Atena: arteaz gozatu eta sortu

Iruñeko Atena fundazioak 25 urte bete ditu; hainbat gurasok sortu zuten, adimen desgaitasuna duten umeei aukera emate aldera artista gisa garatzeko eta arteaz gozatzeko.

Atena fundazioko kideak, 'Ciclos efimeros' proiektua garatzeko prozesuan. TONI SASAL
Atena fundazioko kideak, 'Ciclos efimeros' proiektua garatzeko prozesuan. TONI SASAL
edurne elizondo
Iruñea
2026ko maiatzaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Beteranoa naiz». Horixe erran du Ainhoa Sueskunek Ciclos efímeros pieza aurkezteko agerraldian, Iruñean. Atena fundazioko dantza konpainiako kideek sortu dute lana, denboraz, memoriaz eta doluaz hitz egiteko. Fundazioak 25 urte bete ditu, eta Sueskunek hogei baino gehiago eman ditu Atenak sustatutako izen bereko dantza taldean. Sumatzen zaio esperientzia, eta konpainiako arduradun Sandra Ayelok berretsi du Sueskun «maila handiko dantzaria» dela. Elkarrekin ari dira, konpainiako gainerako hamabost kideekin batera, Ciclos efímeros lanean.

Atenako kideek azken bi urteotan garatu dute Ciclos efímeros proiektua; ez da dantza ikuskizun soila, azpimarratu dutenez: koreografia sortzeko prozesua Iruñeko Paderborn-Lezkairu ikastetxeko eta Irunberriko eta Lizarrako zahar etxeetako kideekin batera egin dute, eta, gainera, emandako pauso oro bere kamerarekin harrapatu du Toni Sasal argazkilariak, erakusketa bat osatzeko. Sasalen argazkiak Lizarrako Los Llanos aretoan ikusi ahal izanen dira gaur, eta Iruñeko Paderborn-Lezkairu ikastetxe publikoan hilaren 25etik 29ra. Abuztuaren 17tik irailaren 15era, berriz, Iruñeko Civicanen erakutsiko dituzte. Dantza ikuskizuna ere herriz herri aurkeztu nahi dute Atenako konpainiako kideek, hilaren 13an Iruñeko Gaiarren estreinatu eta gero.

Entseguak, astean lau aldiz

Atenak mende laurdena bete du. «Gauzak anitz aldatu dira. Fundazioa hainbat gurasok sortu zuten, adimen desgaitasuna zuten haurrek aukera izan zezaten artista gisa garatzeko eta arteaz gozatzeko», kontatu du Sara Culebras fundazioko kudeatzaileak. Duela 25 urte, hain zuzen, eskola propio bat sortu behar izan zuten guraso horiek, «bertze aukerarik ez» zutelako: «Orain, musika eta dantza eskola batzuek hartzen dituzte desgaitasunen bat duten haurrak, baina anitzetan ez dute bermatzen ume horiek benetan parte hartzeko aukera izatea», erantsi du Culebrasek.

Atena fundazioko dantzari Ainhoa Sueskun eta Sandra Ayelo, 'Ciclos efimeros' lana aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Atena fundazioko dantzari Ainhoa Sueskun eta Sandra Ayelo, 'Ciclos efímeros' lana aurkezten. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dantzaren, antzerkiaren eta musikaren esparruan murgiltzeko aukera eskaini du Atenak, bidea hasi zuenetik. Konpainia osatuta, gainera, fundazioa kultur eragile bilakatu zen, eta orain arte hainbat ikuskizun prestatu eta zabaldu ditu, herrialdeko hamaika txokotan. Hamazazpi artistak osatzen dute dantza konpainia, tartean izanik adimen desgaitasuna duten kideak eta ez dutenak.

«Astean lau aldiz elkartzen gara entseatzeko. Gustura aritzen naiz dantzan. Ciclos efímeros sortzeko prozesuan ikasleekin eta zaharrekin aritu gara. Polita izan da umeekin irakasle rola betetzea; zaharrekin aritzea gogorragoa izan da, gure aitonarekin oroitzen bainintzen», kontatu du Ainhoa Sueskunek.

Ikasleekin eta zaharrekin egindako lana dago Ciclos efímeros piezaren oinarrian. Memoriaz eta doluaz gogoeta egin nahi izan dute, eta denborari buruz ere bai. Konpainiako arduradun Sandra Ayelok nabarmendu du, hain zuzen, denbora dela konpainiako kideen lanaren gakoa. «Hain azkar mugitzen den gizarte honetan, erritmoa moteldu bertzerik ez da behar izaten anitzetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA