Bada zerbait arraroa zahartzaroa interpretatzeko dugun moduan; adineko pertsonak non kokatzen ditugun, nola tratatzen ditugun eta haiengandik zer espero dugun pentsatzerakoan. Askotan, ia konturatu gabe, atzealdean uzten ditugu eta, gure erritmoarekin bat ez datozenez, beste puntu batean kokatzen ditugu. Hala, pixkanaka, pertsona bera lausotuz doa, adina bihurtzen delarik bere ezaugarri nagusi.
Adinkeria ez da beti agerikoa. Askotan zaintza edo babesaren itxura hartzen du, baina azal horren azpian beste zerbait ere egon daiteke; zahartzen ari diren horiek subjektu aktibo gisa ez hartzea. Hau da, haien ordez erabakitzea, haien iritzia bigarren mailan uztea edota zuzenean, ez entzutea. Adin batera iritsita pertsona batek bere kabuz erabakitzeko, parte hartzeko edo bere nahiak adierazteko gaitasuna galduko balu bezala.
Arazoa ez dago urteetan aurrera doazenengan, besteongan baizik. Denboraren joana onartzea kostatzen zaigu eta bizitza etengabe gorantz doan lerro bat ez dela ulertzeko zailtasuna dugu. Zahartzeak, ordea, horri aurre egin behar diogula oroitarazten digu, eta horregatik beragatik askotan urrundu egiten gara, zahartzaroari zeharka begiratzen diogu.
Baina errealitatea bestelakoa da, denborak ez du, ez, bereizten, denok zeharkatzen gaitu. Eta gizarte batek gehien bizi izan direnak alde batera uzten baditu, pobretu egiten da; memoria, perspektiba eta gizatasuna galtzen ditu.
Joera horren aurrean, beste norabide batera egiten duten erantzun txikiak sortzen hasi dira, zeinak ez duten zaintza goitik behera egiten den zerbait bezala ikusten, berdinen artean eraikitzen den harreman baten gisa baizik. Irunberri da horren adibide. Bertan, Irazarra Helduen Elkarteak bizitza —bizitza osoa, baita zahartzen ari dena ere— erdigunean jartzen duen proposamen bat aurrera darama: Zaintzaren Herria.
Adinkeria ez da beti agerikoa. Askotan zaintza edo babesaren itxura hartzen du, baina azal horren azpian beste zerbait ere egon daiteke
Ekimen horren barnean, egun, herriko zaharren egoitzan bizi diren pertsonak laguntzeko boluntario sare bat dago. Helburua denbora partekatzea da. Badira paseoak ematen dituztenak, irakurketa tailerrak edo zinema saioak antolatzen dituztenak, abesten dutenak, dantzatzen dutenak edota brodatzen dutenak. Izeba astean behin hainbat pertsona nagusirekin esertzen da josten. Berak dio barrutik ateratzen zaiola, eta egiten duen horrek zentzua hartzen duela besteek eskertzen dutela ikusterakoan.
Horrelako ekimenek laguntza hori jasotzen dutenen bizitza ez ezik, parte hartzen dutenena ere eraldatzen dute. Elkarrekin konpartitzen diren une horietan inertziak hautsi, aurreiritziak desagertu eta zaintzaile eta zainduaren arteko muga desitxuratzen baita.
Zahartzaroan laguntzea elkarbizitza egiteko modu bat da. Gaur haiek dira adineko pertsonak, bihar gu izan gaitezke. Eta, azken batean, denok nahi dugu entzunak eta lagunduak sentitu. Elkarri begiratzeko eta elkar zaintzeko modu horretan ere eraikitzen da komunitatea.