Tomateak bertakoak dira. Esnea, bertakoa, Barazkiak, bertakoak. Familia hori bertakoa da. Kattalinaren alaba bertakoa da. Bere familiak hirurehun bat urte daramatza hemen. Txaletetan bizi direnak berriak dira, nahiz eta hogei urte daramatzaten. «Ni ez naiz bertakoa, baina hemen izango ditudan seme-alabak bertakoak izango dira, hemen jaiotakoak, eta orduan bai, orduan nire oinordetza hemengoa izango da azkenean».Â
Azken esaldi hori Nafarroako lagun bati entzun nion duela gutxi, bertakoa eta kanpokoa izatearen arteko gatazkaz ari ginen gau batean. Zenbat urte, zenbat pasarte, zenbat egin beharreko bete behar dira bertakoek bertakoa dei zaitzaten? Zenbat belaunaldi Nafarroako herri horretan edo beste horretan sustraitu ahal izateko? Zenbat denbora kostatzen zaio sustrai bati lurra zulatu eta lurzoruan, zein herritan, plazan errotzeko? Badago atalase bat, ikusiezina eta pisutsua dena, aterpearen, onespenaren eta kanpoan, babesgabe geratzearen artean. Zortzi abizen nafartar, duela mende bat gure familia ereiten aritu den baratzea edo oraintsu etxean ireki berri den mudantza kutxa zein maleta: zerk, zeinek, emango digu lur-jabetzaren eskubidea? Nork edo zerk ahalbidetuko du hemengoa bezala bataiatua izatea? Zeinek ezarriko du izendapena? Misterio bat da.
Frontera edo muga hitza azken uneko moda zital bilakatu den unean, beldurrak kanpotarra etsai edo mehatxu moduan ulertzera eraman gaituen garai anker honetan, bada garaia lur-jabetzaren, haragiaren eta sustraien kontuan sakonki hausnartzeko. Argi dago denok sustraiak ditugula eta izatez nomadak garela aldi berean. Baina sustraiak eduki baditugu, nahiz eta sustraiok askotan airean eskegita eta biluzik gelditzen diren.Â
Agian bertakoa izatea badelako aurrean dugun bihoztun pertsona ezezaguna zaintzea eta albokoaren begietara zuzenki begiratzea ere
Iruñean bertakoa naizela esan dezaket. Nire gurasoen herrian, aldiz, kanpotik eta Iruñetik datorrena naiz, ez-bertakoa, ez-lokala, ez-autoktonoa. Herriko plazara noanean, agur heziak trukatu ohi ditut bertakoekin eta berehala gorputzak biratu eta bizkarra eman ohi didate haiek bezalakoak diren beste bertakoekin mintzatzen jarraitzeko (salbuespenak egon badaude, noski). Nekatu naiz; utzi diot umearekin plazara joateari.Â
Orain, testu hau idazten ari naizen bitartean, Hendaiako kafetegi honetako zerbitzaria frantsesez zuzendu zait eta euskaraz zein gaztelaniaz erantzuten saiatu naizenean, muzin egin dit. Frantses hutsean zuzendu zait berriro bere mespretxua ezkutatu gabe. Ados, ez naiz bertakoa. Baina denoi gerta dakiguke bertakoa ez izatea. Edozein unetan, gainera.Â
Denoi gerta dakigukeen zerbait da. Beraz, gehiegi obsesionatu gabe, bidezkoa litzateke bertakotasuna birplanteatzea. Agian bertakoa izatea badelako aurrean dugun bihoztun pertsona ezezaguna zaintzea eta albokoaren begietara zuzenki begiratzea ere, beldurrik gabe, eskuzabaltasunez, sustraiak besteekin eraikitzen ditugun loturetan ere zabaltzen direlako. Horizontalki, ez bertikalki. Lur hori emankorragoa izango da, kasu egidazue, kontua ez baita jabetza, baizik eta esperientzia komuna. Ez al da hala?