Korrika goizaldera arte ez da Garestik pasatuko, baina euskararen aldeko bestak egun osoa hartu du herriko karriketan, martxoaren 21ean. Herriko euskara teknikari Koldo Colomok ere lasterketaren aitzakia baliatu du Izarbeibarko eta Mañeruibarko euskararen historiari buruzko bisita gidatu bat prestatzeko. Colomok berak zuzendu du, «kontzientzia historikoa» pizteko, eta «autoestimu linguistikoa eta ezagutza kritikoa» sustatzeko. Gainera, herritarren euskararekiko konpromisoa aktibatu nahi izan du, eta bertze hizkuntzekiko errespetua bultzatu.
Eguraldia alde izan dute Korrikak eta Colomok; Garesko etxeen arteko giroa freskoa da, halere, eta euskara teknikariak eguzkia bilatu du denboran atzera egiteko eta euskarak herrian utzitako arrastoak aztertzeko bidean. Lehen urratsak, hain zuzen, Gurutzefikaren elizan egin dituzte, Murugarren izeneko muinoko lehen biziguneko herritarrek eraiki baitzuten, orain Gares den eremura mugitu eta gero.

Colomok toponimiaren esparruan bilatu ditu euskararen lehen arrastoak, eta erruz aurkitu ditu. «Garesko toponimiaren erdia euskarazkoa da; hemendik bost kilometrora dagoen Mendigorrian, berriz, toponimoen %3 baino ez dira euskaraz. Gares eta Mendigorria artean bada muga linguistiko bat, eta XIX. mendera arte ia bere horretan eutsi zion», kontatu du Colomok.
Lehen hitzak
Mandabeltz, Errekaldia, Bidartea, Kortaburu, Gardama... Colomok zerrenda batean jasotako toponimoetako batzuk bertzerik ez dira. Euskara teknikariak zehaztu du toki izenak ingurua ezagutzeko modu bat direla, eta horregatik dutela balio handia. Garesen eta inguruan euskaraz idatzitako lehen hitzez ere aritu da ibilaldian; I. mendekoak dira, hain zuzen, eta aldare harrietan ageri dira. «Izarbeibarren ez dugu halako aldare harririk, baina Mañeruibarren bai, badira batzuk; etxeko aldareak dira, jainkoei eskertzeko». Colomok azaldu du Ziraukiko elizan badela gisa horretako harri bat, bataio harriaren azpian: «Erromatarren garaiko aldare harri bat da, eta Loxa jartzen du».
Gares XII. mendean sortu zuten, Murugarren muinoko biztanleak egun herriak hartzen duen eremura mugitu eta gero. «Garai hartako egoera geopolitikoa lasaialdi batean sartu zen, eta Murugarrenen ziren herritarrek aukera baliatu zuten honat mugitzeko, toki handiagoa baitzuten», azaldu du Colomok. Oroitu du XI. mendean egin zutela herriko Argaren gaineko zubia, eta nabarmendu Iruñe eta Naiara (Errioxa, Espainia) arteko komunikazioa sustatzea izan zuela helburu. «Garestik pasatu ziren erromesen artean, Aymeric Picaud zegoen [moje eta idazle frantziarra, Codex Calixtinus lanaren egilea], eta hari esker dugu XII. mendean lehen euskal hiztegia», gehitu du Colomok.
Euskara teknikariak nabarmendu du XVI. mendean euskararen erabilera «ohikoa» zela Izarbeibarren eta Mañeruibarren, eta hurrengo mendeetan hasi zela gainbehera. «Utergan, 1547ko euskarazko ezkontza promes bat aurkitu zuen Satrustegik», erran du Colomok. Ziraukiko kasua ere aipatu du, euskarak zuen presentziaren adibide: «Eskribau erdaldunak jarri zituzten, eta herritarrak erabaki horren kontra altxatu ziren; Ziraukin hirutik bi euskaldun hutsak ziren».
Azken euskaldunak
Euskara galtzeko prozesuaren lehen urratsak XVIII. mendean egin zituzten Garesen eta inguruko herrietan. 1764. urtean, bertzeak bertze, Añorben eskola gaztelaniaz egin zezatela eskatu zuten, Colomok azaldu duenez: «Uste zuten haurrak herrian geldituko zirela, euskaraz ikasiz gero». XIX. mendearen hasierako bertze agiri baten berri eman du euskara teknikariak: «Ziraukiko 1801eko udal agiri batean, Joaquina Irulegi eta Agustina Oteiza aipatzen dituzte: «Son mal arromanzadas y de corta inteligencia en las voces castellanas». 1820ko agiri batean, halere, alkatearen eta tabernariaren arteko eztabaida baten berri ageri da, eta euskaraz ari ziren. Handik gutxira, 1823an, eskolan eta handik at euskaraz aritzen zirenak zigortzeko agindua ageri da.

Garesko azken euskaldunak XX. mendearen lehen erdian hil ziren. «Zalantza dago nor izan ote zen azkena: Catalina Ganboa, Artazun 1934an hila, edo Concepcion Arraiza, Etxauri Muruzabalen 1948an zendua», esplikatu du Colomok. Erantsi du herritarren ustea dela euskara anitzez ere lehenago galdu zela Izarberibarren. «Kasurik okerrenean, baina, berrogei urte eman ditugu euskara gabe, 1974. urtean gau eskolak hasi baitziren, Fermin Otsoaren eskutik».
Gau eskolak sortu eta gero, 1977an, euskarako haurtzaindegi bat martxan jarri zuten Maite Alvarezek eta Zuriñe Eiaralarrek. D eredua 1985ean lortu zuten, eta 2016an, berriz, Izarbeibarko Mankomunitateko Euskara Zerbitzua abian jarri zuten.
Azken datuen arabera, egun Garesko herritarren %17,4 dira euskaldunak, eta %10 ia euskaldunak. «30 urte baino gutxiago dutenen artean, %40 inguruk badute ezagutzaren bat», zehaztu du Colomok, eta erantsi D ereduan ari direla ikasleen %80. «Hizkuntzek mundua ulertzeko era bat islatzen dute», berretsi du, eta euskara zaintzera deitu.