Berrogei urte ahotsak lantzen

1985ean sortu zuten Kortxeen Lantegia abesbatza, eta aurten berrogeigarren urteurrena ospatuko dute. Abesteko zaletasuna eta koruko kideen artean sortutako adiskidetasuna funtsezkoak izan dira orain arte irauteko.

Kortxeen Lantegia, Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako entsegu batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Kortxeen Lantegia, Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako entsegu batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

1983ko abenduan, Atarrabian, pertsona talde bat gabon kantak abesten ari zen adinagatik edo gaixotasunagatik kalera irten ezin ziren bizilagunen etxeetan. Pertsona horiek ziren Iruñeko Pablo Sarasate Goi Mailako Kontserbatorioan harmonia irakasle izandako Maxi Oloriz atarrabiarra eta haren zenbait ikasle. Orduan ez zekiten, ordea, berrogei urtez kantu kantari aritu den abesbatza baten haziak landatzen ari zirela. Izan ere, gehiagotan elkartzea bururatu zitzaien, eta 1985ean, lagun talde batek Kortxeen Lantegia abesbatza sortu zuen, ongi pasatzeko eta ahalik eta kalitate handiena lortzeko helburuz. Aurten, sortu zenetik berrogeigarren urteurrena ospatzen dute. Horretarako, azaroaren 20an, 19:00etan, Kortxeen Lantegiak kontzertu bat emango du Atarrabiako kultur etxean, abesbatzaren hastapenak izan ziren herrira itzuliz. Horrez gain, Kortxeista baten oroitzapenak liburua ere aurkeztuko dute. Bertan Kortxeen Lantegiaren historia azaltzen da, koruko kide den Iñaki Azkonaren bizipenen eta beste 23 pertsonen kolaborazioen bitartez.

Kortxeen Lantegiak urtetan egindako ibilbideaz hitz egin dute Iñaki Azkonak (Iruñea, 1956) eta Juana Cañadak (Iruñea, 1953). Azkona 1986 inguruan batu zen abesbatzara. Koruaren sortzaileak Iruñeko San Nikolas elizan hasi ziren elkartzen 1985ean, baina Gaztediaren Etxera lekualdatu behar izan zuten, eta han zeudela iritsi zen Azkona. 2009an Kondestablearen jauregian lehen kontzertua egin zutenetik, han elkartzen dira abesbatzako kideak. Hala ere, Azkonak eta Cañadak kontatutakoagatik, kalean abesteak ere garrantzi handia du Kortxeen Lantegian hastapenetatik. Kalean bertan ezagutu zuen abesbatza Cañadak, eta taldeko kide bihurtu zen 2000. urtean. Eguberrietan, Santa Ageda bezperan edo jai herrikoietan abesten du kalean Kortxeen Lantegiak, besteak beste.

«Kantatzeko gustu hori izan dugu, eta talde handi bat izatea lortu dugu, antzeko zaletasunak ditugu, eta mugitzen gaituzten gauzak berdintsuak dira»

IÑAKI AZKONA Kortxeen Lantegia abesbatzako kidea

Izan ere, Azkonak nabarmendu du abesbatzak izaera euskaldun eta aurrerakoia duela, eta horrekin bat datozen ekitaldietan parte hartzen dute. Azaldu du urtetan euskalduntasuna, feminismoa, memoria historikoa, errepublikaren aldarrikapena edo naturaren zaintza bezalako ideiak zaindu eta defendatu dituztela. Abesti mota gustukoenei dagokienez, Cañadak eta Azkonak aipatu dituzte, besteak beste, euskal kantak, kantu hegoamerikarrak, Errenazimentukoak edo aldarrikatzaileak. Horrez gain, hizkuntzazaleak dira, eta abesbatzaren sorreratik hamar hizkuntzatan baino gehiagotan kantatu dute.

Afizioa eta adiskidetasuna

Ehun lagun inguruk parte hartu dute abesbatzan guztira, eta gaur egun 30 inguru elkartzen dira. Kortxeen Lantegia berrogei urtez mantentzeko gakoetako bat koruko kideek abesteko duten zaletasuna dela esan dute Azkonak eta Cañadak. Kantatzen «gozatzen» dutela dio Azkonak, eta gogoratu du abesbatzaren hastapenetan, nahiz eta musikari onak zeuden, prestakuntzarik gabeko baina zaletasun handiko jende asko batu zela. Garai haietan «asko» kantatzen zela esan du Azkonak. Hala ere, Cañadak azaldu du ikasteko eta hobetzeko gogoa nabaritu dela abesbatzako kideen artean: «Hasieretatik orain arte, ikusten dut jendeak interes handiagoa duela hobeto kantatzeko, musika ikasteko… Abesbatzan hori piztu zen». Kalitatea geroz eta gehiago zaindu dutela esan du Azkonak, eta zuzendari «oso onak» izan dituztela. 

(ID_17628519058865) Kortxeen Lantegia abesbatza Artaizen, 1996an
Kortxeen Lantegia abesbatza Artaizen, 1996an. KORTXEEN LANTEGIA

Zaletasuna alde batera utzita, Cañadak eta Azkonak nabarmendu dute abesbatzako kideen artean sortutako adiskidetasuna ere funtsezkoa izan dela berrogei urte betetzeko. «Kantatzeko gustu hori izan dugu, eta talde handi bat izatea lortu dugu; antzeko zaletasunak ditugu, eta mugitzen gaituzten gauzak berdintsuak dira», adierazi du Azkonak. Talde hori eratzeko bereziki Ramon Elosegik izandako garrantzia aipatu dute. 1985ean hasi zen abesbatzan, eta 2000ra arte izan zen bertan, urte hartan hil baitzen, istripu baten ondorioz. Azkonak azpimarratu du Elosegiren inguruan eratu zela taldea, eta «oso izaera irekia» eta jendea biltzeko «interes handia» zuela. Azkona, beste zenbait kide bezala, Elosegirekin zuen adiskidetasunagatik batu zen abesbatzara. «Ramon berezia zen», esan du. Cañadak adierazi du hilabete bakarra izan zela Elosegirekin, baina «pisu handiko abesbatzakidea» izan zela.

«Hasieretatik orain arte, ikusten dut jendeak interes handiagoa duela hobeto kantatzeko, musika ikasteko… Abesbatzan hori piztu zen»

JUANA CAÑADA Kortxeen Lantegia abesbatzako kidea

Azaroaren 20an Atarrabian egingo den kontzertua «oso hunkigarria» izango dela uste du Azkonak. Bertan Kortxeen Lantegian «garrantzitsuak» izan diren zuzendari guztiak egongo direla esan du, eta bakoitzak bere garaiko bizpahiru abesti zuzenduko dituela. Horrez gain, egun hartan Atarrabiako kultur etxean salmentan izango da Kortxeista baten oroitzapenak liburua, eta aurrerago Iruñeko Katakrak liburu dendan edo tallerkortxeas@gmail.com helbidearen bitartez eskuratu ahal izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.