Uxue Juarez
IRITZIA

Babesa

2025eko ekainaren 27a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Afalostean suaren inguruan eseri gara Akrobaziako I. eta biok, M.-k eraiki berri dituen egurrezko banku txikietan. Txinpartak txori lotsatiak lez disolbatu dira gaueko zeruan. I.-k bere lehenengo zigarroa piztu du eta, kea askatzen zihoan heinean, boterearen inguruan mintzatzen hasi zait. Beti pentsatu izan dut boterera heldu orduko jendea galbideratu ohi dela. Usteldu egiten gara gizakiok boterearekin kontaktuan, badakizu, bota du I.-k pentsakor. Gure baitan oxidazio azkar eta bortitz bat gertatuko balitz bezala. Barrualdean zabaltzen zaigun baso txikia tximista batek harrapatuta idortuko balitz bezala. 

I.-k zigarroa amaitutakoan, isilik gelditu gara suari so. Kontatu diot I.-ri Maria Jose Ferrada idazleak Guardianes liburuan aipatzen duela naturako elementu bakoitzak, izaki bizidun bakoitzak, bere zaindari edo babesle txikia duela. Euriak baduela, zuhaitzek badutela, munduak baduela bere babeslea. Gutariko bakoitzak ere bere galtzagorria izango balu bezala. 

Brometan, txinparta bakoitzak babesle bat baduela argitu diot I.-ri eta itzal artean behaketa lanari ekin diogu bat topatu nahian. Une horretan gogoratu dut Ana Jaka idazleak eta lagunak aurrekoan nirekin konpartitutako jazoera: 

Duela hiru aste, Arrotxapean, bere motorra lagunen etxabean gorde nahi zuen gazte bat inguratu zuen poliziak. Etxabean debekatuta zegoela motorra gordetzea. Ilegala zela. Baina gazteak, etxaberantz jarraitu zuen temati. Poliziak gaztea inguratu zuen, errefortzuak eskatu zituen, eta, handik bost minutura, film yankietako hedatze ero eta bortitz horietako bat ikusi zuen Anak.

Eta zuek al zarete gure babesleak?, galdetu du beste auzokide batek. Nik, lehenbizi, nire lankideak babestuko ditut, erantzun du poliziak

Funtzionario taldeari bizilagunak inguratu zitzaizkion gaztea laguntzeko asmoz, baina ergelkeriak eta gizatasun faltak aurrera egin ahala, abentura filma hurrengo fotogramarekin erdi amaitutzat jo genezake: bertan bi protagonista agertzen dira. Lehenengoa, arma esku artean sostengatzen duen polizia gazte bat, o te callas o disparo oihukatzen duena. Bigarrena, gaztea laguntzeko gerturatu den auzokidea (bihotzaren erdigunean pistolaren argi berdea proiektatua duelarik). Eta zuek al zarete gure babesleak?, galdetu du beste auzokide batek. Nik, lehenbizi, nire lankideak babestuko ditut, erantzun du poliziak. Nire buruan azken eszena irudikatzen dut: isiltasuna nagusitzen da eta jendearen begiradak lortzen du azkenean poliziak eskua jaistea. Baina aurretik Yamaguchiko polizia ere ikusi dut garagardo bat edaten ari diren bost lagun mehatxatzen (arrazializatuak izatea kointzidentzia al da?), Arrosadiakoak antzeko egoeran, eta ikusi dut gaur goizeko nerabe arabiarra ere poliziaren aurrean kontu-kontari. Eta ez naiz fio. Bukaera erromantikoak jada ez ditut irensten. Ez dago modan babesa, ez daude modan zaintza eta enpatia ere.

Botereak erakusten du benetan zu nor zaren, bota du I.-k azken egur puska sutara botaz eta nire pentsamenduak etenez. Azpitik begiratuta, plazan bildutako jendetzaren antza hartu diet txinpartei. Txikiak eta igualak. Une batez dir-dir eginez eta, berehala, ziztu bizian ihesean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.