Puntu batetik bestera doan nylonezko edo poliesterrezko zinta batetik ibiltzean datza slackline jarduera. Oreka kirol bat da, eta, zinta lurretik hogei metrora baino gehiagora jartzen denean, highline izena dauka. Gregori Miaillier eta German Jimenez Zuluaga orekariek kontatu dutenez, Nafarroako highline komunitatea handitzen ari da, baina geroz eta zailtasun «handiagoak» dituzte kirol hori egiteko. Guztiz araututa ez dagoenez, orain arte baimenik izan gabe aritu dira jarduera praktikatzen; hala nola Etxaurin eta Artederretan. Hori dela eta, Espainiako Poliziak lerroak kentzeko eskatu eta jarduera horretan aritzen den jendea identifikatu du.
Iazko neguan, adibidez, Jimenezek, beste lagun batzuekin batera, Nafarroako Unibertsitateko campusean slackline bat jarri zuen. Horietako egun batean, Poliziak jaisteko eskatu, identifikatu, eta lau lagun atxilotu zituen: «Poliki-poliki jaisten hasi ginen, arriskutsua baita denak batera jaistea. Gainera, poliziak heldu zirenean ekipoa desmuntatzen ari nintzenez, ezin nintzen jaitsi, besteak eroriko baitziren bestela», esplikatu du Jimenezek. «Desordena publikoa» eta «aginteari men ez egitea» leporatu zizkieten. Jimenezen arabera, ez dauka zentzurik horrela jokatzeak.
Nafarroako Gobernuko basozainek apirilaren 8an esan zuten Artederretan baimenik gabe jarritako slackline bat kendu zutela, ingurumenean kaltea eragin dezakeelako: «Jarduera hau belatzak, putreak, sai zuriak, arranoak eta antzeko espezieek habiak egiten dituzten harkaitzetan eta ebakietan praktikatzen da. Hegaztiek lerroaren kontra talka egiten badute edo jarduera egiten duten gizakiak habietatik hurbil badaude, baliteke ugaltzeko garaian porrot egitea». Hori dela eta, slackline bat jarri nahi den bakoitzean, baimena eskatu behar da. Egun, Iturmendin egiteko baimena baino ez daukate. Horrez gain, soilik pare bat egun egon daiteke lerroa.

Orekaria izateaz gain, basoko ingeniaria ere bada Miaillier, eta, azaldu duenez, Nafarroako legediarekin «oso erraza» da jarduera arautzea, harkaitzen artean egiten diren jarduerak erregulatzen dituen dekretu bat dagoelako. Bertan sartzen dira, besteak beste, eskalada, arroila jaitsiera, parapentea eta espeleologia. Miaillierrek esan du lerroak muntatu dituztenean kontuan hartu dutela inguruan eskaladako lekuak irekita zeuden edo ez: «Guk egiten dugunaren eragina ez da horrenbeste urruntzen eskaladak daukan eraginetik. Adibidez, lerroa eskaladarako irekita dagoen gune batean jartzen badugu, horrek esan nahi du ez dagoela hegaztirik gertu habiak egiten». Hegaztiek lerroaren kontra talka egiteari buruz, ez du inoiz horrelakorik entzun: «Goitik edo behetik pasatzen dira, eta gu beste hegazti handi bat besterik ez gara».
Lerroak jartzeko zenbait modu daude, eta, batzuetan, eskaladako antzeko ainguraketak erabiltzen dira. Horiek arrasto «txiki» bat uzten dute. Beste batzuetan, aldiz, behin lerroa kenduta, ez da arrastorik geratzen. Lerroa muntatzeko ordu dexente behar izaten dituzte; horregatik, egun oso bat edo pare bat egun uzten dute lerroa. Zinta nagusiaz gainera, beste lerro bat dago, lehenengoa apurtuz gero bigarrenetik zintzilik geratzeko. Arnes batekin lotzen dira lerrora. Miaillierrek esan du muntatzea «konplexua» dela: «Ez dugu ezkutaketan aritzeko asmorik; argi ikusten da zertan ari garen. Txarrean ez dugu deus lortuko».
Elkarte baten premia
Komunitatea handitzen ari den arren, «txikia» da oraindik. Gainera, orain arte Gipuzkoan aritu dira, batez ere. Miaillierren ustez, horrek eta jardueraren inguruko ezjakintasunak zaildu egiten dute baimenak lortzea: «Nafarroan orain arte deus gutxi egin denez eta gutxi garenez, ikusezinak ginen edo ez ginen existitzen. Orduan, oso zaila da baimenak eskatzea eta lortzea; betiko gera gaitezke baimenen zain». Hala ere, uste du «poliki-poliki» eta Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko arduradunekin mintzatuta «geroz eta errazagoa» izanen dela gauzak adostea.
«Ez dugu ezkutaketan aritzeko asmorik; argi ikusten da zertan ari garen. Txarrean ez dugu deus lortuko»
GREGORI MIAILLIERNafarroako 'highline' komunitateko kidea
Jimenezek bat egin du Miaillierrek esandako guztiarekin, eta beste urrats bat egin, eta elkarte bat sortu nahi duela azaldu du. Uste du horren bidez «errazagoa» izanen dela elkar babestea eta baimenak eskatzea: «Elkarte baten izaera izateak bideak erraztu eta segurtasun handiagoa ematen du. Horren bidez errazagoa da argudiatzea jarduera segurua dela». Izan ere, oraindik ezezaguna denez, Jimenezi iruditzen zaio eman dezakeela oso arriskutsua dela, baina berretsi du «ongi» eginez gero «segurua» dela.
Arriskuei begiratzeaz gain, Jimenezek uste du onuretan ere arreta jarri beharra dagoela. Hura sorbaldako lesio bat izan ostean hasi zen slackline egiten, eta nabarmendu du «oso lagungarria» izan dela errehabilitazioa egiteko. Horrez gain, maila emozionalean ere tresna ugari ematen dizkio: «Migrazio prozesuak eragindako ezjakintasuna eta ezinegona kudeatzen lagundu dit. Ez dakit zer eginen dudan etorkizunean, baina honek laguntzen dit urratsez urrats aurrera egiten eta unean uneko beharrei erantzuten». Horrekin batera, orokorrean beldurrei aurre egiteko, gorputza entzuteko eta meditatzeko bidea ere bada: «Lerroan zaudenean, azkenean, ikusten duzu ez dela beharrezkoa pentsatzea, eta erantzunak zure barnean daudela».