Ventura Ruiz
IRITZIA

Antzerkia eta zonifikazioa

2025eko ekainaren 6a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Ospatu berri dugu Nafarroa Eszenara jaialdiaren lehen aldia. Feteanek antolatuta (Nafarroako Antzerki Amateurraren Federazioa), eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Rural Kutxak babestuta. Hilabete batean, bost eszenatokitan (denak Iruñean), federazioaren barruan dauden hamar antzerki talde amateurrek beren antzezlanak eskaini dituzte. Emanaldi guztietarako sarrera doan izan da, publikoa erakartzeko.

Gauzak horrela, erranen nuke ez zaidala gustatzen ekitaldi guztiak Iruñean egitea, are gutxiago jaialdiak Nafarroa Eszenara izena badu; bertzalde, Iruñeko Udalak finantzatu du aipatutako egitaraua, eta, jakina, Civivox aretoak eta Txantreako komunitatearen aretoa prest egon dira jaialdiko gure antzezlanak sustatzeko. Gainera, Nafarroako Antzerki Eskolarekin akordio bat egin dute, eta bi emanaldi eskolako oholtzan egin dituzte.

Iruñean ikusi dira emanaldi guztiak baina ez dira izan Iruñeko antzerki taldeetakoak bakarrik, noski; Lizarratik eta Allotik, adibidez, etorri dira taldeak jaialdi honetan parte hartzera. Kilkarrak eta Míreni gustura egon dira etxetik kanpo, hiriburuan, bertze publiko baten aurrean beren lanak aurkezten. Iruñeko taldeoi ere gustatuko litzaiguke bertze herri batzuetara joatea bertze ikus-entzule batzuei guk egiten duguna erakustera. Iruñeko Udalak lan itzela hartu du bere gain bere aretoetan geratzen ziren hutsuneak bilatzeko, jaialdiko hamar emanaldi horiek emateko. Eszenatoki ederrak eskaini dizkigute, gainera, eta aretootan lan egiten duten teknikariek laguntza ikaragarria eman digute. Laburbilduz, lan ederra Iruñeko Udalarena.

Baina gero ailegatzen zaizkigu kexak. Ea zergatik egiten den dena Iruñean. Ea dena zergatik zentralizatzen den, ea bertze herri batzuetako aretoetan zergatik ez den deus ere egiten... Uste dut oso erraza zela kexatzea baina, aldi berean, beharrezkoa den ardura ez hartzea. Komentatu dudan bezala, hemengoei ere, Iruñeko taldekideoi, gustatzen zaigu bertze herri batzuetara joatea gure antzezlanak aurkeztera. Orduan, non dago koxka? Zergatik ez dira gehitzen bertze udal batzuk eta ez dute denen artean benetako Nafarroa Eszenara antolatzen? Sareak indartu nahi ditugu, elkar ezagutu eta iparraldetik hegoalderaino joan; herri bakoitzeko taldeak ezagutu, Nafarroan antzerki talde ugari baitaude.

Eta hausnarketa hau egiten dudan bitartean irratian entzun dut Nafarroako Gobernuak ez duela bertan behera utzi nahi zonifikazioa. Nafarroako alderdi sozialistak Europako Parlamentuan hizkuntza ofiziala izateko euskararen alde bozkatuko du, baina gero nahiago du Nafarroa zatitu hizkuntzaren aitzakiarekin.

Sareak indartu nahi ditugu, elkar ezagutu eta iparraldetik hegoalderaino joan; herri bakoitzeko taldeak ezagutu, Nafarroan antzerki talde ugari baitaude

Gure erkidegoan gertatzen dena erabat ulergaitza da. Imajinatu ahalko duzue Galizian, adibidez, hiru probintziatan galegoa hizkuntza ofiziala izatea eta laugarrenean ez? Ba hori da hemen gertatzen dena, eta batzuek onartzen dute logikoa izanen balitz bezala.

Azkenean, zoritxarrez, dena politikaren kontua da, eta errazagoa da erkidegoa banatzea eta zati txiki baten agintari izatea, bertze alkateekin batera lan egitea baino. Eta erabaki hori esparru guztietan sufritzen da.

Ez zen nire asmoa hizkuntzari buruz idaztea, Nafarroa Eszenaren lehen aldiari buruz baizik, baina azkenean dena lotuta dago, eta hurrengorako espero dut eszenatoki gehiagotara joatea, herri gehiagok gure jaialdiari garrantzia emanen diotelako, edozein hizkuntzatan, baina, batez ere, euskaraz. Espero dut herri gehiagok erabakiko dutela elkarrekin lan egitea. Herri gehiagok ulertuko dutela erkidego berekoak direla, eta ez bakarrik zona batekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.