Egun hauetan euskararen eta antzerkiaren arteko antzekotasunak ditut buruan bueltaka. Biek ala biek patu tragikoa dutela iruditzen zait.
Antzerkiak isunak eta zigorrak jaso ditu historian zehar. Debekatuta ere egon da bolada luzeetan hainbat tokitan. Espainiako Erresuman, adibidez, XVII. eta XVIII. mendeetan, Gaztelako Kontseiluak eta Inkisizioak antzezlanak, dantzak eta saineteak debekatu eta zentsuratu egin zituzten etengabe, eduki lizuna edo politikoki arriskutsua zutela argudiatuta. Ingalaterrako Gerra Zibilean, 1642an, parlamentu puritanoak antzoki guztiak ixteko agindua eman zuen. Krisi moral eta politikoaren sorburutzat jotzen zituzten. Horretaz gain, ezin dugu ahaztu, Grezia klasikoko antzerki distiratsu hartan, emakumeek debekatuta zeukatela oholtza gainean aritzea. Emakumeen pertsonaiak gizonek egiten zituzten, gainera. Mendebaldean antzerkia itotzen saiatu dira beti boterea, politikariak eta instituzioak. Antzerkiak oso tratu txarra jaso du mendeetan zehar, eta gaur egun ere ez du osasun oso onik.
Euskarak ere ez du bide erraza izan. XIX. mendearen hasieratik betoa ezarri zitzaien euskarazko antzezlanei hainbat herritan. 1857ko Moyano Legeak derrigorrezko erdalduntzea bultzatu zuen eskoletan, gaztelania ez ziren hizkuntza guztiak debekatu zituen. Francoren diktadura errepresio handieneko garaia izan zen. Gerra Zibilaren ondoren, euskararen erabilera gogor jazarria izan zen. Isunak jartzen zituzten euskaraz hitz egiteagatik. Ikastolak itxi zituzten eta haurrak zigortu egiten zituzten eskoletan euskara erabiltzeagatik. Arlo instituzional eta judizialean, auzitegietan, euskaraz hitz egitea iraintzearen parekotzat jo izan da, eta horrek ondorio penalak ekarri ditu XX. mendean.
Bai antzerkiak eta bai euskarak aurkako asko izan dituzte. Antzerkia arriskutsua zela idatzi zuen Platonek, pizten dituen grinek gizartea usteltzen zutelako eta irudi immorala ematen zutelako. Eta ikusi egin behar da nola dagoen idatzita Kalistoren Kodexa, eta zer-nolako loreak utzi dizkigun «zaunka» aritzen ziren euskaldunez. Laburbilduz, euskara lizuna, bortitza, paganoa eta nazkagarria zela.
Sorkuntza aukeratzen jarraitzen dugu, eta bizimodu berriak sortu eta eraldatzen dituen sua aukeratzen jarraitzen dugu
Mende askoan, aurreiritziz betetako bidea partekatu dute antzerkiak eta euskarak, eta gaur egun, horren emaitza agerikoa da sozialki eta politikoki. Horren erakusgarri orain hilabete batzuk Madrilgo antzoki batean gertatutakoa; zinegotzi batek antzezlan baten emanaldia eten eta bertan behera utzi zuen, zenbait ikusle deseroso sentitzen ari omen ziren eta. Eta hori bera da euskararen erabileraren inguruan zenbaitetan ikusten dudan jarrera Euskal Herrira etorri nintzenetik; batzuk oso deseroso sentitzen direla norbaitek euskaraz hitz egiten duenean.
Nola edo hala, antzerkiak eta euskarak zutik jarraitzen dute. Munduaren ikuspegi murritz eta murriztaile horren aurrean, eta muineraino sartu nahi diguten pentsamendu bakarraren aurrean. Sorkuntza aukeratzen jarraitzen dugu, eta bizimodu berriak sortu eta eraldatzen dituen sua aukeratzen jarraitzen dugu.