Estaciones Sonoras jaialdiko antolatzailea

Saioa Sesma: «Denok gustura egoteko moduko jaialdi bat antolatu nahi dugu»

Hamaika musika talde ariko dira gaur eta bihar Estaciones Sonoras jaialdian, Cascanten. Herritarren inplikazioa nabarmendu eta eskertu du Saioa Sesma antolatzaileak.

Saioa Sesma, Cascanteko Estaciones Sonoras jaialdiko antolatzailea. IDOIA ZABALETA / FOKU
Saioa Sesma, Cascanteko Estaciones Sonoras jaialdiko antolatzailea. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2026ko maiatzaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estaciones Sonoras jaialdiko udaberriko saioa eginen dute gaur eta bihar Cascanten. Luz Casal, Alcala Norte, Gregario de Luxe, Juventude, Carlos Ares eta bertze hainbat taldek parte hartuko dute. Herritik eta herritarrentzat prestatutako jaialdi bat dela nabarmendu du Saioa Sesma antolatzaileak (Iruñea, 1985). Lan eta lan aritu dira azken egunotan.

Zer ekarriko du udaberriko jaialdiak?

Aurten 13 urte beteko ditugu. Udaberriko aldia da jaialdiko nagusia, eta gogoa nabari da. Jendea jaialdia hasteko irrikan da. Kontzertuekin batera, bertze hainbat ekitaldi antolatu ditugu adin guztietako herritarrentzat, helburu hartzen baitugu beti mundu guztiak parte hartu ahal izatea.

Haurrek badute zer egin. Harrobia lantzeko modu bat ere bada?

Haurrentzat ipuin kontalariak antolatu ditugu. Gainera, nabarmentzekoa da kontzertu nagusiekin batera bertze batzuk antolatu ditugula, eta herriko plazan eginen ditugu, doan. Navarra Music Commissionek antolatutako lehiaketaren irabazleak ariko dira, bertzeak bertze. Guretzat ezaugarri nagusietako bat da adin guztietako jendea erakarri izan dugula; sari bat da haurrak gurasoen sorbaldetara igota ikustea, eta musikarako zaletasuna sustatzen laguntzea. Denak gustura egoteko moduko jaialdi bat antolatu nahi dugu, hurbilekoa eta atsegina. Herri batek antolatutako jaialdi bat da, eta denok osatzen dugu herria.

«Kontzertuak berandu direnez, zahar etxeko zaharrak egunez ditugun soinu probetara ekartzen ditugu»

Zaharren parte hartzea ere sustatzen duzue. Inportantea da zuentzat?

Bai. Kultura adin guztietako jendearentzat dela uste dugu, eta haientzat propio pentsatutako jarduerak ere baditugu. Bizikleta paseoak dira berezienetako bat. Triziklo moduko bat uzten digute Tuterako Recicleta proiektuko kideek. Aurten, bingo solidario bat eginen dugu, zaharrak paseatzeko bizikleta bat erosi nahi baitugu. Adinekoek musikaz gozatzeko aukera ere badute. Kontzertuak berandu direnez, zahar etxeko zaharrak egunez ditugun soinu probetara ekartzen ditugu. Luz Casal entzuteko aukera izanen dute.

Tokikoari lotutako jaialdi bat da zuena. Zein da asmoa?

Cascantetik eta Cascanterentzat egindako jaialdi bat da, baina ateak zabalik ditu kanpotik heldu diren bisitarientzat. Jaialdiak, halere, tokikoari eman nahi dio balioa, eta erakusleiho bat izan tokiko ekoizleentzat. 

13 urte bete dituzue aurten. Nolakoa izan zen hasiera?

Jaialdiaren oinarria Cascanteko irrati bat da, Radio Cierzo izenekoa. Online zabaltzen zen, eta asmoa zen herrian gertatzen zenaren berri ematea, despopulatzeari buruz hitz egitea. Musikaz ere aritzen ginen, eta behin kontzertu bat antolatzea bururatu zitzaigun. Lagun anitzen babesa jaso genuen, eta proiektua handituz joan zen, egungo Estaciones Sonoras bilakatu arte.

Urtean lau aldiz egiten duzue. Zaila da?

Zaila da, bai, bertzeak bertze azpiegitura gutxi ditugulako, eta dena hagitz garestia delako; baina jende anitz inplikatu da, eta herriko jendeak izugarri laguntzen du. Nork bere ahalaren arabera parte hartzen du. Herriarentzat inportantea da jaialdiak arrakasta izan dezala, eta musikariei eta bisitariei harrera hagitz beroa egiten diete. Hagitz gustura egoten dira gurean, etxean direla sentitzen dute, eta horrek ere berezi bilakatzen du gure jaialdia.

Zein da herri osoa inplikatzeko sekretua?

Oraindik ez dakigu, eta uste dut hori dela, hain zuzen, gure sekretua, kar-kar. Herri osoak laguntzen du, herri osoa bilakatzen da boluntario, eta gogoz eta ilusioz aritzen da. Hori da kontua. Jende askotarikoa erakartzeko gai izan gara. Herria eta musika maite ditugu, eta horrek batzen gaitu. Garbi dut lanean ari garen horiek garela jaialdiaren oinarri nagusia, eta inplikatu garen guztiak maitasun handiz aritzen garela.

«Bisitariek eskertzen dute jaialdi txiki bat izatea, dena gertu egotea eta oinez mugitu ahal izatea batetik bertzera»

13 urte bete eta gero, zer arrasto uzten du jaialdiak Cascanteko herritarren egunerokoan?

Batez ere, jaialdiak harro egoteko arrazoiak ematen dizkigu. Haurrengan duen eragina ere nabarmendu nahiko nuke, eta Cascante mapan kokatzea. Kanpoko jende anitz etorri da gurera jaialdiarengatik. Bisitariek, gainera, eskertzen dute jaialdi txiki bat izatea, dena gertu egotea eta oinez mugitu ahal izatea batetik bertzera.

Erakunde publikoek zenbat laguntzen dute?

Egia erran, auzi hori da gure ahulgune nagusia. Lan handia egin behar dugu urtean lau jaialdi antolatzeko, eta denak ari gara boluntario. Udalak laguntzen digu, diruz eta azpiegiturak eta bertzelakoak utzita ere bai. Herriko dendek ere parte hartzen dute, nork bere neurrian. Denera 79 kolaboratzaile ditu gure jaialdiak. Ez dira gutxi! Nafarroako Kutxa fundazioak eta Nafarroako Gobernuak ere laguntzen dute; gobernuari eskatu diogu ematen digun laguntza berrikusteko, hain zuzen, azken bost urteotan ez baita handitu; prezioek, berriz, gora egin dute arlo guztietan. Guk ere sarreren prezioa igo behar izan dugu, baina ez dugu nahi eusteko bidea hori izatea.

Gobernuak erantzun dizue?

Nafarroako Parlamentuan izan gara lan saio batean parte hartzen, eta talde guztiek egin zuten gure eskaeren alde. Tristea da onartzea, baina parlamentari batzuek ez zuten ezagutzen gure jaialdia. Ematen du Iruñean gertatzen ez dena ez dela existitzen. Gure jaialdia Erriberarentzat eta Nafarroa osoarentzat da inportantea, ordea. Gure arazoen berri eman genien, eta espero dugu behar dugun laguntza jasoko dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA