Eskubaloi jokalari ohia

Silvia Ederra: «Bera Berako etapa egia bilakatutako ametsa izan zen; ez nuen ernatu nahi»

Silvia Ederra lizarratarra 8 urte zituenean hasi zen eskubaloian jokatzen, eta 41ekin utzi du, hamaika txapel irabazi eta gero. «Kontent» da egindako bidearekin, baina pena handi bat badu: Itxako desagertzen ikusi izana.

Silvia Ederra eskubaloi jokalari ohia, uztailaren 21ean, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. IÑIGO URIZ / FOKU
Silvia Ederra eskubaloi jokalari ohia, uztailaren 21ean, Iruñeko Alde Zaharreko karriketan. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko irailaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Silvia Ederrak (Lizarra, 1983) erraz egiten du irribarre; are gehiago, eskubaloiari buruz ari bada. Itxakon hasi zuen bere bidea, 8 urte zituenean, eta Bera Beran lortu ditu txapel gehienak. Logroñoko (Espainia) Sporting La Riojan eman ditu azken urteak. 2020an, eskubaloia uztea erabaki zuen, baina 2023an itzuli, eta maiatzera arte egon da pistan. 

Behin betiko agurra da oraingoa?

Bai, bai! [kar, kar, kar]. Bada garaia jokalari gazteei beren bidea egiten uzteko. Uste dut jokalari gisa dena eman dudala pistan. Neure buruarekin lehiatu naiz beti, nire onena emateko; orain jakin nahi dut nor naizen pistatik at, eskubaloitik at.

Lasai zoaz?

Bai, hagitz lasai. Denboraldi amaiera nahiko gogorra izan zen, baina azkenean lortu genuen mailari eustea. Hori zen gure helburua, eta lortu genuen. Beraz, lana eginda alde egin dut.

Jokalari gisa dena eman duzula diozu; entrenatzaile gisa itzultzeko aukera aztertu duzu?

Oraingoz ez dut inolako asmorik. Anitzek egin didate galdera hori, beti izan dudalako jokoa ulertzeko gaitasun handia. Azken urteotan, saiatu naiz taldeko jokalari gazteenei azaltzen esperientziak eman didana, baina oraingoz ez dut buruan entrenatzaile aritzeko prestatzea. Gero, ikusiko dugu...

«Eskubaloian egin dudan bidea anitz gozatu dut, baina bertze etapa bat hasteko garaia da oraingoa»

Kirola bazter uzteko beharra duzu orain?

Bai. 41 urte ditut, eta nire gauzetan eta pistatik kanpoko lan esparruan zentratzeko beharra dut. Eskubaloiaren esparruan egin dudan bidea anitz gozatu dut, baina bertze etapa bat hasteko garaia da oraingoa.

Zer asmo duzu orain hasi duzun etapa berrirako?

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak egin nituen, eta marketinari buruzko master bat. Pandemian eskubaloia uztea erabaki nuenean, oposizioetarako ikasten hasi nintzen. Ez nuen denbora askorik izan, baina lortu nuen zerrenda batzuetan sartzea, eta lanean hastea. Errenta aitorpenaren kanpainan aritu naiz, eta orain Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan nago. Nire asmo nagusia da laster aterako dituzten administrari postuetarako oposizioak gainditzea, eta lanean jarraitzea.

Pista utzi eta lan munduan sartzeko prozesua zaila izan da?

Uste nuen zailagoa izanen zela. Finean, orain hutsetik hasi naiz berriz, eta dena da berria. Halere, gogoz eta ilusioz nago. Etapa honetan ere anitz ikas dezakedala uste dut, eta hori da nire asmoa.

(ID_7152757) Bera Berako Silvia Ederra
Silvia Ederrak hamahiru txapel irabazi zituen Bera Bera taldearekin, Gipuzkoan eman zituen sei urteetan, 2012tik 2018ra. Irudian, Ederra baloiarekin, Bera Beraren eta Bretainiako Brest taldearen arteko EHF Kopako kanporaketako joaneko partidan, 2016ko azaroan, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Zenbateko pisua du esperientziak pistan?

Handia. Nik, zorionez, aukera izan dut eskubaloiaren urterik onenak gozatzeko; txarrenak ere bai. Pistak ematen dizu esperientzia; taldekideekin ematen duzun denborak ere bai. Irabazten ikasteko galtzen jakin behar duzu lehendabizi. Esperientzia hori ezin da irakatsi, nork bere bidea egin behar du, eta bide horretan ikasi. Nik lan handia egin behar izan dut gora ailegatzeko; eskertzen dut lan hori egin behar izana, esperientzia horrek balio handia duelako. Erran izan didate pistan sumatzen zela nire esperientzia, eta horrek pozten nau.

Eskubaloiaren urterik onenak aipatu dituzu. Zeintzuk izan ziren?

Itxakon eman nituenak. Nik Itxakorekin ikasi nuen dakidan guztia. Ambros Martinek [Itxakoko entrenatzaile ohia] behin erran zidan ikasteko nuen guztia ikasia nuela, eta pistan erabili behar nuela ikasitako hori. Alacantera [Herrialde Katalanak] joan nintzen, eta han gero eta gehiago jokatzen hasi nintzen, eta nabarmentzen. Itxakorekin ezin izan nuen minutu asko jokatu, postu berean Espainiako selekzioarekin ari ziren bi jokalari baitzeuden. Baina lehia horrek aukera eman zidan nire onena ematen ahalegintzeko beti; eta bide hori anitz gozatu nuen. Gogoan dut behin Gyorren aurkako partida batean hasierako zazpikoan atera nintzela, bi jokalari lesioek jota zirelako. Hungarian aritu ginen, zale guztiak kontra, eta esperientzia ahaztezina izan zen niretzat. Oraindik hunkitu egiten naiz gogoratzen dudanean.

Eta zeintzuk izan dira urterik txarrenak?

Arazo ekonomikoen urteak. Ni Castro Urdialesen egon nintzenean [2009-2011] arazoak izan genituen; taldea zorretan gelditu zen jokalariokin. Castro Urdialesen nengoenean, auto istripu bat izan nuen, eta ebakuntza egin behar izan zidaten bizkarrean. Garai hartan desagertu zen Itxako ere. Ni, zorionez, 2012an Bera Berarekin hasi nintzen; sei urte eman nituen Donostian. Gero Logroñora mugitu nintzen, bertze maila batera. Orduan sumatu nuen Lehen Mailarekin zegoen aldea.

Itxakon hasi zen zure bidea; zer izan zen zuretzat taldea desagertzen ikustea?

Pena handia hartu nuen. Itxakok dena eman zidan, nire etxeko taldea zen, eta nire lehen taldea izan zen. Hagitz tristea izan zen egun batetik bertzera desagertzen ikustea. Orain Beti Onak ikusten dut, Europarako sailkatu da, eta horrek poz handia ematen dit.

Inportantea da haur eta gazteentzat eredu izan daitekeen talde bat izatea?

Bai. Garai batean, Itxako izan zen haurren eta gazteen eredu nagusia. Kiroldegia bete egiten zen Itxakoren partidak ikusteko, eta herriko neska guztiak hunkituta etortzen ziren jokalariongana, agurtzera. Orain Beti Onak dugu. Espero dut Itxakorekin gertatu zena berriz ez gertatzea. Itxakorekin agerian gelditu zen zuzendaritzak apustu handia egin zuela, eta babesle batek porrot egin zuenean, bertzeek ezin izan zioten proiektuari eutsi. Taldeek oinarri sendo bat behar dute aurrera egiteko. Nik uste dut inportantea dela harrobia sendotzea. Administrazioak ere babestu beharko luke emakumeon kirola; ari dira, baina oraindik anitz bada egiteko. Laguntza handiagoa behar da.

Itxakotik Alacantera joan zinen; zaila izan zen kanpora ateratzea?

Hasieran zalantzak izan nituen, baina Ambros Martinek Itxakotik ateratzera animatu ninduen; aitak ere bai. Nahiko azkar erran nion baietz jasotako eskaintzari, eta joan nintzen. Banuen gogoa bertze toki batzuk ezagutzeko. Bera Beran nintzenean, Hungarian aritzeko aukera izan nuen, baina azkenean ez nintzen joan.

Pena hori duzu?

Pena baino gehiago, gerta zitekeenaren zalantza da. Baina ez naiz damutu. Ez nintzen Hungariara joan taldeak azkenean arazo ekonomikoak zituelako, eta ezin izan zuelako behar zena ordaindu. Uste dut bide ona egin dudala; hainbat taldetan aritu naiz, selekzioarekin ere bai, txapelak irabazi ditut. Gustatu izanen litzaidake selekzioan rol nabarmenagoa eduki izana agian, baina kontent naiz egindakoarekin eta lortutakoarekin.

Alacantetik Kantabriara (Espainia). Han izan zenuen istripua. Pentsatu zenuen beharbada zure ibilbidea orduan bukatuko zela?

Bai. Baina burugogorra naiz, eta ahalegin handia egin nuen osatzeko, eta lortu nuen berriz pistara ateratzea. Ebakuntza egin zidaten bizkarrean, hanketako indarraren %40 galdu bainuen. Ebakuntza ongi atera zen, eta ez dut inoiz bizkarrean bertze arazorik izan.

«Ebakuntza egin zidaten bizkarrean, hanketako indarraren %40 galdu bainuen; gogorra izan zen, baina osatu nintzen»

Eta handik gutxira, 2012an, Bera Berara. Txapelen garaia izan zen Donostiakoa?

Bai. Sei urtean, hamahiru irabazi genituen. Bera Berako etapa egia bilakatutako ametsa izan zen niretzat, eta ez nuen ernatu nahi!

Logroñoko (Espainia) Sporting La Riojan hartu duzu erretiroa. Lehenengoz, 2020an. Zergatik erabaki zenuen uztea orduan?

Ilusioa galdu nuen, neurri handi batean. Gero pandemia etorri zen, eta uztea erabaki nuen. Baina 2023an Logroñotik deitu ninduten taldea laguntzera joateko, eta baietz erran nien. Sei hilabeterako deitu, eta maiatzera arte gelditu naiz, azkenean!

Pistan erran nahi zenuen agur?

Bai. Hori garrantzitsua izan da. Pistak anitz eman dit, eta pistan utzi nahi nuen orain arteko bidea. Utzi dut buruak hala eskatu didalako. Ez dut batere minik. Hori gauza handia da. Iaz, tumore bat kendu zidaten obario batetik. Abuztuan egin zidaten ebakuntza, eta urrian pistan nintzen berriz. Agur erran dut orain, eta kontent nago.

motzean

Eskubaloi jokalari bat? Heidi Loke. Indar handiko jokalaria da, bikaina sei metrotik. Hagitz langilea da, eredua.

 

Lehiaketa bat? Espainiako Kopa. Asteburu bakar batean hiru partida jokatu behar dituzu; intentsitate handiko lehiaketa da, eta pistatik at ere eskubaloia da nagusi. Partida bat? Itxakorekin Gyorren aurka jokatu nuena. 18 urte nituen, eta Hungarian aritu nintzen, aurkariaren zaleen oihuen artean. Gol bat? Golak sartzeko nire modua nabarmenduko nuke; gogor jaurti baina motel sartzen zen baloia. Nola azalduko zenioke eskubaloiaren esparruan hasi berri den bati Itxako zer izan zenFamilia bat ginela erranen nioke; astero 2.000 pertsona elkartzen zirela kiroldegian taldea ikustera. Eredu izan zela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.