen lehendabiziko liburua horixe izan zen; pozgarria da orain euskaraz egotea». Zaunk taldeak ere euskaraz egiten du lan. Durangoko Azokan aurkeztutako fanzinean, hain zuzen, lan horren zati bat jaso dute. «Fanzinea sortu dugu antiespezismoaren inguruan hausnartzeko, euskaraz, eta Euskal Herrian», azaldu du Garaialdek. Aitortu du fanzinea argitaratzea erabaki zutenean Zaunk hagitz «garai gogorra» pasatzen ari zela, jende gutxi zirelako taldean. Fanzineak eman die bultzada bat, eta aurretik egindako lanekin batera, fanzinerako propio sortutako testuak ere jaso dituzte.

Euskal Herriko talde antiespezistetako zenbait kide, 2022ko Korrikako kilometro antiespezistarako kartelak egiten. NOR
Euskal Herriko talde antiespezistetako zenbait kide, 2022ko Korrikako kilometro antiespezistarako kartelak egiten. NOR

«Nik gomendatzen dut», erran du Animalistak taldeko Irene Barañanok, Zaunk-en fanzineari buruz. Animalistak taldeko kideek Matxinorroprotesta haurrentzako liburua argitaratu dute, «hutsune bat» betetzeko asmoz; izan ere, Barañanok azaldu duenez, gero eta haur begano eta barazkijale gehiago dago, baina haientzat euskarazko libururik ez, ordea. «Taldeko kide batzuen beharrak bultzatu du guk liburu hau itzultzea; haur bat dute, eta harentzat euskarazko libururik ez zuten aurkitzen; haurrentzako materiala sortu nahi izan dugu euskaraz eta ikuspuntu antiespezista batekin», kontatu du Barañanok. Rosalba Guzman Soriano da jatorrizko liburuaren egilea (La Revobulliprotesta, Ochodoscuatro), eta Klara Fernandez ilustratzailea.

Bazterretik

Zaunk eta Nor taldeek euskaraz egiten dute lan gizakiz bertzeko animalien alde; Animalistak taldeko kideek ere asmo hori dute, baina Irene Barañano kideak onartu du anitzetan «ezinezkoa» zaiela, taldeko hainbat kidek euskaraz ez dakitelako, bertzeak bertze. Euskararen normalizazio prozesuan parte hartzea helburu dute hiru eragileek, betiere. Hizkuntza gutxitu bat izateak «arautik kanpo» kokatzen du euskara, eta, horrek, gizakiz bertzeko animalien aldeko borrokarekin lotzen du euskararen aldekoa, eragileon ustez: «Bazterrean dira euskara, eta bazterrean dira gizakiz besteko animaliak ere», erran du Olaia Garaialdek. Espezismoak kulturarekin «lotura zuzena» duela erantsi du, eta «garrantzitsua» dela hori ulertzea.

«Kultura babestu nahi dugunez, ematen du ezin dela ukitu ere egin, eta ez diogu erreparatzen beste animaliekin dugun harremanari». 

OLAIA GARAIALDE Iruñerriko Zaunk talde antiespezistako kidea

Zapaldu-zapaltzaile izaeraz mintzatu da Garaialde, hain zuzen: «Beste borroka batzuen inguruko diskurtso sendoak ditugu, eta gai gara gure pribilegioez ohartzeko; gizakiz besteko animalien kasuan, berriz, zailagoa zaigu, gure kultura, gure tradizioa ukitzen duelako. Kultura babestu nahi dugunez, ematen du ezin dela ukitu ere egin, eta ez diogu erreparatzen beste animaliekin dugun harremanari».

Garaialdek arreta jarri nahi izan dio antiespezismoak euskal hedabideetan duen islari ere, eta kritikatu du hedabideok bertze zenbait gaitan ezartzen dituzten mugak ez direla existitzen gizakiz besteko animalien auzian: «Feminismoarekin, adibidez, kritikoak dira: diskurtso batzuk zabaltzen dituzte, eta, beste batzuk, berriz, ez; gizakiz besteko animalien auzian ez da gertatzen, eta egun batean antiespezismoaz aritzen dira, eta hurrengoan gai erabat espezista bat zabaltzen dute».

Aurtengo Korrikako kilometro antiespezistan parte hartzera deitzeko kartela. NOR
Aurtengo Korrikako kilometro antiespezistan parte hartzera deitzeko kartela. NOR

Eragile antiespezistek bertze gizarte mugimenduekin sarea sustatzea dute helburu. Zailtasunak zailtasun, urratsak egin dituztela nabarmendu dute Zaunk eta Animalistak taldeetako kideek. Zaunk-ek, adibidez, herri sanferminen aldeko plataforman parte hartzen du; Animalistak taldeak, berriz, Bilboko Piztiak konpartsarekin du harreman estua, eta, konpartsa horren bidez, bertze gizarte eragileekin: «Lortu dugu beste mugimenduek antiespezistok errespetatzea, baina oraindik ez dugu lortu nabarmentzea subjektu politikoa beste animaliak direla, ez gu. Lan asko dago egiteko, baina jendeak badu jakin-mina», kontatu du Irene Barañanok.

Eragile antiespezisten arteko sarea ehuntzea anitzez ere «errazagoa» izan dela nabarmendu dute denek. Elkarlanean aritu ziren iazko Durangoko Azokan, eta elkarlanean ariko dira martxoaren 14an abiatuko den Korrikan: kilometro antiespezista bat izanen da, hirugarrenez; Iruñerrian egonen da, duela bi urte bezala. 551. kilometroa da, Elortzibarren. Martxoaren 16an ailegatuko da Korrika kilometro horretara, 20:23an.

EGITARAUa

  • Martxoak 14. 'Gurean' dokumentala. Proiekzioa eta solasaldia. 19:00etan, Iruñeko Zabaldin. 
  • Apirilak 11.Zergatik antiespezismoa? Zergatik herri mugimenduan? Zergatik Iruñerrian? izenburuko mahai ingurua. 19:00etan, Iruñeko Laban.
  • Maiatzak 9.Zezenketen bidegurutzeak izenburuko mahai ingurua. 19:00etan, Iruñeko Laban.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.